Sei urtez lan egin ondoren, asteburuan lortu zuten Linux sistema eragilearekin lan egiteko ingurune grafikoa erabat euskaratzea. Besteak beste, alemanierari eta frantsesari aurre hartu die euskarak sofware librearen atal honetan, eta bigarren postuan jarri da. EuskalGNU taldeak euskaratu du mahaigaina.
Ingurumen grafikoa ordenagailuaren eta erabiltzailearen arteko harremanak eta komunikazioa errazteko irudi eta testu multzo bat da. Windows sistema eragileak itxi eta ireki egiten diren leihoekin eta klika daitezkeen botoi zein irudiekin funtzionatzen du. Linux sistema eragilea doan banatzen da, eta Windows baino sendoagoa dela diote adituek. Edonola ere, pantaila beltz batean idatziriko aginduen bidez funtzionatzen zuen. Horregatik, soilik informatikako adituek erabil zezaketen. Duela urte batzuk, ordea, Linuxerako ingurumen grafikoak agertu ziren, gehienak informatikazale boluntarioek eginikoak. Ingurune horiei esker, edonork erabil dezake doako sistema eragilea.KDE mahaigaina da ingurune horietako bat. Windows bezala, bulegoko mahaigain bat bezala dago antolatuta, eta klikatuta irekitzen eta ixten dira karpetak eta aplikazioak.
Sei urteko lana
«Gaur, urriaren 15ean lortu dugu sei urtez saiatu garena, hau da, KDE oso-osorik euskaraz ikustea», hala iragarri zuen EuskalGNU taldeak bere webgunean larunbatean. KDE erabat euskaraz egoteak zera esan nahi du: mahaigain horretan agertzen diren lanabes barrak, programak eta aplikazio guztiek erabiltzaileari euskaraz egitea.
KDE ingelesez sortu zuten, baina tokian tokiko hizkuntzetara nola itzultzen duten erakusteko zerrenda bat dute Interneten sofware librearen sostengatzaileek. KDE Internationalization izeneko zerrenda horretan bigarren postuan dago euskara, gaztelaniaren atzetik. Atzerago daude italiera (5. postuan), suediera (11.), alemaniera (14.), frantsesa (15.) eta katalana (18.).
INFORMATIKA
Sofware libreko KDE mahaigaina erabat euskaratu dute, elkarlanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu