MEDIKUNTZA

Zelula amek Parkinson gaitza borrokatzen dute tximinoetan

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Tximino enbrioietatik ateratako zelula amek Parkinson gaitzaren sintomak ahultzen dituzte tximino gaixoen burmuinean txertatzen direnean. Hona Japoniako zientzialari talde batek eginiko ikerketaren emaitza. Saioak itxaropena piztu duela esan dute, gizakiekin sendabide berdina erabiltzerik izango dela uste dutelako. Dena den, ikerketa hasiberria dagoela esan dute japoniarrek, eta askoz saio gehiago beharko dituela ohartarazi dute.

Egun gutxi zituzten enbrioietatik zelula amak hartu zituen Kyotoko Unibertsitateko zientzialari talde batek, eta neuronak bihurtzera bultzatu zituen. Ondoren, burmuinean Parkinson gaitzaren antzeko kalteak zituzten tximuen buruetan txertatu zituzten. Tximuen sintomak ahuldu zirela ikusi zuten, orduan. Animalion burmuinak aztertuta, txertaturiko zelulak hazi egin zirela diote Yasushi Takagi doktoreak eta honen laguntzaileek.

Etorkizuneko sendabidearen zutabea

Dopamina sortzen duten burmuineko zelulak hiltzen direnean hasten da Parkinson gaitza. Dopaminak mezu kimikoak garraiatzen ditu neuronen artean. Lehen sintoma dardarizoa da. Gaixoa paralizaturik gera daiteke.

Zelulak txertatzeko aukera da ikertzaileen itxaropen nagusietako bat. Hainbat saio egin dira gaixoekin, zerri edo giza enbrioietatik ateratako zelulekin. Halako zelulekin ikertzearen aldekoek itxaropen handia dute, zelula amek gorputzeko edozein ehun bilakatzeko ahalmena dutelako eta arbuiorik eragiten ez dutelako, txertatzen direnean.Japonian eginiko ikerketa «gizakien sendabide berrien zutabeetako bat» izango dela esan du William Langston Kaliforniako (AEB) Parkinsonen Institutuko buruak. Washingtongo gobernuak ez du zelula amekin ikertzea ametitzen, eta debeka dezaten nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.