Urak dakarrena, botilak daroa

Mexikon ura eskubide unibertsal aldarrikatzea nahi dute gizarte taldeek, konpainia pribatuen esku geldi ez dadin

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2006ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Txanponez beteriko ur botilak lerrokatu dituzte gobernuz kanpoko erakundeetako ekintzaileek Mexiko hiriko Banamex konferentzia zentroaren atarian, barruan Uraren Munduko Foroa egiten duten bitartean. Uraren pribatizazioa salatu nahi dute metaforarekin. Ura, eskubide unibertsala ala merkantzia pribatua? Hona foroan hitzetik hortzera dabilen galdera ez-ofiziala. Foroaren amaiera aldarrikapenaren zirriborroaren inguruko ika-mika dago: «Minimoen itun» gisa deskribatu dute itxaropenez baikorrek, eta erabat baztertu dute ezkorrek, Boliviak kasu, ura eskubide unibertsal jotzen ez duelako.

Afrika eta Hego Amerika izan ziren igandeko saioaren protagonistak. Uraren paradoxa inon baino argiago ikusten da Afrikan. Kontinenteak ur baliabide handiak ditu, baina soilik %3,8 erabiltzen ditu, eta 300 milioi herritarrek ez dute edateko ur segururik, Afrikako Garapen Bankuak Mexikon aurkezturiko txostenaren arabera. «Sekulako aukera dago ur hornidura ziurtatzeko, argindarra sortzeko, arrantzarako, nabigaziorako eta ureztatzeko», dio txostenak, «baina, horretarako, kudeaketa molde berria behar da, orain arte erabili gabeko baliabideak kontuan hartuko dituena».

Lehortetik uholdeetara

Afrikako erdialdea eta mendebaldea dira uretan aberatsenak, baina ez dago azpiegiturarik sasoi lehor eta euritsuaren arteko aldaketa orekatzeko. Horren bidez, lehortea ez dutenean, uholdeak izaten dituzte eskualdeotan. Konponbideak 20.000 milioi dolar eskatzen ditu datozen bi hamarkadetan, txostenaren arabera.

Parte-hartzaileak, ordea, ez daude ados azpiegituren inguruan. Batzuen arabera, ezinbestekoa da Afrikan presa eta urtegi handiak eraikitzea. «Afrikak ur eta indar hidroelektrikoan inbertitu behar du epe luzera pobrezia desagerrarazteko», esan zuen Txadeko Ur ministroak, Haoua Outman Djamek. Beste batzuen arabera, ordea, presa handiak egiteak ez du ura eramango behar den lekuetara, eta hobe litzateke Afrikako herrietan dauden milaka urtegi txiki sendotzea. Lurrezkoak dira presa gehienak, eta asko XIII. mendetik erabiltzen dira.Norena da erabakia, ordea? Gobernuen ustelkeria zein kudeaketa txarra eta konpainia multinazionalen pribatizazio asmoak ikusita, uraren inguruko aferak tokian tokiko aginteen esku uzteko eskatu du Afrikako Hiri eta Udalen Batasuneko idazkari nagusiak, Jean Pierre M'bassik.

Hiri lehorrak

Afrikan ez bezala, Hego Amerikako 550 milioi biztanleetatik gehienak %75 hirietan bizi dira. Hirietan bizitzeak ez du, ordea, ur hornidura egokia bermatzen. Izan ere, 130 milioi pertsona txabola auzotan bizi dira, ur garbia jasotzeko eta ur zikina bideratzeko azpiegiturarik gabe.

Uraren Munduko Foroan aurkeztu zituen datuok Nazio Batuen Erakundearen Giza Bizilekuen Egitasmoak (Habitat). «Eskualdeak uraren inguruko NBEren Milurtekorako helburuak betetzekotan, 1.400 milioi dolar inguru inbertitu beharko ditu urtero, edateko uraren horniduran eta estolderian dauden hutsuneak betetzeko», esan zuen Habitateko Latinoamerika eta Kariberako zuzendariak, Jorge Gavidiak.Batzuen pobrezia beste batzuen aberastasuna dela ikusteko adibiderik argiena da uraren egoera Mexikon bertan. Hornidura publikoa eskasa denez, munduko merkaturik handienetako bat bihurtu da ura botiletan sartu eta saltzen duten konpainientzat.

Apartheid botilan

Ura eskubidea da, ez da merkantzia eta Pribatizazioari ez, dira Mexiko hirian antolaturiko foro alternatiboaren lelo nagusiak. Foro ofiziala «uraren harrapariena» dela iritzita, Uraren Defentsarako Nazioarteko Foroa deiturikoan bildu dira gizarte eragileak eta gobernuz kanpoko erakundeak, Mexikoko Telekomunikazioen Sindikatuaren egoitzan. Hor ez dago akreditazio txartelik, ez eta segurtasun kontrolik.

Borondate oneko asmoz landa, ezin zehatzagoa da proposatzen dutena: estatu bakoitzeko konstituzioan ura eskubide unibertsala dela idaztea. Kopurua ere zehazten dute: 50 litro pertsonako eta eguneko.«Ura pribatu bihurtzen dutenek gizateriaren aurkako krimena egiten dute», dio Hegoafrikako Uraren Krisi Batzordea (CWC) taldeko Richard Mokolok: «Pribatizazioa apartheid mota bat da». Ameriketako Estatu Batuetako CAI (Konpainien Kontrolerako Internazionala)taldeak esan duenez, 55.000 milioi dolar mugitzen dituzte urtero ura botilaratzen duten konpainiek, Coca Colak, Pepsik eta Nestlek nagusiki. «Elikagaiak konpainia bakan batzuen esku daude dagoeneko», esan zuen Mexikon taldeko ordezkari batek. «Urarekin halakorik ez gertatzea da gure helburua».

Datua





300

Edateko ur egokirik gabe dauden 1.100 milioi lagunetik 300 milioi gerraren ondorioz daude horrela, Nazioarteko Gurutze Gorriak esan duenez. Gerrak eragindako ur krisi larrienak Iraken, Boli Kostan, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Darfurren (Sudan) gertatzen ari direla dio erakundeak. Ur eta estolderia faltak bonbek eta balek baino hildako gehiago eragiten dituzte gatazkotan. Genevako Itunak gerraren biktimek ura izateko eskubide dutela jasotzen du, baina hornidura sarea militarren helburu izaten da askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.