Intentsitate handiko soinu uhinak erabiltzen ditu LFAS sonarrak (Maiztasun Baxuko Sonar Aktiboa). Uretan soinuak igortzen dituen tresna da, 250 inguru bost segundoan. Itsasoan dagoen nahiz dabilen edozer jo ondoren, sonarrera itzultzen dira uhinok, oihartzun gisa. Gailuak oihartzunok aztertu eta ozeanoaren eta bertako objektuen irudiak sortzen ditu. Radarraren printzipio bera da, baina itsasoak lana errazten du: soinu uhinek 4,5 aldiz azkarrago bidaiatzen dute uretan airean baino, eta apenas galtzen dute indarrik. Uhinen maiztasun gero eta txikiagoa, gero eta urrunago iristen da, ehunka edo milaka kilometrora. Gerran, etsaien urpekoak non dauden ikusteko arma paregabea da. LFAS sonarrak450 eta 700 hertzioko frekuentziak erabiltzen ditu. Maiztasun are baxuagoak erabiltzen dituzten sonarrekin saiotan jarraitzen du NATOk.
Hilgarria zetazeoentzat
Sonarrok sorturiko uhinek zetazeoei eginiko kalteak 1997. urtetik ezagutzen ditu, ofizialki, NATOk. Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak urte horretan aurkezturiko txosten baten arabera, LFAS sonarrek honakoak eragiten dituzte: heriotza eragiten du, birikietan odol isuriak eta ehunetan bestelako zauriak eraginda. Horrez gain, entzumena galarazten dute, zetazeoek elikatzeko eta ugaltzeko dituzten ohituren nahasketa. Eragina etengabea izanez gero, animalion migrazio bideak aldatu egiten dira eta haien etorkizuna arriskuan jartzen da.
Uhinen maiztasunaz gain, intentsitateak ere eginkizun handia du sonarrek eragindako kaltean. NATOk onartu du 180 dezibeliotik gorako soinu intentsitateak kaltea eragiten diela zetazeoei. LFAS sonarrek 220 eta 240 dezibelio inguruko uhinak igortzen dituzte. Gizaki bat hil daiteke 140 dezibelioko uhinekin ehunka kilometrora. 2000. urteko ekainean maiztasun ertaineko (2,8-3,5 KHz) sonarra erabili zuten AEBetako Itsas Armadako sei ontzik, Bahamak uharteetan. Lau espezietako bederatzi balea hil zituzteen saioetan. Nekropsien bidez ikusi zenez, animalia guztiek odolisuriak zituzten barne belarrian. Batzuek, gainera, odolisuriak zituzten begietan.NATOk 11 saio egin zituen sonar horiekin Mediterraneo itsasoan 1981 eta 1996. urteetan. Azken urteotan (1999 eta 2002an) bost saio egin zituen Liguriako Itsasoan (Italia), baleen santutegitzat aldarrikaturiko gunean. AEBetako, Erresuma Batuko eta, oro har, NATOko ontziek eginiko maniobrek zetazeo espezie ugariri eragin diete: euskal balea, xibarta, zere arrunta,zere txikia, zeroi arrunta, zeroi pigmeoa, Atlantikoko izurde pikarta eta marzopari, besteak beste. Cuvier zifioen kasua da adierazgarriena. Aspalditik, animaliok arma gisa erabiltzeko probak egiten dabil NATO eta zifioak trebatu dituzte sonar sistema berriak garatzeko lanetan. Joan zen udan Kanarietan hilik agerturiko animalia gehienak espezie horretakoak ziren. Kanariak dira mundu osoan maniobra militarrek zetazeo gehien hildako lekua, bertako itsaspe malkartsua egokia delako militarrek saioak egiteko.Ekologistek NATOri sonar pasiboak (uhinik igortzen ez dutenak) erabiltzeko eskatu diote. Edonola ere, erakunde militarrak eutsi egin die planetako itsasoen %80 bere sonarrekin zelatatzeko planei.
-
Maniobrak eta hondartzeak
1996: Maiatzean 12 cuvier zifio agertu ziren Kyparissiakos golkoko kostaldean (Grezia), NATOk maniobrak egin ondoren. LFAS sonar batek 25 kilometrora hil zuen zetazeoetako bat.
2000: Ekainean 16 balea hondartu ziren (bederatzi hilik) Bahametan, AEBetako Armadak sonarrak erabili ondoren.
2002: Ia 50 balea hondartu ziren Massachusettseko kostaldean (AEB), ekainean. Irailean hiru espezietako 27 balea hondartu ziren (14 hilik), Fuerteventura uharteko hondartzetan, NATOren maniobren ondoren. Kaliforniako Golkoko San Jose uhartearen inguruan hainbat cuvier zifio eta izurde bat hilik agertu ziren, AEBetako Maurice Erwingontziak sonarrak probatu ondoren.
2003: Hainbat cuvier zifio agertu ziren hilik Azoreetan eta Kanariar uharteetako kostaldean; batez ere, Fuerteventuran eta Hierron.
2004: NATOk udan maniobrak egin ondoren, zifioak agertu ziren hilik Kanarietan irailean.
-
OZEANOETAKO KUTSADURA
Itsasontzi zaharrak «zabor toxikotzat» jo dituzte
Ozeanoetako kutsaduraren aurka dabiltzan taldeek garaipen oihua aireratu dute asteburuan Basileako Itunaren sinatzaileek itsasontzi zaharren esportazioa kontrolatzea erabaki zutenean. Gai toxikoen salerosketa debekatu zuen Basileako hitzarmenak 1995ean, herrialde aberatsek beren zaborra txiroenei bidaltzerik izan ez dezaten. Itsasontziak, orain arte, itunetik at egon dira, nahiz eta ontzi zaharrak minbizia eragiten duten amianto, PCB, margo toxikoak eta erregai hondakinez beterik egon. India, Turkia, Bangladesh eta Txinara, esaterako, bidali izan dira ontziok metalak berreskuratzeko. Prozesuan, gai toxikoak itsasora jaurti edo bertan hondorat ohi zituzten. Basileako Ituna 163 estatuk dute sinaturik.