Garaipen gisa hartu dute erabakia klonazio terapeutikoaren aldekoek. Izan ere, argi berdea izango dute klonazio mota hori baimendu duten herrialdeek. Alzheimerren eta Parkinsonen gaitzak, bizkarrezurretako kalteak, diabetesa zein minbizia aurreikusteko eta sendatzeko bidea eman dezake klonazio terapeutikoak, aldekoen arabera.
Bi ebazpen
Giza klonazio oro etikaren zein moralaren aurkakotzat jotzeko ebazpen bat aurkeztu zuen AEBak zuzenduriko taldeak. Costa Ricak idatzi zuen, eta 62 herrialdek sostengatzen zuten. Mahai gainean jarritako bigarren ebazpena Belgikak idatzi zuen. Zelula klonatuetatik ateratako zelula amak ikerketarako erabiltzeko aukera ematen zuen, hau da, klonazio terapeutikoa baimentzen zuen. Edonola ere, ugalketa bidezko klonazioa debekatzeko ituna egitearen alde egiten zuen Belgikaren ebazpenak. NBEko 191 estatu bat datoz klonazio mota hori debekatzeko orduan. Belgikaren ebazpenak Alemaniaren, Erresuma Batuaren, Frantziaren, Japoniaren eta Hego Korearen sostengua zuen, besteak beste.
Bozketarik ez zen izan azkenean, aldeek beren tesia gauzatzeko behar adinako sostengurik ez zutela ikusi ondoren. Edonola ere, NBEk gaiaren inguruan aldarrikapen bat egitea hitzartu zuten ordezkariek. NBEren aldarrikapenek ebazpenak baino askoz lege indar gutxiago dute. Ez diete betebeharrik ezartzen estatuei. Horren ondorioz, gobernuek askatasuna izango dute klonazio terapeutikoaren inguruko legedia erabakitzeko. Erresuma Batuak, esaterako, abuztuan baimendu zuen: Giza Ernalkuntza eta Enbriologiarako Agintaritzak baimena eman zion Newcastleko Unibertsitateko zientzialari talde bati, klonatutako enbrioietatik lortutako zelula amak diabetesa sendatzeko balio duten ikertzeko.Londresek, erabaki horrekin, Europan lehen aldiz, giza enbrioiak klonatzeko baimena eman zuen. Ikertzaileen arabera, endekapenezko gaixotasun askorentzako sendabidea aurkitzen lagunduko du bide horrek. Klonatutako enbrioietako zelula amak erabiliko dituzte horretarako. Enbrioietako zelula ama berri horiek zelula pankreatiko bihurtuko dituzte, gaixoari txertatu aurretik. Zelula pankreatikoek intsulina ekoizten dute. Azken batean, zientzialarien asmoa da gaixoak berak sortzea intsulina.
Hiru urteko ika-mika
Ugalketa bidezko klonazioa debekatzeko ituna egitea proposatu zuten 2001ean Alemaniak eta Frantziak NBEn. Berehala, banaketa handia gertatu zen nazioarteko erakundean. AEBek eta beste herrialde kontserbadoreek debeku osoa ezarri nahi zuten. Bozketa bertan behera utzi dute hainbatetan. Azkenean, aurtengo azaroaren 19ko muga ezarri zuten zirt edo zart egiteko. Azkenean, debekuaren alde AEBen aliatu izandako Italiak proposatu zuen aldarrikapena egitea, itunaren ordez. Edonola ere, klonazioaren aurkariek ez dute lehia galdutzat eman, eta debekua «izoztuta» dagoela esan dute.
-
Bereizi beharrekoak
Ugalketa bidezko klonazioa: Organismo berria sortzen da heldu baten zelula soil batetik. Haurraren geneak eta DNA mitokondriala (zelularen nukleotik kanpoko organo txikiena) «aita» delakoaren berdinak dira.
Klonazio terapeutikoa: Diabetesa sendatzeko, intsulina sortzen duten zelulak sor daitezke klonaturiko zeluletatik, baita dopamina sortzen dutenak ere Parkinsonen gaitzerako.
Ingeniaritza genetikoa: Haurrei pasatuko zaizkien geneak aldatzen dira ondoretasunezko gaitzak saihesteko. Aurkariak, ordea, ezaugarri fisikoak(sexua edo begien kolorea, esaterako) manipulatuko diren beldur dira.