HONDAKIN TOXIKOAK.

Ontzi fantasma

Frantziako 'Clemenceau' hegazkinontzi amiantoz betea Indiara desegitera eramateko baimena ematen duen ala ez erabakiko du gaur Parisko auzitegi batek

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko abenduaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Handitasun ametsak zabor bihurtzen direnean alfonbraren azpian sartu nahi izaten dituzte hondakin itsusiok. Clemenceau ontziaren historia da grandeur ustel horren parabola biribila. Frantziako Armadaren harrotasunaren zeinua izan zen hegazkinontzia 1950ko hamarkadatik. Orain, ordea, lotsa ikur bilakatu da. Inork ez du bere gain hartu nahi dozenaka tona amiantoz eta beste pozoiez beteriko ontzia desmuntatzeko lana. Horregatik, Indiara bidaltzea erabaki dute, txiroek berzikla dezaten, euren biziak arriskuan jarrita.

Espainiako Gijonesa de Desguaces konpainiari saldu zioten ontzia 2003. urtean, hainbat milioi euroren truke. Txatar biltzaileen ametsa ziren ontziko 22.000 tona altzairu. Haatik, hori guztiak ez dira urre. Ontziaren kroskoan txertaturik, 210 tona amianto zituen Frantziako Itsas Armadaren harribitxiak, bero iturri guztien inguruan eta armen zein erregai biltegi denak babesten. Amiantoa edo asbestoa mineral bat da, eta suari eta tenperatura altuei oso ongi eusten die. Eraikuntzan eta industrian asko erabili dute, besteak beste, merke-merkea zelako. Ia hamar urte dira Europan amiantoa erabiltzea galarazi zutela. Gaixo kopurua, ordea, gora doa etengabe. Hauts pozoitsua arnastu eta 30-35 bat urtera garatzen da gaitza: asbestosia, pleurako minbizia edota mesiotelioma, nagusiki. Frantzian, esaterako, 2030. urtera bitartean 100.000 langile inguru hilko direla uste dute adituek. Euskal Herrian Sidenor, Guardian eta Babcock enpresak epaitu dituzte azken bi urteotan asbestosiak hildako langileen senideek salatuta.

Clemenceauko amiantoa amesgaizto bilakatu da. Izan ere, Europako legediek amiantoa erretiratzeko orduan ezartzen duten prozedurak aintzat hartzen badira, Clemenceauko altzairu guztiak ez du emango ontzia desegiteko lana ordaintzeko adina.

Zaborra izan ala ez izan?

Frantziako Defentsa Ministerioak eta ontzia desegiteko lana bere gain hartu duen Alemaniako Eckhard Marine enpresak konponbide erraza aurkitu diote arazoari: ontzia Indiara bidaltzea, han desegin dezaten, langileak eta ingurumena babesteko legedia askoz laxoagoa delako han. Toulongo (Frantzia) base militarrean dago egun Clemenceau, eta Frantziako Defentsa Ministerioak joan zen astean iragarri zuenez, «datozen egunotan» abiatuko da Alang herriko (Gujarat, India) ontzi zabortegira. Amiantoa kentzeko lanak Frantzian bertan egiteko exijitzen dute erakunde ekologistek eta amiantoaren aurkako taldeek, eta Asiako ontzi zabortegietako lan baldintzak salatu dituzte. Hamar hilabeteko gatazka juridikoan ibili dira taldeok. Azken helegitea astelehenean aurkeztu zuten. «Ontzia esportatzeko erabakia bertan behera uzteko eskatu dugu», aldarrikatu zuten Greenpeace eta Ban Asbestos (Amiantoa Debekatu) erakundeek. Ontzia Indiara eramateko erabakiak «Frantziako eta Europako ingurumen legeak hausten ditu, eta Basileako Itunaren aurkakoa da», gaineratu zuten.

Estatu aberatsei euren zabor toxikoak herrialde txiroetara esportatzea debekatzen die Basileako Itunak. Haatik, IMO Nazioarteko Itsas Erakundeak ontzi zaharren salerosketa defendatu du, eta halako kasuei Basileako Ituna ez ezartzeko eskatu. Argudiatzen duenez, ontzia esporta dezakete Indiara, zaborra ez delako. Ur gainean dabilen bitartean, Clemenceau «ontzi» bat dela dio erakundeak, eta Indiara heldu arte ez dela «zabor» izango.

Gabonetako oparia

Greenpeacek ironiaz salatu du Clemenceau-ren patua. «Gabonak oparien garaia dira, eta nork ez du amestu bere hegazkinontzia izatearekin? Orain posible da». Talde ekologistako kide bat ontziko masta nagusira igo zen joan zen asteko asteartean, protesta gisa.

Ekologistek salatzen dutenez, Indiako zabortegietan eskuz desmuntatzen dituzte ontziak. Askotan leherketak gertatzen dira, eta langileak hiltzen dira, gasez beteriko hodiak rotaflexekin ebakitzen dituztenean.Frantziako Defentsa Ministerioko eledunak, Jean-Fançois Bureauk, asteazkenean esan zuenez «erraz kentzeko moduko 115 tona amianto» atera dituzte ontzitik. «Beste horrenbeste geratzen da», erantzun zion Anne Thebaud-Monyk, Ban Asbestos taldeko kideak. Clemenceau «amiantontzia» Indiara joango den edo ez esango du gaur eguerdian Parisko auzitegi administratiboak. Ontzi fantasmaren azken bidaia izango da.

'Clemenceau'-ren hilzori luzea





1997: Ontziko armak indargabetu zituzten Toulonen (Frantzia).

2001: Hegazkinontzia Mediterraneoan hondoratzeko asmoa iragarri zuten, «arrezife artifizial bat sortzeko». Ingurumen agintariek, berriz, hori egitea galarazi zuten, ontzia gai toxikoz beteta zegoela argudiatuta.

2003: Apirilean saldu zuten ontzia, 22.000 tona altzairu berreskuratzeko. Toulondik atera zen ontzia, urriaren 13an, Gijongo kairantz (Espainia). Hango enpresa batek hartu zuen bere gain ontzia desmuntatzeko eta amiantoa garbitzeko lana. Lau egunen buruan Siziliako (Italia) uretan hauteman zuten ontzia. Enpresa espainiarrak kontratua bortxatu zuen, eta Turkiara bidali zuen ontzia, han desegin zezaten. Italiako agintariek bezala, Greziakoek Clemenceau euren uretan sartzea debekatu zuten. Abenduaren 5ean Toulonera itzuli zuten ontzia.

2004: Frantziak kontratua sinatu zuen Alemaniako enpresa batekin. Amiantoaren %90 Toulonen kenduko zutela eta desmuntatze lanak gero Indian egingo zirela esan zuten.

2005: Amianto zati bat kendu zutela argudiatu zuen Parisek, eta gainerakoa Indian kenduko zutela. Talde ekologistek ontzia Toulondik atera ez dadin azken ahalegina egin zuten epaitegietan, hil honen 26an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.