EZBEHAR NUKLEARRA JAPONIAN

Mihamako ezbeharra jabearen erruz izan den ikertuko dute

Turbina gelara lurruna eramaten zuten hodiak ugerrak janda zeudela eta hirugarren erreaktorea lanean jarri zutenetik ez zutela ikuskapen lanik egin aitortu dute Kansaiko Konpainia Elektrikoko arduradunek

Erredakzioa
2004ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Fukuiko Poliziak (Japonia) ikerketa hasi zuen atzo, Mihamako zentral nuklearraren jabeak segurtasun neurri guztiak bete ote zituen jakiteko. Herenegungo lurrun ihesa jabearen arduragabekeriaren ondorioz gertatu ote zen argitu nahi dute. Ezbeharrean, lau behargin hil ziren, lurrun ihesak eragindako zaurien ondorioz, eta beste zazpik erredurak izan zituzten.

Japoniako zentral nuklearren segurtasunaren gaineko eztabaida piztu du herenegungo istripuak. Japoniako prentsaren arabera, Kansaiko Konpainia Elektrikoak, zentralaren jabeak, bazekien turbina gelako hodiak gaizki zeudela, baina, hala ere, ez zuen haiek konpontzeko agindu. Asahi, Mainichi, Yomiuri eta Nihon Keizai egunkari ja-poniarrek enpresa jabearen «arduragabekeria» salatu zuten atzo, goizeko edizioetan. Haien arabera, Kansaiko Konpainia Elektrikoak ugerrak janda-ko hodiak erabiltzeko baime-na eman zuen, «nahiz horren arriskuaren jakitun izan». Ugerraren ondorioz, eta urteekin, hodi horietako batzuk lodiera galtzen ari zirela zioen atzo prentsa japoniarrak, eta hodietako bakarren batek zuloren bat ere bazuela, gainazalean. Lurrunak zulo horietako batetik ihes egin bide zuen hipotesiaz ari ziren Japoniako komunikabideak.

Turbina gelako hodien lodiera behar bestekoa ez zela aitortu zuen, bestalde, Kansaiko Konpainia Elektrikoak atzo. Koji Ebisuzaki konpainiako kalitate-kontroleko buruak aitortu zuen hiru hamarkadako jardunaren ostean, ugerrak 1,5 milimetro inguru jan zizkiola turbina gelako hodiei. Horren harira, Ebizukik esan zuen enpresako teknikariek ikuskapen bat egitekoa zutela laster. Nolanahi ere, 1976tik gaur artean ez zutela ikuskapenik egin aitortu zuen. «Ez genuen uste ugerrak horren bizkor jango zituenik. Begiratzen genien, baina ez genuen artean ultrasoinuen probarik egin», esan zuen. Astelehen arratsaldean kalteak izan zituen erreaktorea 1975. urtean hasi zen lanean, eta 826.000 kilowatt ekoizten zituen. Ezbeharra gertatu ostean, Kansaiko Konpainia Elektrikoko teknikariek 50 zentimetroko diametroko zuloa atzeman zuten hirugarren erreaktoreko hodietako batean. Zulatutakoa turbina gelara lurruna eramaten zuen hodietako bat zela argitu zuten geroago.Polizia iturrien arabera, enpresak gastuak ahalik eta gehien murriztu nahi izan zituen, eta, hala, matxurak konpondu beharrean, asteburuan egitekoa zuten ikuskapenera arte itxarotea erabaki zuen. Enpresak hirugarren erreaktorea egokitzeko agindu zien 221 behargini, eta haiek, araudiak esaten duenaren kontra, erreaktorea martxan zela jardun zuten lanean. Ikuskapenak edo konponketak egiteko, erreaktoreak geldiarazteko agintzen du araudiak. Poliziak uste du, baina, erreaktorea gelditzeak ekartzen dituen gastuak saihesteko jardun zuela hala enpresak.Gertatutakoaren ostean, Kansaiko Konpainia Elektrikoak esan du bere eskuko zentral nuklear guztietan egingo dituela ikuskapen lanak. Okerren bat atzemanez gero, gainera, erreaktoreak itzaltzeko borondatea ere agertu du. Guztira, hamaika zentral nuklear ditu enpresa horrek Japonian. Herrialde osoan, berriz, 52 erreaktore daude orotara. Haietan, 25,7 milioi kilowatt argindar ekoizten da, Japonian kontsumitzen den argindarraren %35, agintarien esanetan.

Erakunde ekologistak, haserre

Japoniako zentral nuklearretan gaur artean izan diren istripuetan, eta baita herenegungoan ere, enpresek eta Gobernuko agintariek informazioa ezkutatu dutela salatu zuten atzo talde ekologistek. Greenpeace erakundearen esanetan, istripua gertatu eta ordubetera eman zuten agintariek gertatutakoaren gaineko abisua. Oharpena, gainera, ihes egindako lurrunak material erradioaktiborik ez zuela jakin ostean egin zutela dio Greenpeacek.

Horren harira, zentral nuklearrak ixteko eskatu dute ekologistek, «zenbat eta zaharrago izan orduan eta arrisku handiagoa dagoelako ezbehar nuklearrak izateko». Zentralak edonoiz leher daitezkeela ohartarazi dute.

-

MIHAMAKO ZENTRAL NUKLEARRA



 

Japoniako bigarrena tamainaz





Mihamako zentral nuklearra Tokiotik 320 kilometrora dago, mendebaldera, Fukui probintzian. Kansaiko Konpainia Elektrikoarena da, eta handitasuna kontuan hartuta, Japoniako bigarrena da. Herenegun kaltetu zen erreaktorea hirugarrena, berriz, 1975. urtean hasi zen lanean. @:Japoniako zentral nuklearretan inoiz gertatu den istripurik larriena izan zen herenegungoa. Hala ere, aurretik ere izan dira istripuak herrialde horretan. Mihamako zentral nuklearrean bertan ere izan dira ezbeharrak. Lehenengoa, 1991. urtean gertatu zen. Bigarren erreaktorearen lurrun sorgailuko hodi bat apurtu zen orduan, eta hozteko sistemako 55 tona ur erradioaktibo filtratu ziren hodietako hormetatik. Iazko azaroaren 9an, ostera, hozgarriak ihes egin zuen. Hozgarriak material erradioaktiboa zuela jakinarazi zuten geroago enpresako kontrol teknikariek eta suhiltzaileek. Mihamako zentraleko bigarren erreaktorea 500.000 kilowatt ekoizteko gai da. Astelehenean kalteak izan zituen erreaktoreak, berriz, 826.000 kilowatt ekoizten zituen, arduradunek esandakoaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.