Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) Klima aldaketak giza osasunean dituen ondorioak izeneko txostena aurkeztu zuen atzo Milanen, Italian, egiten ari diren NBE Nazio Batuen Erakundeko Klima Aldaketari Buruzko Konbentzioko Aldeen 9. Bilkuran (COP9). Dokumentuaren arabera, urtero 150.000 pertsona hiltzen dira munduan klima aldaketaren eraginez. Adituen esanetan, ordea, 2030erako hildakoen kopurua bikoiztu egingo da. «Azken urteetan, klimak gizakiaren osasunarengan dituen ondorioen froga ugari jaso ditugu mundu osoan», esan zuen Kerstin Leiter OMEko zuzendariordeak.
Adituen arabera, XX. mendean tenperaturek 0,6 gradu egin zuten gora. Ondorioz, eguraldiak gorabehera nabarmenak izan ditu. Iaz, adibidez, 20.000 pertsona inguru hil ziren Europan izandako bero boladaren eraginez. «Klima aldaketa da osasunaren arazo nagusietako bat», esan zuen Diarmid Campbell txostenaren egileetako batek.«Klimak gizakiarengan duen eragina onuragarria ere izan daiteke. Tenperatura gorabehera handiak izaten dituzten herrialdeetan, neguak epelagoak izateak urtaro hotzarekin lotutako heriotzak murrizten ditu. Era berean, leku beroetako tenperaturak gora egiten dutenean eltxoek kutsatzen dituzten gaitzak ere murriztu egiten dira», dio dokumentuak. Gehienetan, baina, «kalteak onurak baino gehiago» dira. OMEren arabera, 2000an munduko beherakoen %2,4 eta malaria kasuen %6 klima aldaketak eragindakoak izan ziren.Orokorrean, adituen esanetan, klimak hiru eratan jarri dezake arriskuan gizakiaren osasuna: eguraldiaren bat-bateko aldaketen bidez; klima aldaketak eragiten dituen ingurumen aldaketen eraginez; eta klima dela eta, «garapen bidean» geratu diren lekuetan dauden osasun baliabide murritzen ondorioz.OMEk kaleratu berri duen dokumentuaren arabera, bestalde, gizarte talde jakin batzuk besteak baino ahulagoak dira. «Klimak eragindako osasun arazoei aurre egiteko gaitasuna zenbait elementuren araberakoa da: populazioaren dentsitatea, garapen ekonomikoa, elikagaien eskuragarritasuna, irabaziak banatzeko era, ingurumena eta osasun baliabideak», dio txostenak.Adituen arabera, malaria edo dengeari eltxoek transmititutako gaixotasun biral akutua, sukar altuak eta buruko mina ezaugarri nagusitzat dituena aurre egiteko baliabiderik ez duten herrialdeak izango dira, etorkizunean klima aldaketaren ondorioak gehien jasan behar izango dituztenak.
Klima eta gaitz kutsakorrak
Malaria eta dengea eltxoen bidez zabaltzen dira eta leku hezeetan agertu ohi dira batez ere. Tenperaturen gorakadarekin, baina, hezeguneak gutxitu egiten dira, eta baita gaitz horiek zabaltzen dituzten eltxoak ere.
Era berean, ordea, klima aldaketak El Niño edo La Niña bezalako klima gertakariak sortzen ditu. Horrelakoetan, euri jasa handiak erortzen dira eta uholdeak izan ohi dira. Ondorioz, malaria eta dengea ager daitezke lehen desagertua zen herrialdeetan.«Tenperatura beroegiak edo hotzegiak heriotza ugari eragiten dituzte. 1995eko uztailean, adibidez, Chikagon, AEB Ameriketako estatu Batuetan, izandako bero boladak 514 hildako eragin zituen eta 3.300 pertsona egoera larrian eraman zituzten erietxeetara», dio dokumentuak. Horrelako kasuetan, lehendik gaixo zeudenak bihotzeko arazoak dituztenak, batez ere, adinekoak eta haurrak izan ohi dira gehien jasan behar izaten dutenak.«Izadi hondamendiek ere gora egin dute azken urteotan eta horiek sarraski handiagoak eragin dituzte herrialde txiroetan. Klima aldaketa geldiaraziko balitz ere, hondamendi kopuruak gora egingo luke», dio dokumentuak. Adituen esanetan, bestalde, hondamendi horiek epe luzerako ondorioak ere eragin ditzakete.«Uholdeek eta lehorteek uraren bitartez zabaltzen diren gaitzak ugaritzen dituzte. Ur zikina edateagatik edo kutsatutako urarekin garbitutako elikagaiak jateagatik gaixotzen da askotan jendea», nabarmentzen du dokumentuak.Gaixotasunak ez ezik, klima aldaketak goseak bizi direnen kopurua ere ugaritu egingo du. Dokumentuaren arabera, ordea, klima aldaketaren zenbait elementuren eragina ezin da zehaztu. Airearen kutsadura, mozorroak desagertarazteko erabiltzen diren produktuek elikagaietan izan dezaketen eragina, hondamendi naturalek suntsitutako osasun baliabideak eta baliabide naturalen ustiapena dira elementu horietako batzuk. OMEren esanetan, baina, beste hainbat elementuren eragina zehaztu eta aurreikus daiteke.OMEk klima aldaketak giza osasunean izan ditzakeen ondorioak zehazteaz gain, Kyotoko Protokoloaren garrantzia ere nabarmendu du txostenean. «Gaixotasunak murrizteko osasun baliabideak lortzea ez ezik, berotegi gasak murriztea ere beharrezkoa da», dio dokumentuak. Adituen arabera, gaur egungo aldaketen ondorioak hemendik hamarkada batzuetara agertuko dira. Beraz, lehendik izandako klima aldaketen ondorioak ezagutzea «oinarrizkoa» izan daiteke. OMEren esanetan, garbitasuna edo elikagaien beharra oinarrizkoak dira.
GAS KUTSAKORRAK ETA OSASUNA
Urtero 150.000 pertsona hiltzen dira klima aldaketaren ondorioz
Osasunerako Mundu Erakundeak azaldu duenez, hildakoen kopurua bikoiztu egingo da 2030. urterako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu