NASAren ibilgailu bikiak urtebete planeta gorrian

'Opportunity' eta 'Spirit'-en Marteko misioa bitan luzatu dute, «beren adinerako sasoi onean» direlako

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Urtebete arrakastatsua izan dute NASAren Spirit eta Opportunity ibilgailuek Marteko lurrazalaren gaineko esplorazioan. 2004. urteko aurkikuntzarik garrantzitsuenetako bat egin dute: planeta gorrian antzina ur likidoa egon zela frogatu dute. Dagoeneko bitan luzatu dute misioa, eta ibilgailuek oraindik lanean jarraituko dutela espero da. «Beren adinerako izugarri sasoi onean daude biak», esan dute NASAko arduradunek, urtebetetze ospakizunetan.

2004ko urtarrilaren 3an lurreratu zen Spirit ibilgailua Marten; Opportunity robota, berriz, hiru aste geroago (hilaren 24an)planetaren beste gune batean. Biek Marteren azala eta hango harriak aztertzeko tresneria daramate. Arazo gutxi izan dituzte beren ibilbidean, Spiritek bere bikiak baino kezkatzeko arrazoi gehiago eman baditu ere. Lurreratu eta gutxira, matxura izan zuen ordenagailuaren softwarean, eta geldirik egon zen hainbat egunetan. Arazoa konpondu eta hilabete gutxira, patata baten tamainako harri batek ibilgailuaren gurpiletako bat trabatu zuen. Hainbat egunez, beste bost gurpilen gainean jarraitu zuen robotak.

Ur arrastoak

Opportunityk sufre sulfatoaren arrastoak aurkitu zituen iazko urtarrilean, Marteko lurrazalean bildutako sedimentuetan. Mineral hori ur azalean bakarrik aurkitzen dela esan zuten orduan, eta beraz, planeta gorrian ura egon zelako aztarna garbia zela. Era berean, jarosita izeneko minerala ere aurkitu zuen Opportunityk, Meridiani Planum lautadan. Aurkikuntzak iradokitzen du lautada garai batean ur azidoz beteriko aintzira izan zela.

Geroago, mineral hidratatuen zantzuak jaso zituen Spiritek. Froga hark Marten noizbait ura egon zela egiaztatzeko balio zuela esan zuen orduan NASAk. Izan ere, karbonatoak eta mineral hidratatuak beti ez, baina, normalean, denbora luzez uretan egon diren gorputzetan sortzen dira. Abenduan, berriz, goethita minerala aurkitu zuen Spiritek. Mineral hori, Lurrean, ura dagoen lekuetan bakarrik sortzen da. NASAren robotek egindako aurkikuntza horiei, ESA Europako Espazio Agentziaren Mars Express zundak egindakoak gehitu behar zaizkie. Izotza eta izoztutako karbono dioxidoa atzeman zituen Mars Expressek planetako hegoburuan.«Oso ondo eutsi diote bikiek Marteko neguari, eta orain udaberria dator», esan du Jim Erickson egitasmoaren buruak. «Biak esploratzen jarraitzeko modu ezin hobean daude, baina ezin dugu ziurtatu jarraituko dutela», gaineratu zuen. Lurreratze gunetik 600 metroko inguruan mugitzeko diseinatu zituzten ibilgailuok. Dena den, espero baino gune lauagoetan erori ziren, eta 600 metroko tartea gaindituko dutela uste da.Joan zen astean, lurreratzean erabilitako babes termikoaren puskak aurkitu zituen Opportunityk. Misioko teknikariek puskak aztertu nahi dituzte, Marteko eguratsaren aurka izaniko marruskadurak babesa nola erre duen ikusteko. Ericksonen arabera, horrek lagunduko du etorkizunean ibilgailuak beste planetetara bidaltzen.

-

ESPLORAZIOA



Marteko «auto garbitzailearen» misterioa



Spirit eta Opportunity ibilgailuak ondo funtzionatzen ari badira ere, azkenaren jarduera asko hobetu da, fenomeno ezezagun baten ondorioz. Izan ere, zer edo zerk robotaren eguzki plakak garbitu ditu lau aldiz, sei hilabeteko epean. Plaketan pilaturiko hautsa kenduta, asko handitu da ibilgailuak erabil dezakeen argindarra. Spirit robotari ez zaio halakorik gertatu, eta, espero bezala, asko jaitsi da haren indar ekoizpena. NASAren arabera, haize zurrunbiloek garbitu dituzte Opportunityren plakak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.