Barsebaeck zentraleko azken erreaktorea itxi zuen Suediako Gobernuak joan zen asteartean, hogei urtez Danimarkarekin ika-mikatan ibili ondoren. Danimarka energia atomikorik gabeko herrialdea da, baina Barsebaeckeko zentrala Kopenhagendik 20 kilometrora eraiki zuen Suediak. 1980. urtean erreferendumean erabaki zuten suediarrek zentral atomikoak ixten hastea. Barsebaeck itxita, 9.000 tona hondakin erradioaktiborekin zer egin aztertzen hasi da Suediako industria nuklearra.
Lehen erreaktorea 1999. urtean itxi zuten, bigarrena asteartean. Edonola ere, ia hogei urte berandu itxi dute Barsebaeckeko zentrala. 1986. urtean erabaki zuten zentrala hamar urteren buruan ixtea. Epea ez zen bete, ordea. Gero 2001erako itxiko zutela erabaki zuten, baina epe hori ere ez zuten bete. Izan ere, Danimarkak ez bezala, energia atomikoaren aldeko apustua egin zuen Suediak 1970ko hamarkadan.
Hvad skal vaek? Barsebaeck (zer bota behar da? Barsebaeck) izan da ekologista suediarren gerra oihua hogei urte baino gehiagoan. Danimarkako ekologistek borroka irabazi zuten, eta euren herrialdean ez zen zentral nuklearrik eraiki. Suediarrek, ordea, galdu egin zuten, eta horrek eragina izan zuen Danimarkan ere. Izan ere, Barsebaeckeko zentrala Sundeko itsasartean eraiki zuen Suediak, Danimarkako hiriburutik 20 kilometrora.Barsebaeck itxita ere, beste hamar zentral geratzen dira lanean Suedian. Zentralok 2010. urtetik aurrera ixten hastea erabaki zuen abenduan Stockholmeko gobernuak.Suediako konpainia elektrikoek Barsebaeckeko zentrala ixteko erabakia gaitzetsi dute. «Argindarra falta da Eskandinaviako merkatuan, eta horrek areagotuko du arazoa», esan zuen asteazkenean Kalle Lindholm Swedenenergy taldeko eledunak. Herrialdea energia atomikoaren menpe dagoela nabarmendu du industriak, eta inkesten arabera, herritarren %80 zentralek lanean jarraitzea nahi dutela argudiatu dute. Zentral atomikoetatik ateratzen du Suediak argindarraren erdia.
Argindarra garestituko dela eta itzalaldiak gertatuko direla ohartarazi dute. Duela bi urte anabasa sortu zuen itzalaldi batek Suedian zein Danimarkan, eta bi milioi laguni eragin zion.
Hondakin erradioaktiboak
Barsebaecken dauden hondakin nuklearrak itsasontziz garraiatuko dituzte datozen hiru urteetan Oskarhamneko biltegira. Behin-behinean egongo dira han. Izan ere, zentral atomikoek erabilitako erregai erradioaktiboarekin zer egin ez daki oraindik Suediako industria nuklearrak.
Itsas azpiko biltegi nuklearra egiteko itxaropena dute Forsmarkeko zentral nuklearretik gertu. Lurrazpiko biltegia litzateke, itsasotik 60 metroko sakoneran. Bertako harria oso egonkorra dela argudiatzen dute industria nuklearraren geologoek, eta bertan bildu nahi dituzte hondakinak erradioaktibitatea desagertu arte, hau da, 1000.000 urtez.Ekologistek, ordea, zalantzan jarri dituzte industriaren asmoak. Hondakin erradioaktiboentzat konponbiderik ez dagoela nabarmendu dute, eta industriak arazoari 1970ko hamarkadako erantzunak «teknologia zaharra» ematen jarraitzen duela salatu dute.Teknologia berria indar iturri berriztagarriak direla esan du Gobernuak, eta Barsebaeckek sortzen zuena energia horien bidez lortzeko neurriak indarrean direla gaineratu du.
INGURUMENA. ENERGIA ATOMIKOA
Suediak lehen zentrala itxi du, eta hondakinen eztabaida hasi
Stockholmeko gobernuaren eta Danimarkaren artean ika-mika ugari eragindako Barsebaeckeko zentral nuklearra itxi ondoren, industriak ez daki oraindik 9.000 tona erregai erradioaktiboekin zer egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu