Aurreikuspenik beltzenak bete dira, eta kardinalen bi herenek De Lancre aukeratu dute Eliza katolikoa gidatzeko, Torquemada. Kontuz, beraz, sorginak (emakumeak, alegia), teologoak, zientifikoak, espiritu libreak, homosexualak, dibortziatuak, heterodoxoak! Benetan sentitzen dut, eta besarkadarik zintzoena bidaltzen diet aldez aurretik zintzotasunik zabalenean lanean ari diren hainbat eta hainbat gizon-emakume presturi. Eutsi goiari, auskalo, agian horixe da behar genuena, erabateko desprestigioa, jendea lozorrotik atera dadin.
Orain ez dakit esatea merezi duen, nago alferrik dela, baina, esan dezadan pentsatzen dudana: inolako zalantzarik gabe, galdutako sinesgarritasuna irabazi behar du Eliza katolikoak, «orea harrotzen duen legamia» izaten jarraitu nahi badu: hitzez esaten duena ekintzez betez; besteentzat predikatzen duena etxe barruan egikarituz; sinesten denaz bakarrik mintzatuz; norberak betetzen ez duena inoren lepo gainera ezarri gabe, eta abar eta abar. Azken asteetan Vatikano inguruan ikusi eta batzuk lotsaz gorritu gaituen joan-etorri guztiak zerikusi gutxi dauka kristautasunaren mezuarekin. Gaur-gaurkoz bizi garen munduan eta aroan hedabideek, sinbologiak eta ikuskizunak duten garrantziaz jakitun, mesede txikia egiten dio lau haizeetara zabaldutako idolatriak eta handi-mandikeriak Jesus Nazaretekoaren bizitzari, irakatsiei eta jarrera pertsonalari. Izan ere, gordina dirudien arren, Jesus Nazaretekoa da erreferentzia eta ez Eliza, instituzioa, aparatua, estatua. Are gutxiago, mediazioak, bitartekoak, Elizak, alegia mezua estaltzen eta desitxuratzen duenean. Jesus ez zen izan munduko agintari bat, baizik herritar xumea. Handikiek (sinagogak eta inperioak) garbitu zuten, hain justu, haren mezua (duintasuna, berdintasuna eta pobreenen emantzipazioa) eta handikiena kontrajarria zelako. Lekutan gaude!
Vatikano II.aren espiritua berreskuratu
Vatikano II.a ez zen izan kontzilio dogmatikoa (dogma bat aldarrikatzeko), pastorala baizik (kristau-mezua gizarte honi egokitzeko helburuz egina). Bi ideia-multzo nagusi atera ziren handik, Elizaren historia arakatu ondoren. Lehenengoa, barrura begira: a) kristau guztiek osaturiko «Jainkoaren herria» da Eliza (ez gobernu edo monarkia autoritario absolutista, aita santua buru delarik, gaur egun den bezalakoa), eta, beraz, bakoitzak badu bere egitekoa, elkarren menpetasunik gabe; b) Eliza baino gehiago, Elizak edo «komunitateak» dira instituzio nagusi, eta autonomia ezagutu behar zaio tokian tokiko Elizari (gotzainen sinodoari, elizbarrutiko asanbladari, tokian tokiko ezaugarriak oro gordez: hizkuntza, kultura, ohiturak, etab.). Beraz, kristau guztien berdintasuna aldarrikatu zen (gizonena eta emakumeena, kleroarena eta laikoena), bakoitzaren karisma (ahalmenak) errespetatuz.
Bigarrena, kanpora («munduari») begira: errealitate zibilak (ez erlijiosoak, alegia) bere bizitza propioa du, eta, beraz, ez du inoren tutoretzarik behar, Eliza katolikoarena ere ez: gizartea adinez nagusi da jadanik, modernitatearen hasieratik gutxienez. Eta hautu bat ere egin zen, jatorri-jatorriko hautua, bestalde: pobreekiko hautua. Izan ere, kristautasuna guztiontzako mezua da, baina, bereziki, pobreentzako, horiek baitira aldatzeko premia duten lehenak. Pobreen alde jartzeak, ordea, haiekin bizitzea eskatzen du, lehenengoz, gizarte bakoitzean «pobre» kontzeptuak zer esan nahi duen ondo aztertuz.Bi ideia nagusi horiek ondorio ikaragarri aberatsak dakarzkiete kristauei: a) kristau elkarteari berari dagokionez, barne demokrazia (agintariak aukeratzeko, erabakiak hartzeko, guztien eskubideak ezagutzeko, inor ez baztertua izateko, bakoitzaren zereginak ondo zehatzeko) eta askatasuna (antolatzeko, pentsatzeko, ikertzeko, bizitzeko, errealitateari aurre egiteko); b) gizarteari dagokionez, berriz, «munduarekiko elkarrizketa» esaten zaiona, hots, zerbitzatzeko jarrera zintzoa (kristautasunaren mezua proposamen modura adierazteko«erlijio askatasuna» aitortu zen, kristautasuna beste aukera bat baino ez den seinale, balio propioak eskaintza gisa emateko, gizakiari dagozkion arazoetan hitza eta ekintza apaltasunez erakusteko). Hots, gaurko gizon-emakumeei bizitza ulergarriago eta duinago egiteko laguntza eman behar dio Eliza katolikoak (eta ez inposizioa, anatema, zigor moralak, maitasuna eta gizarte-harremanak bizitzeko errezetak, Benedikto XVI.ak egiten segituko duen bezala).
Ideia haietara itzultzea baino ez nuke nik eskatuko, orain horrek zentzurik baldin badauka; hau da, Joan Paulo II.ak eta bere ingurukoek Ratzingerrek, batik bat banan-banan deseginhorretarako eskubiderik gabe, izan ere kontzilio batek bakarrik alda baitezake beste kontzilio batek dioena eta bidegabe lurperatutako printzipioak berreskuratzea. Gutxienez hori gabe, ez da jada sinesgarria izango Eliza katolikoa.
IRITZIA. ELIZA KATOLIKOKO BURU BERRIA
Sinesgarritasuna irabazi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu