Basotik klimara

Hamahiru baso gehiago ditu Nafarroak 2008an Oinez Basoa martxan jarri zutenetik. Zuhaitzak landatzeaz harago doa jada ekimena.

gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hazi egin da Oinez Basoa, 2008an ernatu zen ekinaldia. Sustrai sendoak bota ditu Nafarroa osoan, eta Arbizun zuhaitz batzuk landatuz noizbait baso izatea espero zuten ingurunea sendotzeaz gain, haziak bota ditu egitasmoak Nafarroa osoan, eta dagoeneko hamahiru baso sortu dira Oinez Basoa ekinaldiaren ondorioz. Hargatik, proiektua jada ez da zuhaitzak landatzera mugatzen, harago doa. Ondorioz, izena ere aldatu du. Oinez Basoa izan dena Oinez Klima izango da aurrerantzean.

Ez diote zuhaitzak landatzeari utziko. Aurten ere, Ezkaba mendiaren magalean 200 metro karratutan landatuko dituzte zuhaitzak neguan. Burlatan, berriz, hirian bertan 25 zuhaitz landatuko dituzte gune batean. 

Baina zuhaitzak landatzeaz gainera, hegaztientzako behatokiak sortu dituzte Tafallan, eta baita Arbizun ere.

Oinez Basoaren dimentsio berri horri esker, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako lantaldeak pentsatu du Arga ibaiaren ertzean dagoen kastore komunitatea behatzea, zaintzeko. Bestalde, plaka fotovoltaiko gehiago jartzea ere pentsatu dute, energia berriztagarria ugaritzeko.

Ia hogei urte beteko ditu Oinez Basoa egitasmoak. Ikastolen jaiak ingurumenean zuen eragin kaltegarriaz ohartuta pentsatu zuten ekitea. Geroztik, toki hauetan sortu dira basoak: Arbizun, Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan, Lesakan, Altsasun, Arguedasen eta Barindano Antzin Lizarran. Guztira 52.000 zuhaitz baino gehiago landatu dira, tokian tokiko ezaugarrietara egokituta.

Ekinaldi hori pentsatu zuten, besteak beste, Nafarroa Oinez antolatzen zen bakoitzean hondakin ugari sortzen zirelako eta berotegi gasen isurketa ere areagotu egiten zelako jaiarengatik. Festaren aztarna ekologikoa apaltzeko asmoz, Oinez Basoa egitasmoa jarri zen martxan, eta, zuhaitzak landatzetik harago doanez, Oinez Klima izena hartuko du aurrerantzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.