Munduko umeen egoera urteroko txostena argitaratu zuen atzo Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak. Aurtengoari, Mehatxatutako umeak jarri dio izena, «haurtzarorik bako umeen errealitateaz ari delako». Idatziak dio munduko umeen erdiek, 1.000 milioi inguruk, oinarrizko gabeziak dituztela pobreziaren, gatazken eta hiesaren erruz bereziki. Eta okerragoa dena: Unicefen arabera, agintariek borondate politiko gutxi erakutsi dute, ume horien bizi-maila hobetzeko.
Beste behin, datu larriak azaleratu ditu Unicefek. Haren arabera, munduko umeen erdiek oinarri-oinarrizko gauzak falta dituzte. 640 milioi umek, esate baterako, ez dute «etxebizitza egokirik»; areago, asko eta asko kalean bizi dira. 400 milioi umek, bestalde, ez dute edateko urik eta 90 milioi inguruk jatekoa falta dute. Bada gehiago ere, baina: 140 milioi ume ez dira sekula eskolara joan eta 270 milioik ez dute osasun zerbitzurik jasotzen. Unicefen arabera, munduko 700 milioi umek oinarrizko gauza horietako bi baino gehiago falta dituzte, eta neskak dira okerren bizi direnak. Begiratu batean, daturik okerrenak «garatzeko bidean dauden herrialdeetakoak» dira, ohi legez. Edozelan ere, pobrezia ez da herrialde horietara mugatzen. Txostenean, mundu osoko herrialdeetako datuak bildu dituzte eta horiek aurreko urteetakoekin alderatu dituzte, datuak zeudenean. Ondorioetako batek dio hamabost herrialde industrializatutatik hamaika duela hamar urte baino pobreagoak direla gaur. Zehatz esanda, diru sarrera txikiko familietan bizi diren umeen kopuruak gora egin du.Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotakoa betetzetik urruti gaude beraz. 1989an hitzartu zuen Konbentzio hori Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak, eta giza eskubideen aldeko idatzi batek inoiz izan duen onespenik handiena jaso zuen. Haurren eskubideak zehazten ziren bertan, eta haren ondotik, umeak babesteko ekintza plan bat ere zehaztu zuten agintariek. Unicefek dio, baina, orduko asmo on guztiak haizeak eraman dituela; agintariek ez dutela agindutakoa bete. «Munduko umeen erdiak goseak daude, eskolak gerra helburu bihurtu dira eta herri osoak galdu dira, hiesaren erruz. Hitza jan dugu; ez dugu haurrei agindu geniena bete», esan zuen atzo Carol Bellamy Unicefeko zuzendariak, Londresen, txostena aurkezteko egindako ekitaldian. Arduragabekeria politikoaz hitz egin zuen Bellamyk. «Pobrezia ez da ezerezetik sortzen; gerrak ez dira beste barik hasten, eta hiesa ez da berez-berez zabaltzen. Gure erabakiz gertatu da hori guztia», esan zuen. Bellamyk esan zuen gobernuek erabaki asko hartzen dituztela, nahiz jakin erabaki horiek kalte egiten dietela umeei.
Muturreko pobrezia, gatazkak eta hiesa
Beste hiru faktore ere aipatu dituzte txostenean: muturreko pobrezia, gatazka politikoak, eta hiesa. Unicefek dio, erabaki politikoek eta pobreziak eragiten dituztela gerra gehienak, bereziki gerra zibilak. Hain zuzen ere, baliabide naturalak txarto kudeatzearen erruz hasten dira gerra horietako asko. Horren harira dio 1990 eta 2003 urteen artean egon ziren 59 gatazka armatuetatik 55 herrialde barrukoak izan zirela, eta ez beste herrialde baten kontra hasitakoak. Eta gerretan umeak izaten dira kaltetuenak, Unicefen arabera. 1990etik 2003ra bitartean, gerran hil ziren lagunetatik 3,6 milioi adingabeak ziren.
Umeak gerra helburu bihurtu direla ere ohartarazi dute, idatzian. Ipar Osetiako Beslan herriko eskolan gertatutakoa jarri dute horren adibide. Irailaren 1ean, gerrillari talde batek Ipar Osetiako Beslan hiriko ikastetxe bat hartu eta miliatik gora lagun, gehienak eskola umeak, bahitu zituen. Bahiketa sarraski bilakatu zen gero, Errusiako tropak haien kontra oldartu zirenean.Gatazkei eskainitako atalean, haur soldaduez eta sexu gehiegikeriaren biktima izaten diren umeez ere egiten dute berba. Unicefek dio emakumeek eta umeek soldaduen gehiegikeria asko jasan behar izaten dituztela, gerra denboran. Bestalde, gerrak pobretu egiten ditu herriak, eta herritarren osasunean ere eragiten du. Bost urteko gerra batean, bost urtez beherakoen heriotza tasak %13 egiten du gora, esaterako.Hiesak ere min handia egiten die umeei. Datu bat: hiesak 15 milioi umezurtz utzi ditu munduan. Horren ondorio psikikoak larriak dira. Gurasoak galdu dituzten umeek ez dute inongo babesik izaten, eta ondorioz, esplotatzaileen eskuetan erortzeko arrisku handiagoa dute. Edozelan ere, gurasoak galdu aurretik jasan behar izaten dituzte umeek hiesaren ondorioak. Izan ere, guraso hiesdunen seme-alabek etxeko ardurak hartu behar izaten dituzte sarri, eta askok eskola utzi behar izaten dute horretarako. Eskolara joateari uko egin behar izaten dioten lehenengoak neskak izaten dira. Hiesa, gainera, hedatu eta hedatu ari da. Unicefek dio hurrengo hamar urteetan kasu asko agertuko direla, GIB birusa dutenek gaitza garatuko dutelako.
Mundu osoko haurren erdiak oinarrizko gabeziak dituzte
Unicefek salatu du agintariek hitza jan dutela eta ez dutela Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotakoa bete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu