Tiger Woods Estatu Batuetako golf jokalari handiak ez du hurrengo egunerako arropa garbi ote duen kezkatu beharrik. Golfean ari dela ere, ez du galtza barrenak busti edo lokazteko arriskurik. Nike etxeak janzten du Woods, eta haren arropak tratatuta daude ez zikintzeko eta ez bustitzeko. Estatu Batuetako Nano-Tex etxeak nanoteknologiari esker sortutako material edo ehun bereziak erabiltzen ditu Nikek AEBetako golf izar handiaren arropak josteko.
Material askoren forma eta tamaina maila atomiko eta molekularrean kontrolatzea lortu izanak ekarri du hori. Hau da, materiala nanoeskalan maneiatu ahal izateak; labur esanda, nanoteknologiak. Azken urteotan horrenbestetan irakurri dugun nano aurrizki horrek nanometroaren eskala adierazi nahi du. Nanometro bat, berriz, milimetro baten milioirena da. Argiago esanda, gure buruko ile baten diametroa baino 50.000-80.000 aldiz txikiagoa da nanometroa. Eta nanomundu horretan, material askoren ezaugarri fisiko eta kimikoak jatorrizkoaren aldean erabat ezberdinak direla jabetu dira zientzialariak. Horrek ateak ireki dizkie teknologia berriei, baina, aldi berean, nolabaiteko kezka ere eragin du. «Gauza berriek beti sortu ohi duten kezka», Fernando Plazaola EHUko irakaslearen arabera.
Nanozientzia gauza berria da, baina urte gutxian bide luzea egin du. Richard Feynman 1965eko Fisikako Nobel sariduna hartu ohi da nanozientziaren aitatzat. Atomoak banan-banan maneiatuz gero oso energia gutxi beharko luketen ordenagailuak sortu ahalko liratekeela idatzi zuen Feymanek 1959. urtean. Ordenagailu txikiak eta azkar lan egiteko gai zirenak sortzea ahal izango litzatekeela iradoki zuen. Eta denborak zuzen zebilela erakutsi du, nanoteknologiak ekarri handia egin baitio informatikari eta elektronikari. Hala, informazioa biltzekoeta maneiatzeko metodo berriak sortu dira, eta baita ordenagailu kuantiko eta molekularrak ere. Hala ere, nanoteknologia beste arlo askotan ere erabili da. Ameriketako Estatu Batuetan, esate baterako, ehunka tona produktu nanopartikuladunak merkaturatzen dira urtero. 2003. urtean, adibidez, 8.000 milioi dolar fakturatu zituzten produktu horiekin, eta Business Communications Company merkatu ikerketarako elkartearen arabera, gainera, hemendik 2008. urtea bitartean %30 igoko da merkatu hori. Izan ere, aukera asko eskaintzen ditu teknologia horrek. Gaur egun, ehungintzan, nekazaritzan, medikuntzan, eraikuntzan, kosmetikogintzan, kiroletako materialgintzan, eta ura arazteko eta gatzgabetzeko sistemetan erabiltzen da batez ere. Nanoteknologiak material sendoagoak, hobeak, arinagoak eta merkeagoak egiteko balio dezakeela esan eta esan ari dira zientzialariak, eta arlo askotan erabateko iraultza eragingo duela aurki. Altzairua baino gogorragoak eta hura baino %90 arinagoak diren materialak sortzeko aukera ikusten dute. Edozelan ere, nanoeskalako teknologien ekarri handiena nanoteknologia eta bioteknologia uztartzetik etorriko da, Plazaolaren ustez.
Zientzia fikzioaren eta errealitatearen arteko muga
Urte gutxiren buruan, eguratseko baldintzetara egokituko diren arropak jantziko ditugu, eta sentsore molekularrak erabiliko dituzte onkologian, minbizia eragiten duten zelulak hauteman eta deuseztatzeko. Era berean, zunda nanoskopiko batzuk txertatu ahalko dizkigute zainetan, gure immunitate sistemari arrotzak zaizkion bakterio eta birusak hautemateko. Horien bitartez, odoleko glukosa maila une oro zainduta izango lukete diabetesa dutenek. Era berean, botoi bat sakatu eta berotik eta hotzetik babestuko gaituzten arropak ere egin ahal izango dira etorkizunean. Azken batean, gaur zientzia fikzioa dena bihar egingarria izango da, fikzioaren eta errealitatearen arteko muga erabat lausotuko baitu nanoteknologiak, zientzialarien arabera.
Zalantzak ere sortzen dira, baina. Joan zen uztailean, nanoteknologia gizakiarentzako kaltegarria izan daitekeela ohartarazi zuten Erresuma Batuko Ingeniaritzako Errege Elkarteak eta Errege Akademiak txosten batean. Nanopartikulak arriskutsuak izan daitezkeela esan zuten, arnasterakoan giza gorputzean sar daitezkeelako. Horregatik, nanopartikulak eta nanohodien erabilera arautzeko eskatu zioten zientzialariek Gobernuari, bestelako produktu kimikoekin egiten den moduan.NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak ere ohartarazi zuen nanoteknologiaren arriskuez, Toxicological Sciences Journal zientzia aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Ikatzezko nanohodiak gorputzean barreiatzea oso arriskutsua izan daitekeela zioen NASAk, batez ere biriketara iritsiz gero: «Ikatzezko nanohodiak ikatz beltza baino askoz toxikoagoak dira, eta kuartzoa baino kaltegarriagoak ere izan daitezke».ETC Erosio Teknologia eta Kontzentrazioaren Inguruko Ekintza Taldea ere iritzi berekoa da. Haren ustez, bioteknologiak edo ingeniaritza genetikoak baino zalantza handiagoa sortzen du nanoteknologiak gaur. «Inork ez daki zer gertatuko den partikula artifizial horiek gizakiekin interakzioan sartzen direnean. Partikula kimiko horiek ingurumenean zelan eragingo duten ere inork ez daki», adierazi dio berriari Silvia Ribeiro ETCko ikertzaileak. Ribeirok dio arriskuak zeintzuk diren aztertutu beharko liratekeela egitasmo bat lagundu aurretik.
NANOTEKNOLOGIA
'Nanomunduaren' handia
Nanoeskalan dauden material askoren ezaugarri fisiko eta kimikoak oso ezberdinak dira jatorrizkoaren aldean, eta horrek material sendo, merke eta arinagoak sortzea eta teknologia berriak garatzea ekarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu