Azterketak Euskaraz kolektiboko kidea

Elorri Faltxa: «Beti izan dugu gure euskaraz bizitzean muga handi bat: frantsesera pasatu beharra»

Iaz lortu zuten Seaskako ikasleek eta Azterketak Euskaraz kolektiboak brebeta euskaraz egiteko eskubidea, baina baxoa euskaraz pasatzeko baimenik ez dute lortu. Egiten duten borrokari ikusgaitasuna emateko, aurten omendu egin ditu Korrikak.

Elorri Faltxa Azterketak Euskaraz kolektiboko kidea.
Elorri Faltxa Azterketak Euskaraz kolektiboko kidea. GUILLAUME FAUVEAU
iraia vieira gil
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Baxoa azterketa frantsesez egitera behartuta daude oraindik ere Ipar Euskal Herriko lizeoetako ikasleak. Azterketak Euskaraz kolektiboak eta Seaskako ikasleek, ordea, urteak daramatzate proba hori euskaraz egin ahal izateko eskubidea defendatzen. Hain zuzen, aurreko ikasturtean, azterketa guztiak euskaraz pasatzea aldarrikatzeko hainbat ekintza egin zituzten talde biek, eta, azkenean, brebeta hizkuntza horretan egiteko eskubidea lortu zuten. Elorri Faltxa (Donapaleu, Nafarroa Behera, 1989) Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko irakasle eta Azterketak Euskaraz kolektiboko kideak aurreratu du borrokan jarraituko dutela baxoa ere euskaraz egin arte. Haien borroka ezagutarazteko, zehazki, aurten omendu egin ditu Korrikak.

Zer sentiarazi dizue omenduak izan zaretela jakiteak?

Berriak biziki poztu gintuen, eta asko harrotu. [AEK-ko kideak] Gure alde ari dira borrokan azken urteotan, saiatzen baitira ahal bezainbeste geure buruaz mintzarazten. Eta harro gaude, bai, Korrikak ezagutarazi egiten baitu gure aldarrikapena.

Espero zenuten berria?

Ez, egia esan. Sorpresa handia izan da guretzat.

Lagungarria da horrelako aitortzak jasotzea?

Laguntzen gaitu, bai, guretzat bereziki garrantzitsua izan baita beti gizarteak gure mezuak entzutea. Ezker-eskuin ari gara gu bataila honetan, baina oso inportantea da publiko zabala gure aldarrikapenez mintzatzen entzutea. Izan ere, publikoaren sostenguarekin ari gara zehatzen. Hala da: zenbat eta gehiago aipatu, orduan eta jende gehiagok sostengatzen gaitu, eta horrek indarra ematen dio gure mugimenduari.

Korrikaren harira, gainera, Oihaletxeak dokumentala egin du aurten Lander Garro zuzendariak. Zer kontatzen du?

Abiapuntu du Baionako Kolegioko ikasle batzuek 2023an egin zuten bizikleta bira bat, azterketak euskaraz egitea aldarrikatzeko. Bordeletik atera ziren ikasleak, erabakiak hartzen diren errektoretzatik, eta handik Baionara egin zuten ibilbidea, bizikletaz. Gero, galdekatzen ditu azterketak euskaraz egin nahi dituzten ikasleak, eta hori egin ahal izateko borrokan ari diren irakasleak eta zenbait pertsona.

Zer aldarrikatzen duzue, zehazki?

Aldarrikatzen duguna aski sinplea da: gure ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea izatea. Orain, eskubide hori ez zaie errespetatua, eta horregatik ari dira bereziki baxoaren borrokan insistitzen; ez baitugu batere lortua. Hala ere, iruditzen zaigu justua eta normala dela ikasleek euskaraz pasatzeko aukera izatea, euskaraz ikasten baitute lizeoan.

«Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituen inguruan duen jarrera biziki gogorra da betidanik. Frantsesari izugarrizko garrantzia ematen dio, eta mehatxu bezala ikusi izan du beti hizkuntza gutxituen indarra».

Borroka horren zer momentutan zaudete orain?

Azken urteotan, brebeta azterketa euskaraz pasatzeko borrokan ibili gara. Hori lortu genuen gutxi gorabehera, nahiz eta aurten berriz ere kontraesan batzuk izan diren. Hala ere, aski ongi konpondu da afera. Orain, beraz, baxoari dagokionez, ari gara ikusten nola eta zein ekintzatan planto egiten ahal dugun. Baxoa euskaraz aldarrikatu nahi dugu lehenik, eta ondo ikusiko dugu ea zein erantzun jasotzen dugun.

Zein da kolektiboaren funtzionamendua?

Gure lana ekintzak aurrera eramatea da bereziki, eta ikusgarritasun hori mantentzea. Gero, gibelean ari dira beste batzuk, bilkuretan eta negoziazioetan parte hartzen. Oro har, gure ahotsa eramaten dute bilguneetara eta erabaki guneetara.

Uste duzue denborarekin Frantziako Gobernuaren jarrera positiboagoa izango dela?

Zaila da. Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituen inguruan duen jarrera biziki gogorra da betidanik. Frantsesari izugarrizko garrantzia ematen dio, eta mehatxu gisa ikusi izan du beti hizkuntza gutxituek indarra hartzea. Beraz, momentu honetan, ez du baikorki hartzen gure aldarrikapena.

Nola egingo diozue aurre, orduan?

Beharko dugu zinez borrokatu, baina uste dugu badugula arrazoia, eta baditugu sostenguak ere. Beraz, gu aurrera goaz. Erantzuna izaten ahal da ezkorra, biziki luzea, baina, beharbada, egun batez baiezkoa izaten ahal da. Beraz, guk hor jarraituko dugu; gure helburua irabaztea da.

Ikerketen arabera, gutxitu egin da Ipar Euskal Herrian euskaraz aritzen diren biztanleen kopurua.

Ikastoletan gero eta ikasle gehiago bada; beraz, hiztunak badira. Erabilera txikitzen da, zeren eta ikastoletatik kanpo eremu arrunt gutxi baita euskara baliatzeko. Azterketen auzia horren ispilua da: azkenean, ikastoletan ikasten dute euskaraz, baina azterketak berak ezin dituzte euskaraz pasatu. Erran nahi dut beti badugula gure euskaraz bizitzean muga handi bat. Eta handiena da ikasketak bukatzean frantsesera pasatu behar dugula.

Alde horretatik, zelako eragina du Korrikak Ipar Euskal Herrian?

Jendea lotu egiten da Korrikara. Euskal Herriko beste herri batzuetan bezala, hemen ere badu ospe eta fama handia, eta euskaldunen arteko energia jakin bat sortzen da horren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.