Transgenikoak ez dira panazea, FAOren arabera

Bioteknologia ikertzen dutenek «ez dituzte kontuan hartzen herrialde txiroenen beharrak»

Erredakzioa
2004ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) Nekazaritzaren eta Elikaduraren Egoera 2003-2004 izeneko txostena kaleratu zuen atzo. Bertan, besteak beste, genetikoki moldatutako produktuek «garatzeko bidean dauden herrialdeetan» izan duten eragina aztertzen du. Haren arabera, transgenikoak, «pobrezian bizi direnei laguntzeko balio duten arren, ez dira irtenbidea».

Transgenikoak ikertzen dituzten enpresek «ez dituzte kontuan hartzen garatzeko bidean dauden herrien beharrak». Ondorioz, egun gehien landatzen diren landare transgenikoak artoa, soja, koltza eta kotoia dira. Inor ez da arduratu, ordea, artatxikia edo basartoa ikertzeaz, «ez baitute interes komertzialik». Aldiz, «herrialde txiroetan» oso erabiliak dira labore horiek.Baina «herritar txiroek» badituzte transgenikoak eskuratzeko bestelako oztopoak ere: jabetza inetelektualarekin zerikusia duten auziek sortzen dituzten arazoak, hazi transgenikoen banaketa txarra eta genetikaren alorrean lan egiteko azpiegitura eskasak, besteak beste.FAOren datuen arabera, bestalde, 2030. urtean 2.000 milioi pertsona gehiago biziko dira nekazaritzatik. Era berean, baina, baliabide naturalak egun baino «murritzagoak» izango dira. Ondorioz, ingurumena errespetatu eta nekazarien gastuak gutxituko dituen labore motak «asko lagunduko du». Txiroen %70 nekazaritza lurretan bizi dira. «Horientzat dio FAOk bioteknologiak eskaintzen dituen aukerak oinarrizkoak dira, haien beharrak bete ahal izateko». Era berean, ordea, transgenikoak ohiko laboreak hobetzeko erabili behar direla dio txostenak. Ez haien lekuan.

Bioteknologiaren abantailak

Genetikoki moldatutako laboreek «badituzte abantailak ere». Besteak beste, gaitzik gabeko uztak lortzeko aukera eta ingurumenerako eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen produktuak erabili behar ez izatea. Horretaz gain, transgenikoek «gaixotasunak sendatzeko baliabide berriak» eskaintzen dituzte eta elikaduraren kalitatea hobe dezakete.

Zientzialariak bat datoz transgenikoak gizakiaren osasunerako ez direla kaltegarriak esaterakoan. Ez da, baina, gauza bera gertatzen ingurumenari eragin dezaioketen kalteaz hitz egiterakoan. Ingurumenaren aldeko erakundeen arabera, transgenikoek ohiko laboreak desagerraraziko dituzte. Horregatik, labore berri bakoitzak izan ditzakeen ondorioak aztertzeko eskatzen die FAOk agintariei.Gaur egun, genetikoki moldatutako uzten %99 sei herrialdeek landatzen dituzte: AEB Ameriketako Estatu Batuek, Argentinak, Kanadak, Brasilek, Txinak eta Hegoafrikak. Uzta horien ezaugarri nagusiak, bestalde, bi dira: intsektizidei aurre egiteko gai izatea eta herbizidak jasateko gai izatea. Horietaz gain, baina, badira elikagaien kalitatea hobetzeko maneiatutako laboreak ere, baina aurrekoak bezain zabalduak ez daude. Badira, esaterako, beta karoteno A bitaminaren aitzindaria kopuru nabarmena duten arroz eta arbi-hazi motak.Produktu transgenikoak egiten dituzten enpresa gehienak, bestalde, pribatuak dira. Bioteknologiaren alorrean lan egiten duten nazioarteko hamar enpresa handienek, esaterako, 4.157 milioi euro inguru bideratzen dituzte genetikoki moldatutako laboreak ikertzeko. Ikerketa publikoari dagokionez, berriz, India, Txina eta Brasil dira horretarako diru gehien bideratzen duten herriak. Herri horiek 516 milioi euro bideratzen dituzte urtero genetikoki moldatutako laboreak ikertzera.

-

MONSANTO ENPRESA



Kontsumitzaileak genetikoki moldatutako gariaren beldur



AEB Ameriketako Estatu Batuetako Monsanto enpresak genetikoki moldatutako garia merkaturatuko zuela iragarri zuen duela aste batzuk. Joan zen astean, ordea, atzera bota zuen hartutako erabakia, kontsumitzaileen mesfidantza zela eta. Hasieran, enpresariek garia erraz salduko zela uste zuten, baina hainbat herrialdek uko egin diote hura erosteari. Haien esanetan, garia gizakien eguneroko elikagaiak egiteko erabiltzen da maiz, eta, ondorioz, «kontsumitzaileak ez dira fidatzen».

Trangenikoen aurkako hainbat erakunderen arabera, Monsantok gari transgenikoa saltzearen ideia atzera bota izana «garaipen handia» da. Ronnie Cummins AEBetako Kontsumitzaileen Elkarteko buruaren esanetan, genetikoki manipulatutako produktuek «ez dute desagerraraziko gosea, ezta pobrezia bukatuko ere». «Garapen iraunkorra da arazo horiek amaitzeko era bakarra», dio Cumminsek.Carl Casale Mosantoko zuzendariordearen esanetan, enpresak gari transgenikoaren merkatua aztertuko du, produktua kaleratzeko garaia iristen den arte. «Atzeratu egin dugu merkaturatzeko garaia. Ez besterik», esan du Casalek.Adituen arabera, bestalde, orain arteko uzta transgenikoak ez dira gizakien kontsumorako erabiltzen. Ondorioz, gizarteak «errazago onartzen ditu horiek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.