TEKNOLOGIA BERRIAK

Nanoteknologia aztertuko dute Donostian, martxoa arteko jardunaldietan

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Zer da nanoteknologia? Galderari erantzuteko jardunaldiak antolatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Sanchez Mazas katedrak. Materialak maila atomikoan eraldatzeko ahalmenak zientzian eta eguneroko bizitzan ekarriko dituen aukerak aztertuko dituzte. Horretarako, adituak gonbidatu dituzte, gaiaren alor zientifikoak eta sozialak argitzeko, bihar hasita, martxoaren 3ra arte.

Marian Iriarte EHUko kimika irakasleak azaldu duenez, nano hitza oso neurri txikia adierazteko erabiltzen da: «Nanometro bat milimetro baten milioiarena da; esaterako, gure buruko ile baten diametroa baino 50.000 aldiz txikiagoa da». Nanozientzia eta nanoteknologien garapenak materialen manipulazioa maila atomikoan egitea ahalbidetzen du, eta aukera ematen du egun kimikak eta biologiak ezartzen dituzten oztopoak gainditzeko.

Nanoaukerak eta nanoarriskuak

Alzheimerren gaitzaren sintomak antzemateko, ordenagailu eta robot ezin txikiagoak lortzeko eta botikak gorputzaren gune zehatz batera garraiatzeko erabili nahi dute teknologia berria. Dagoeneko erabiltzen da, gai berriak sortzeko eta egun erabiltzen ditugunen ezaugarriak hobetzeko: inpresoren tintetan, esaterako. Nanoteknologiaren arriskuez ere asko hitz egin da. Gailu mikroskopikoek gure osasunari egin diezaioketen kaltea nabarmendu dute, zein militarren eskuko erabilera gaiztoak.

Aukera eta arriskuez mintzatuko dira Koldo Mitxelena Kulturunean Euskal Herriko eta nazioarteko adituak, besteak beste, Enrique Ortega, Angel Rubio, Laura Lechuga eta Ramon Compaño. Egitaraua, www.gipuzkoakultura.net/nanotecnologia/zer.htm Interneteko helbidean jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.