Norvegiako 20 otsotik bost hilko ditu Gobernuak

Otsoak gutxitzeko ehizaldia «abeltzainen hobe beharrez» hasi duela dio Oslok; Naturarentzako Mundu Funtsak espeziearen geroa arriskuan jartzea leporatu dio

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Eskandinavia hegoaldean bizi diren otso grisek (Canus Lupus) ez dute etorkizun ona. Izan ere, Norvegiako Gobernuak espezie horretako beste bost animalia akabatzea erabaki du aste honetan. Bestera esanda, Norvegiako otso populazioaren laurden bat hilko dute. Erabaki hori abeltzaintzaren mesedetan hartu duela esan du Gobernuak. Animalia espezieen babeserako erakundeek, baina, erabakia bertan behera uzteko eskatu diote. Osterantzean Norvegian otso grisa betiko galduko dela ohartarazi dute ekologistek.

Otsoa babestutako animalia da Norvegian 1973. urteaz geroztik. Eskandinavian galtzeko arriskuan dauden espezieen zerrendako animalietako bat da. Orain, baina, herrialdean espezie honen geroa ziurtatua dagoela dio Osloko gobernuak. Otsoen erasoak dira horren «adierazle garbia», Gobernuaren Ingurumen Aholkularitza Taldearen arabera. Haren esanetan, azienden eta batez ere artaldeen kontrako erasoak nabarmen ugaritu dira azken urteotan, eta hori «otsoak ugaritu diren seinale da». Horregatik, bost otso markatu dituzte eta haiek hil ahal izateko baimenak ere banatu dituzte. Ehunka baserritarrek egin dute baimen eskaera hori. WWF Naturarentzako Mundu Funtsaren arabera, baina, hilaren 15ean markatu gabeko otso bat tirokatu eta hil zuten ehiztariek. Emea zen. «Okerreko animalia hil zuten, eta, hala, bikote bat desegin dute. Ez da kumerik izango», salatu zuten herenegun ekologistek, prentsa ohar batean. Geroztik, beste otso bat ere akabatu dute. Hori ere markatugabea. Hori, baina, beste otso gazte batekin ibili ohi zen beti, eta ekologistek uste dute izututa egongo dela bestea. Horregatik, ez dute uste dute luzaro iraungo duela bizirik.«Norvegiako Ingurumen ministroak garbi izan behar du otsoen kopurua murrizteko ehizaldia baimenduta babestutako animalia espezie baten geroa arriskuan jartzen ari dela. Haren erruz, otso grisa gal daiteke Norvegian», ohartarazi du Rasmus Hanssonek, Naturarentzako Mundu Funtsak Norvegian duen bulegoko zuzendariak. «Nazioarteak fauna babesteko hartutako erabaki guztien kontra ari da Norvegiako Gobernua. Nik dakidala beste inon ez dago indarrean halako politika erasotzailerik», gehitu du.Hanssonek ez du uste arazoa otsoak hilda konponduko denik. Bere ustez, otsoen populazioa kontrolatzeko barik, «abeltzainen arazoengatik benetan kezkatuta dagoen itxura egiteko» eman du Norvegiako Gobernuak otsoak hiltzeko baimena. Neurri hori «gehiegizkoa» dela ere esan du. Hanssonek esan du, adibidez, Norvegiako otsoen populazioa oso txikia dela Espainiakoaren aldean, eta abere aziendak, berriz, txikiagoak direla. «Espainian, baina, elkarrekin bizi dira otsoak eta artaldeak», zehaztu du.Ekologistez gain, inguruko herrietako Ingurumen ministroak ere haserretu ditu Norvegiako Gobernuak. Lena Sommested Suediako Ingurumen ministroak, esate baterako, gogor salatu zuen atzo otsoak gutxitzeko ehizaldia baimendu izana. Norvegiako Gobernuak fauna zaintzeko ardura duela esan zuen Sommestedek, eta galtzeko arriskuan diren espezieekin «kontu handiagoz» jokatu beharra dagoela. «Arrisku handia dago Suedian eta Norvegian espezie hau galtzeko, populazioa oso delako txikia. Gutxienez, 800 otso egon beharko lirateke espeziearen geroa ziurtatua dagoela esateko», esan zuen Suediako Ingurumen ministroak.

Duela lau urtetik honako politika

Otsoak gutxitzeko ehizaldiak ez dira berriak Norvegian. 2001. urteko otsailean, Ostardalen inguruan bizi ziren zortzi otso hiltzeko baimena eman zuen Gobernuak, «otsoen populazioa kontrolatzeko». Haietako batzuk tiroz hil zituzten, eta gainerakoak pozoia erabilita. Pozoiarekin agindu baino otso gehiago hil zituztela salatu zuten orduan erakunde ekologistek.

Estatistiken arabera, 50 otso inguru bizi ziren orduan Norvegia eta Suedia hegoaldean. Horietatik erdiak Norvegiako lurretan. Gaur egun, berriz,gehienez ere, 120 otso bizi dira Eskandinavia osoan, Naturarentzako Mundu Funtsaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.