KLIMA ALDAKETA

Siberiako permafrosta urtzen ari dela egiaztatu dute ikertzaileek

Izotzean pilaturiko gasak atmosferara heltzen badira, Lurra aurreikusitakoa baino askoz gehiago berotuko da

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
«Luizi ekologikoa da hau, itzulezina ziurrenera, eta klimaren berotzearekin lotuta, zalantzarik gabe». Hala esan dute Siberiako mendebaldeko permafrosta ikertu duten Errusia eta Erresuma Batuko ikerlariek. Permafrosta, negu zein uda, beti izozturik dagoen zorua da. Zientzialarien arabera, Alemaniak eta Frantziak adina azalera duen permafrost eskualde bat putzuz beteriko paisaia bihurtzen ari da Siberian. Izotz horretan pilaturik, 70.000 milioi tona metano daude. Atmosferara heltzen badira, motz geratuko dira Lurraren berotzearen inguruko kalkulurik ezkorrenak.

Siberiako gunerik hotzenetan egon ondoren egin dute iragarpena Sergei Kirpotinek, Tomskeko Unibertsitateko botanikariak, eta Judith Marquandek, Oxford Unibertsitateko ikertzaileak. Paisaia erabat aldaturik aurkitu dutela esan dute. Lehen izozturiko gune lehorrak zeuden lekuan, putzuak eta aintzirak agertzen ari dira, permafrosta urtu ahala. Gertaeraren abiadak fenomenoaren larritasuna areagotzen du: «Azken hiruzpalau urteotan gertatu da guztia», esan du Kirpotinek.

Izozturik, 11.000 urtez

Zohikatz lokatzez dago osatuta Siberia mendebaldeko zorua. Lokatz hau Izotz Aroaren amaieran sortu zen eta 11.000 urte egon da hormaturik. Metanoa sortzen aritu da zohikatza, etengabe, harez geroztik, baina metano hori ez da atmosferara heldu izotzean harrapaturik geratu delako.

Munduan azkarren berotzen ari den eskualdea da mendebaldeko Siberia. Azken 40 urteotan hiru gradu igo da han batez besteko tenperatura.Airearen tenperatura igotzen denean «izotz bultzada» deituriko fenomenoa gertatzen da permafrostean. Salsa deituriko sakonuneak sortzen dira zoruan. Permafrosta urtu ahala, ura salsa hauetan biltzen da, eta aintzirak sortzen dira. Aintzira azpiko permafrosta azkenean urtzen denean, urak lurrazpian desagertzen da.

Azken hamarkadotan milaka laku desagertu dira Siberian. Hala ohartarazi zuen ekainean Ameriketako Estatu Batuetako zientzialari talde batek. Ikertzaileek satelite bidezko argazkiak parekatuta ikusi zuten eskualdeko lakuen azalera %11 murriztu dela. «Agian, %11k ez du asko ematen», esan zuen Lawrence C. Smith geologoak, «baina paisaiek naturalki aldatzeko behar izaten duten denbora kontuan hartuta, izugarri azkar gertatzen ari da».Gurpil zoroa mugitzen du permafrostaren urtzeak. Elurrakgutxiago irauten du izoztu gabeko lurraren gainean, eta elurrik gabeko zoruak bero gehiago xurgatzen du, elurrak eguzkiaren izpiak kanpora islatzen dituelako. Ondorioz, are azkarrago urtzen da permafrosta.Metanoak eman diezaioke,ordea, bultzada izugarria Lurraren berotzeari. Kalkuluen arabera, Lurraren gas natural erretserbak baino 20 aldiz gehiago da Siberiako permafrostean bilduriko metanoa. Karbono dioxidoa baino 20 aldiz indartsuagoa da metanoa berotegi efektua eragiten.Zientzialariek esan dutenez, Siberiako zohikatzezko putzuak berotu ahala lehortzen badira, metanoa oxidatuko da eta karbono dioxido bihurtuko da. Heze jarraitzen badute, ordea, metanoa zuzenean aterako da atmosferara. Hala gertatzen ari da egun Siberian.

«Denbora amaitzen ari da»

Gas guztia ez da bat-batean isuriko. Litekeena da prozesuak hainbat hamarkada behartzea. Baina prozesua 100 urtez luzatzen bada ere, 700 tona gas gehituko ditu urtero, zientzialarien arabera. Hau da, munduko padurek eta nekazaritzak sortzen dutenaren adina. Horrek gas maila bikoiztuko luke, eta Lurraren berotzea %10-25 areagotuko.

«Orain arte uste zenez, halako fenomenoak ez ziren gertatu behar Lurra apur bat beroago egon arte, baina denbora agortzen ari zaigula iradokitzen du honek», adierazi zion Tony Juniperrek, Lurraren Lagunak talde ekologistako eledunak, Londresko The Guardian egunkariari herenegun.Joan zen maiatzean, Siberian metano iturriak aurkitu dituela esan zuen Katey Walterrek, Alaskako Unibertsitateko zientzialariak. Iturri horietan, metano burbuilak ur azalera ateratzen ari ziren, eta gasak ez zion urari berriz izozten uzten, negu gorria izan arren.«Gizakien jarduera da kausa, eta gure isuriek baino are gehiago igoko ditu honek tenperaturak», esan du David Viner klimatologoak. Mendearen amaierarako 1,4 eta 5,8 arteko tenperatura igoera aurreikusten da gobernuen datuetan. Horietan, ordea, ez zuten kontuan hartu permafrostak aska zezakeen gasa. «Orduan ez ziren ezagutzen lurazpiko eragile horiek», esan du Vinerrek, «eta ez dakigu horrek berotzea zenbat areagotuko duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.