INGURUMENA

Zulatu ala ez zulatu?

Duela milioika urtetik Antartikako izotz azpian da Vostok aintzira, eta handik metro gutxira gelditu zuten zulaketa errusiarrek, kutsa ez zedin; berriz abiatzekotan dira

Edu Lartzanguren.
2004ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Nola ikertu gutxienez 15 milioi urtez eguzki izpirik gabe izotzaren azpian iraun duen laku fosil bat, hura suntsitu gabe? Horra mundu osoko zientzialariak azken urteotan beren buruei egin dieten galdera. Izan ere, Antartikako Vostok aintzirak lurraren bizitzaren sekreturik ezkutuenak gorde ditzake bere ur hotzetan. Are gehiago: beste planeten azal izoztuaren azpian egon daitekeen biziaren zantzuak eman ditzake. 1989. urtean zulatze lanak gelditu zituzten errusiarrek, aintzira kutsatzeko beldurrez. Aurki berriz abia daitezkeela iragarri dute orain. Nazioarteko hainbat zientzialarik, berriz, ez dute argi ikusten saioaren segurtasuna, eta larrialdi deia egin dute.

Antartikako ekialdeko ordoki izoztuan, lanean ari ziren Errusiaren Vostok estazioko zientzialarien zulatzeko makinak, 1980ko hamarkadaren bukaeran. Antartikako 4.000 metroko izotz geruza zulatzen ari ziren. Izotza sortu zen garaian bertan harrapaturik geldituriko aire burbuilak ziren zientzialarien helburua. Aire horrek berebiziko informazioa dakar: Lurraren atmosfera azken 400.000 urteotan berotu izana karbono dioxido maila handitzearekin lotuta dagoela frogatzeko lehen zantzua eman zuen. Vostok estazioan 3.600 metro zulatuta zeuzkatenean, ustekabea izan zuten errusiarrek: sakonera horretatik ateratako izotza ez zen mila urteko presioak gogorturiko azaleko elurra, baizik eta urtu eta berriz izozturiko ura. Hegazkin pilotuek aspaldi zuten esana ikerketa estazioaren inguruak forma lau bitxia zuela airetik ikusita. Sateliteen bidez baieztatu zen susmoa: lau kilometrora, izotzaren azpian, ur likidoz beteriko aintzira erraldoia zegoen.

Antartika tropikala

Azaletik, erabat ikusezinak dira Vostok aintzira eta inguruan dituen mendiak. Antartikaren lurrazalaren gainean izotza pilatzen hasi zenean, lakua zigilaturik gelditu zen duela 35 milioi urte, hainbat kalkuluren arabera. Vostok aintzira Lurrean aurkituriko glaziar azpiko aintzirarik handiena, zaharrena eta egonkorrena da. Hango ura ez da izozten, izotz geruzak presio izugarri handiaren pean duelako eta hondoan lur azpiko berotasuna askatzen duten tximinia geotermikoak daudelako.

Presio eta bero konbinazio horrengatik, ezin interesgarriagoa da aintzira biologoentzat. Han bizia aurkitzea litekeena dela uste dute; hain zuzen ere, Antartikak klima tropikala zuen garaiko aztarnak. Edonola ere, Lurrean egun ezagutzen den biziaz bestelakoa izan behar du Vostoken dagoenak.Milioika urtez itxita egon den estalkia kentzea erabaki zaila da, ordea. Ezinbestekoa da aintzirako ura bere hartan gordetzea, hau da, kanpoko organismorik edo gai kimikorik ez sartzea. Errusiarrek aintziratik 120 metrora gelditu zuten zulatzeko makina. Izan ere, zuloa berriz itxi ez zedin, hegazkinentzako erregaiz bete zuten: 60 tona keroseno. Errusiako agintariek esan dutenez, zulatzeko likido gehiegi dago orain, eta ezinezkoa da segurtasunez handik ateratzea, kanpoan gordetzea.Zer egin, beraz? Konponbide bat bilatzeko bildu ziren, urriaren hasieran, mundu osoko zientzialariak, Alemaniako Bremerhaven hirian. Antartikaren inguruko adituez gain, espazio zunden teknikariak izan ziren bileran. Izan ere, Vostok aintzirara heltzeak dituen arazoek lotura zuzena dute espazio misioetan izaten direnekin: planeta eta ilargietan laginak hartu behar dituzten misioek ziurtatu behar dute aurkituko diren gaiak ez dituela zundak berak lurretik eraman. Horrez gain, kontu handiz ziurtatu behar da zundak ez duela Lurra kutsatuko espazioko gaiekin. Vostok aintziran birusak egotea litekeena da, eta badago aukera txiki bat gizakiok antzinako mikroorganismo horien kontrako defentsarik ez izateko.

Plana eta geopolitika

Bremerhavengo adituek Vostok ikertzeko egitasmo bat plazaratu zuten: hasteko, Antartikan diren beste izotz azpiko laku txikiagoekin egingo lituzkete saioak. Mendebaldeko Ellsworth aintzira ikertuko lukete, lehenbizi, eta gero Concordia lakuari ekin. Azkenean, lehen saioen emaitzen arabera, Vostoken egingo lukete saioa.

Egitasmoak, ordea, totpo egin du geopolitikarekin. Errusiarrak ez datoz bat planarekin, eta urtarrilean bertan Vostoken geldituriko zulatzeko makina abiatzea litekeena dela iragarri du San Petersburgoko Antartika Ikerketa Institutuak. Errusiarren plana sinpleagoa da: metroz metro aurreratu, eta bizpahiru urte barru lakuaren estalkia zulatu. Aintziraren uraren presioak berak aterako du kerosenoa, diotenez. Erabakia hartu gabe du Moskuk oraindik.Zulatzea edo ez zulatzea «dilema etikoa da», David Karl ozeanografoak. Berak aurkitu zituen lehen bizidun mikroskopikoak lakuaren gaineko azalean. «Izan ere, inork ez du nahi bere hilarrian esaldi hau jartzea: 'Nik kutsatu nuen Vostok aintzira'».

-

ESPAZIOAREN ESPLORAZIOA



 

Vostok aintziratik Jupiterrera





Antartika azpiko izotzean, antzinako ura dago, eta litekeena da bertan bizidunak ere izatea. Horrek zientzialarien jakin-mina piztu du, ez soilik Lurraren historiaren inguruko informazioa eman dezaketelako, baita beste planetetan aurki daitekeena aurrera dezaketelako ere. Izan ere, baliteke Jupiterren Europa eta Callisto ilargietan ura egotea izotz geruza lodi baten azpian. Bertan bizia izaterik ba ote dagoen esan eta hura bilatzeko prozedura probatzeko aukera emango luke Vostok aintzirak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.