Aurten, bestalde, 13 dira kazetari hil dituzte. Horietatik 10 Iraken. Iaz, aldiz, 23 kazetari hil zituzten horietatik sei AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armadak. Horretaz gain, beste 431 kazetari atxilotu dituzte orain arte, eta beste 134 kartzelan daude. Komunikabideei dagokienez, berriz, 178k zentsuraren ondorioak jasan dituztela salatu du RSFk.Baina, ohiko komunikabideetan lan egiten duten kazetarien kontra ez ezik, sare elektronikoaren bidez lan egiten dutenen aurka ere egin du zentsurak. 73 ziberdisidente Internet erabiliaz agintarien aurkako kritikak zabaltzen dituztenak kartzelan daude; horietatik 61 Txinakoak.Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak hildako eta atxilotutako kazetariak gogoratu zituen. «Kazetarien aurkako erasoak gizarte osoaren kezka dira. Adierazpen askatasunaren eta giza eskubideen alde egitea da beraien lana», nabarmendu zuen. Bere esanetan, Prentsa Askatasunaren nazioarteko eguna «komunikabideen independentzia» bermatzeko eguna da. Era berean, ordea, prentsaren arreta merezi duten zenbait gertakari aipatu zituen Annanek. Gertakari guztien gainetik Uganda iparraldean gerrak izan dituen ondorioak nabarmendu zituen.Tony Jenkins NBEko Berriemaileen Elkarteko buruaren arabera, bestalde, kazetaritzak «oztopo ugari» ditu gaur egun. Komunikabideek irabaziei «behar baino garrantzia handiagoa» eskaintzen diotela salatu zuen Jenkinsek.Gaur egun, munduko biztanlegoaren heren bat prentsa askatasunik gabeko herrialdeetan bizi dela ere nabarmendu du RSF erakundeak.
«Arrisku gehien» Ekialde Hurbilean
Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, Ekialde Hurbila da ingurune «arriskutsuena». «Asian ere komunikabideen egoera ez da erraza». Iaz, 200 kazetari inguru atxilotu zituzten eta horietako asko torturatu egin zituztela salatu du erakundeak. Txinan, esaterako, zentsura indarrean dagoela esan zuen atzo Jiao Guobiao Pekineko Unibertsitateko Kazetaritza irakasleak.
Egun, egunkarien edukia kontrolatzeaz arduratzen diren 39 talde daude herrialde horretan eta ikusentzunezko komunikabideak ere «zentsuraren eragina» nabaritzen hasiak dira.Atzo, bestalde, Afrika Australeko Komunikabideen Institutoak (MISA), Zimbaweko Kazetari Independenteen Elkarteak eta Zimbaweko Kazetarien Elkarteak herrialde horretako kazetarien aurkako erasoak salatu zituzten. MISAren arabera, kazetariek bizia arriskuan jartzen dute, «informazio independentea argitaratzen duten bakoitzean».Mugarik Gabeko Kazetariek Prentsa Askatasunaren Harrapariak izeneko zerrenda bat argitaratu zuen atzo. Bertan komunikabide eta kazetarien lana oztopatzen duten erakundeen eta banakoen izenak agertzen dira. Horien artean daude Teodoro Obiang Ekuatore Gineako presidentea eta Carlos Castaño Kolonbiako paramilitarren burua.
-
ALDEKOAK ETA KONTRAKOAK
Raul Riverori eman dio Unescok Prentsa Askatasunaren saria
Raul Rivero kazetari kubatarrari eman zioten atzo Prentsa Askatasunaren saria. Riverok, baina, ezin izan zuen saria jaso, preso baitago Kuban. «Estatuaren independentziaren aurka» aritzea leporatu diote. Hainbat lekukoren arabera, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuarentzat egin zuen lan. Riverok, baina, ukatu egin zuen inoren zerbitzura lan egiten zuenik.
Koichiro Matsuura Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko(Unesco) zuzendariak azaldu zuenez, «kazetaritza independentearen alde» egindako lanarengatik saritu zuten Rivero. Era berean, Viviane Launay Unescok New Yorken duen delegazioko arduradunak ere kazetari kubatarraren lana goraipatu zuen.Sariak, ordea, eztabaida handia sortu du. Juan Carlos Camaño Latinoamerikako Kazetarien Federazioko zuzendariaren esanetan, «potentzia atzerritar baten aginduetara» egiten du lan Riverok. Hego Amerikako beste hainbat kazetari ere sariaren aurka agertu dira.