Europako Batzordearen estrategia sinplea eta argia da: «Merkurioa duten produktuen eskaera jaisteko prest gaude, gainerako herrialdeak konbentzitzeko». Hala azaldu zuen atzo Bruselan Stavros Dimas Ingurumenerako komisarioak. EBk munduko eskaeraren herena asetzen du egun, urtero 1.000 tona ekoitzita. Kopuru hori merkatutik desagertzen bada, alternatibak bilatu beharko ditu industriak, merkurioa asko garestituko delako.
Aurten bertan, neurtzeko tresnetan termometroak, barometroak merkurioa debekatzeko arau bat proposatzeko asmoa du Bruselak. Horrez gain, metala erabiltzen duten kloro eta lixiba ekoizleei alternatibak emateko egitasmo bat abiatuko du Europako Batzordeak. Ikatza erretzen duten argindar zentralen merkurio isuriak nola gutxitu ikertuko dute. Ikatzak berez du merkurioa, eta erretzen denean atmosferara igarotzen da. Horrez gain, hortz-betegarrien hondakinak EBko estatuek nola tratatzen dituzten aztertuko dute.Debekuak Espainian izango du eraginik handiena. Izan ere, herrialde hori da Europan metal pozoitsuaren ekoizle bakarra, eta munduko handiena. 2003. urtetik etenda dago merkurioren ekoizpena bertan, baina tona asko dituzte biltegietan.Bruselan merkurioa desagerrarazteko estrategia atzeratzen ari zela salatu zuten joan zen astean hainbat talde ekologistak. Izan ere, EBko Ingurumen ministroek 2002an eskatu zioten Europako Batzordeari 2004rakoegitasmoa prest izan zezan.Merkurioa ekoizteari utziz gero, asko gutxituko da arriskua. Izan ere, denborak gai pozoitsuaren kontra jokatzen du, nahiz eta metala ez den desagertzen naturan. Denbora igaro ahala, ibaietako, aintziretako eta itsasoko hondoan biltzen da merkurioa, eta sedimentuek estaltzen dute. Arrainek jaten ez badute, gaia ez da gizakiarengana heltzen elikadura katearen bidez.
-
MERKURIO ISURKETAK
Kloro lantegiek itsasoa kutsatzen dute
Urtero dozenaka tona merkurio «galtzen» dira kloroa ekoizten duen lantegi bakoitzean. Industriak ez daki zer gertatzen den prozesuan desagerturiko metal pozoitsuarekin. Ekologistek, ordea, argi dute gai kutsagarriak itsasoan bukatzen duela. Kloroa eta lixiba ekoizteko merkurioa erabiltzen duen teknologia «zaharkitua» 2007rako desagerrarazteko eskatu zion joan zen astean Oceana erakundeak Europako Batasunari. Errauste plantetan eta ikatza erretzen duten zentral termikoetan ez bezala, kloro lantegietan merkurioa saihestea erraza dela esan zuen erakundeak. Hegaluzea, ezpata-arraina eta marrazoa janda pilatzen dute gizakiek merkurio gehien beren gorputzetan, adituen arabera.
-
Merkurioaren arriskuak
Zer da merkurioa? Giroko tenperaturan likido egoeran agertzen den metal bakarra da. Berotzen denean gas bihurtzen da. Naturan hainbat modutan agertzen da. Beste elementuekin konbinatzen da eta konposatu inorganikoak sor ditzake. Gai organikoekin ere konbinatzen da, eta gai pozoitsu arriskutsuak osa ditzake, metilmerkurioa kasu.
Zer gertatzen da ingurumenera isurtzen denean? Merkurioa iraunkorra da ingurumenean, leku askotara zabal daiteke eta organismoetan pilatzen da. Metilmerkurioak berehala egiten du gora elikadura katean. Arrainak jaten dituzten ugaztun zein beste arrain handien gorputzetan aurkitu dituzte kutsatze handienak. Arrainenak uretakoak baino 100.000 aldiz handiagoak izaten dira.
Nola kutsatzen dira gizakiak? Eragin handiena haginetako betegarrietatik datozkie gizakiei. Edonola ere, osasunari kalte egiteko adinako kopururik ez da izaten, adituen arabera, betegarriek merkurio gutxi dutelako. Kutsatzeko beste moduak airean dagoen merkurio lurrina arnastea eta lur azpiko uretan pilaturikoa edatea dira. Edonola ere, biderik errazena kutsaturiko arraina jatea da.
Nolako kaltea egiten dio osasunari? Gorputzean sarturiko merkurio kopuruaren araberakoak dira sintomak. Merkurio lurrina arnasteak kalte egiten dio nerbio sistemari, dardara eragiten du eta izaera alda dezake. Merkurio gatz inorganikoek helduen giltzurrunei kalte egin diezaieke. Arrainak janda metilmerkurioa gorputzean sartzen bada, besoek eta hankek sentikortasuna galtzen dute, zentzumenak eta koordinazioa galtzen dira. Merkurio kantitate txikiek kalte handiak eragiten dizkiete fetuei. Anormaltasun neurologiko larriak eragiten die funtzio kognitibo eta motorretan.
Nork du arriskurik handiena? Merkurioarekin zuzenean lan egiten dutenez gain, arriskurik handiena metilmerkurioak kutsaturiko arraina jaten dutenek daukate. Arriskua zenbatekoa den kalkulatzeko, gorputzean zenbat merkurio eta zenbat denboraz pilatu den hartu behar da kontuan. Fetuek eta haur txikiek dute arriskurik handiena. Plazentatik zein amaren esnetik sar daiteke merkurioa haien gorputzetan. Umeena da arriskuetan larriena, hauen nerbio sistema garatzen ari delako eta helduek baino pisu txikiagoa dutelako. Kopuru txikiagoek kontzentrazio handiagoa eragiten diete. Kutsatzea neurtzeko, odolean, gernuan, esnean eta ilean dagoen merkurio kopurua aztertzen dute. Denborarekin, pilaturiko merkuriotik zertxobait kanporatzeko ahalmena du gorputzak.