Gatazka konpontzeko jarraibideak

Egibar eta Otegi, akordioa izenpetzen. OSKAR MONTERO / EUSKALDUNON EGUNKARIA.
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Lizarran sinatutako akordioak bi parte izan zituen. Lehenengoa sarrera moduko bat zen, hitzarmena testuinguruan kokatzeko, eta batez ere, garai hartan puri-purian zegoen Irlandako bake prozesuari erreferentzia egiten zion.

Mamia hitzarmenaren bigarren partean agertzen zen. Euskal Herrian ere «jatorri eta izaera politikoa duen gatazka historikoa» dagoela berresten zen, eta hura konpontzeko jarraibide batzuk proposatzen zituen. Sinatzaileen ustez, bideak «elkarrizketa eta negoziazio prozesu irekia» izan behar zuen, «inplikaturik dauden eragileak baztertu gabe eta euskal gizarte osoaren esku hartzearekin», eta «demokrazian sakontzea» zen gakoa: «Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek beren hitzaren bitartez adierazi behar dute, eta inplikaturik dauden estatuek erabaki hori errespetatu behar dute».

Bi fase aurreikusten zituzten prozesu horretan: lehenengo elkarrizketa fase bat, eta erabaki fasea, «gatazkari lotuta azaltzen diren indarkeria adierazpenik gabe» gauzatu behar zena. Malgu jokatzea hobesten zuten akordioaren sinatzaileek: haien ustez, eztabaidagaiek ez zuten mugarik izan behar, «inposizioak» albo batera utzi behar ziren, eta prozesuaren ondorioz sortutakoa ez zen «agertoki itxi eta behin betikotzat» hartu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.