TIM CROW. PSIKIATRA ETA OXFORDEKO SANE IKERKETA ZENTROKO ZUZENDARIA

«Txinpantzeengandik bereiztearen ordainetan dugu eskizofrenia»

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko irailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Buruko gaixotasunen jatorria ikertzen du Tim Crow irakasleak Oxfordeko (Erresuma Batua) SANE nazioarteko ikerketa zentroan. Ika-mika eragin du psikiatren zein eboluzioa ikertzen dutenen artean, ausart ematen duen teoria baten bidez: psikosia da mintzaira izateagatik ordaintzen dugun saria. Gizakiaren genoma eta tximinoarena konparatzen eta homo sapiens espeziea bereizten dituen geneak identifikatzen saiatzenari da.

Mintzaira eta psikosia gizakietan soilik gertaturiko mutazio genetiko batetik sortu zela diozu zuk. Zergatik?

Eskizofrenia, eta psikosiak oro har, homo sapiens modernoaren gaitza da. Ez dago arrastorik esateko beste espezieei ere eragiten diela. Bitxia da, badirudi gaitzak giza populazio guztiei eragiten diela; antzeko proportzioan, beharbada. Beraz, ikerturiko herri guztietan agertzen dira psikosiak jotako pertsonak. Hizkuntzarako ahalmenarekin du horrek zerikusia, baina ez hizkuntza zehatz batekin edo beste batekin. Australiako aborigenen artean ere badago mintzairaren sortzea eragin zuen mutazioa. Haiek 60.000 urte egon dira gainontzeko gizakiengandik bananduta, hau da, espeziearen historiaren erdia, eta, halere, psikosia dute berdin-berdin. Gaitzaren jatorria genetikoa bada, taldeak banandu aurretik gertatuko zen, beraz. Horrek espeziearen sorrerara hurbiltzen gaitu, duela 100.000-150.000 urtera. Eboluzio epeetan, duela gutxi da hori.

Txinpantzearen genoma deskodetuta, tximino horien eta gizakion geneen %99 berdinak direla ondorioztatu dute. Non dago, zure aburuz, mintzaira eta eskizofrenia eragiten dituen mutazioa?

Nire ustez X eta Y kromosometan dago. Desberdintasun handiak daude zuk aipaturiko %1 horretan, baina arrazoiak ditugu pentsatzeko kromosoma horietan dagoela. Zer aldatu da kromosoma horietan, txinpantzearekin alderatuta? X kromosoman dagoen gune bat Xq21.3 deiturikoa bikoiztu egin zen eta Y kromosomara igaro zen duela sei milioi urte. Gizakietan bi kromosometan dago gune hori, baina txinpantzeetan eta beste ugaztun guztietan X kromosoman dago bakarrik.

Zer dela-eta gertatu zen mutazio hori?

Zoriz gertatu zen, nire ustez. Indibiduo batean gertatuko zen, une zehatz batean. Hasieran soilik arrek zuten, baina Y kromosomako mutazio hori unibertsala bihurtu zen gero, emeek aldaketa hori zuten arrak aukeratu zituztelako. Aldaketak, azkenean, gune berezi bat sortu zuen genoman, eta soilik gizakiaren genoman agertzen da. Horretan, burmuinean islatzen den gene bat identifikatu da, protocadherinXY izenekoa. Nire ustez, gene horrek eragin zuen mintzaira.

Denok dugu gene hori, hizkuntza dugun heinean. Orduan zergatik garatzen dute psikosia gizaki batzuek soilik?

Ezin dut hori probatu, baina, nire ustez, gizakien artean dagoen aldakortasun batekin du zerikusia mekanismo horrek: burmuinaren bi aldeen arteko asimetriarekin. Gizakietan soilik agertzen den ezaugarria da, eta, ziurrenera,protocadherinXY genearekin dago zuzenean lotuta. Gaixorik dagoen jendearen burmuinean simetria txikiagoa dagoela ikusten da. Mintzairaz eta pentsamenduaz arduratzen diren guneen mugak ez daude horren bereizita. Horregatik, barneko pentsamenduak kanpoko ahotsak balira hartzen dituzte askotan gaixook, eta norbaitek ideiak buruan txertatzen dietela uste izaten dute.

Psikiatra askok diote, ordea, eskizofrenia eta bestelako psikosiak ez direla genetikan oinarritzen, baizik eta gizabanakoaren ingurumenean eta bizipenetan.

Ez dut frogarik ikusten hori esateko. Esaten zuten erditzean gertaturiko arazoak zirela erantzule, baina ikerketa egin zen hemen, Erresuma Batuan, eta ez zen halakorik ikusi. Beste teoria nagusi bat honako hau zen: haurdunaldian birus batek kutsatzen zuela umekia. Nik ere hala uste nuen nire teoria sortu aurretik, baina ikerketa egin genuen eta ez genuen horren zantzurik aurkitu. Horregatik pentsatu genuen delako birus hori ez zetorrela kanpotik baizik eta barrutik, gure genomatik.

Txinpantzeek eta orkek kultura dutela frogatu dute berriki. Baleek nolabaiteko hizkuntza badutela dirudi. Ez al da, azkenean, psikosia gizakia definituko duen ezaugarri bakarra?

Mintzairaren eboluzioa arazo handia da eboluzioaren teorian. Txinpantzeen lehengusu hurbilak gara, baina zergatik ematen dugu horren ezberdinak? Galdera interesgarria dago hor. Izan ere, txinpantze helduak eta gizakiak oso ezberdinak gara, baina txinpantze kumeen antz ikaragarria dugu. Zergatik? Lodewijk Bolk anatomistak zera esan zuen 1926. urtean: «Gizakiak tximino haurrak dira, hazi ez diren tximino kumeak». Burmuin handia daukagu, ordea, eta asimetrikoa. Asimetrian dago giltza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.