Sei hilabeteko bidaia egin duespaziontziak. Apirilaren bukaeran, Tempel 1 kometari argazki bat ateratzeko behar bezain hurbil zegoen. Bihar goizaldean, zundak metro kubiko bateko eta 372 kiloko kobrezko «bala» bat jaurtiko du kometaren aurka, orduko ia 37.000 kilometroko abiadan jo dezan.Sei kilometro ditu kometaren nukleoak eta gehienbat ur izoztuaz dago osatuta. Kolpeak 25 metro sakoneko eta 100 metroko diametroko krater bat sortuko du, eta izotza, hautsa zein gasa espazioratuko ditu. Horrez gain, unibertsoa sortu zenetik aldaketarik izan ez duten gaiak aterako dira Tempel 1en nukleotik. «Gai horiek ez dute argirik ikusi 4,6 mila milioi urtean», esan du misioaren zientzialari Jessica Sunshinek: «Geologo onek bezala, mailu batekin jo nahi dugu kometa, barruan zer dagoen ikusteko».
Izarren hautsa aztergai
Jaurtigaiak kometa zulatzen duen bitartean, prozesuaren irudiak eta bestelako datuak jasoko ditu zundak 500 bat kilometrotik. Horrez gain, Europako Espazio Agentziako Rosseta zundak, Hubble teleskopioak eta Lurreko astronomoek behatuko dute gertaera urrutiagotik.
Eguzkitik urrun diren eskualdeetatik datoz kometak, eta izozturiko gas eta hondakinez osaturik daude. Eguzki sistemako beste objektuek ez bezala, ez dute beroketarik pairatu. Horregatik, eguzki sistema osatu zuten gaien jatorrizko osaketa dute, aldatu gabe. Horregatik, planetak sortu zireneko nahasketa kimikoari buruzko datuak lor daitezke, kometak aztertuta.Jaurtigaiaren masa kobrezkoa egitea erabaki du NASAk, zientzialariek uste dutelako kometaren nukleoan ez dagoela metal hori. Horrela, kolpeak gailua desegiten duenean, haren osagaiek ez dute nukleoaren azterketa nahastuko. Tempel 1en nukleoaren azalaren adina kalkulatu nahi dute. Zuloaren bitartez, kometa osatzen duten materialen ezaugarriak behatzerik izango dutela uste dute zientzialariek. Lurrean bizia sortzeko ezinbestekoak izan ziren osagaiak karbonoan oinarrituriko molekulak eta ura kometen bidez heldu zirela iradoki dute hainbatetan. Izan ere, kometen pisuaren %50 inguru ura izaten da, eta %10-20 karbonoa. Biziaren sortzaile izateaz gain, kometak Lurraren historian gertaturiko espezie galtze erraldoienekin lotu dituzte. Uste denez, kometa baten talkak eragin zuen duela 65 milioi urte dinosauroak eta beste espezie asko desagerraraztea, lurraren klima aldatuta.
Eltxoa eta hegazkina
Tempel 1 kometa «suntsitzeagatik» salaketa jarri zion urte hasieran NASAri Errusiako astrologo batek, bere «balio espiritualak kaltetzeagatik eta unibertsoaren indar oreka hondatzeagatik». Deep Impact-en jaurtigaiak eta kometak topo egiten dutenean, 4,5 tona TNTk adina energia askatuko du kolpeak. NASAren arabera, berriz, kolpeak ez dio eragingo kometaren orbita eta abiadurari: eltxo batek hegazkin handi baten kontra jotzeak izango lukeen eraginarekin parekatu dute.
Deep Impact baino egitasmo sotilagoak badituzte kometak ikertzen dituztenek: Stardust zunda kometa baten buztanetik igaro eta laginak jaso zituen iaz. Datorren urtean da itzultzekoa lurrera laginokin. Europako Espazio Agentziak (ESA) Rosetta zunda du espazioan. Ontzia Txuriumov-Gerasimenko kometaren orbitan jarriko da 2014. urtean. Zunda bat jaurtiko du, kometa lurrera dadin. Bi gailuen artean 11 esperimentu egingo dituzte kometa aztertzeko.
-
LURRETIK IKUSITA
Puntu distiratsu bat, astronomia zaleentzat
Inoiz ez da Deep Inpact egitasmoa bezalakorik egin, eta estatubatuarrek AEBetan ondo ikusteko prestatu dute saioa. Euskal Herrian, zoritxarrez, eguerdiz izango da kolpea gertatzen denean. Edonola ere, argitasunak hainbat egun iraungo ditu, eta hainbat astronomia taldek mendirako irteerak prestatu dituzte saioa ikusteko. NASAkoek ohartarazi dutenez, teleskopio arruntekin puntu argi txiki bat baino ez da ikusiko espazioan. Edonola ere, kometaren argitasuna hiru magnitude handituta ikusiko da.