Orioko euskara teknikaria eta herri batzordeko kidea eta Euskaraldiko lehen koordinatzailea

Jabi Zabaleta eta Arrate Illaro: «Euskaraldiz euskaraldi euskararen erabilera beti geratu da koska bat gorago»

Barrutik eta sorreratik ezagutu dute Euskaraldia. Ahulguneak onartuta ere, Euskaraldiak tresna gisa duen balioa goratu dute, emaitzek ariketaren osteko euskararen erabileraren goranzkoa berresten dutelako.

Javier Zabaleta eta Arrate Illaro. ANDONI CANELLADA / FOKU
Javier Zabaleta eta Arrate Illaro. ANDONI CANELLADA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
Orio
2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arrate Illaro (Getxo, Bizkaia, 1989) eta Javier Zabaleta (Orio, Gipuzkoa, 1960) Euskaraldiaren sorreran eragile izan ziren; lehen lerroan Illaro, maila nazionalean; lehen lerroan Zabaleta ere, herritik eragiten.

Nola azaldu zen lehen Euskaraldi hura?

ARRATE ILLARO: Barrutik kanporako zabalkunde bat egin genuen. Bilera pilo bat egin genituen euskalgintzako eragileekin: haiekin partekatu, kontrastatu eta osatu genuen ariketa. 2017ko azaroan azaldu zitzaion gizarteari, Arriagan egin zen ekitaldian.

JAVIER ZABALETA: Bai, nik gogoan dut guk herrian lehen bilera 2017ko azaroan edo egin genuela.

Nola ikusi zen horrelako zerbait antolatzeko beharra?

ILLARO: Kaleko erabileraren datuek esaten zuten bazegoela geldialdi bat. Gauza berriak eta beste era batera egiteko beharra sortu zen. Aldi berean, herrietan-eta esperimentu batzuk egiten hasi ziren, Lutxo Egiak egin zuena Bilbon, edo Lasarten, Donostiako Egian... bazetorren zerbait, eta pentsatu genuen horri guztiari forma ematea, eta egin ziren dinamika horietatik elikatu zen gero Euskaraldia izan zena.

«Euskaraldiak lagundu du euskarari eusten aurrekoak ulertzen baldin badu»

JAVIER ZABALETA

ZABALETA: Herrietan ere nabarmena zen euskalgintzak ez zeukala gihar nahikorik; ez genuen aurrera egiteko bide argi bat ikusten. Eta Euskaraldia iritsi zenean, ilusio handia sortu zuen. Lehen bilera irekira deitu genuenean, 2018ko otsailean, aretoa bete egin genuen. Bazegoen ilusio bat, bide berri bat ikusten zelako.

ILLARO: Bai, ilusioa eta konplizitatea ere bai gerora. Ilusioa sortu zuen beste arrazoi bat zera zen, nire ustez: hau herrietatik sortu zela.

ZABALETA: Konfrontazio giro batetik gentozen, euskalgintza eta erakundeak aurrez aurre ibiliak ginen urte luzetan, eta ikusten zen gauzak beste modu batera egiteko saiakera bat. Egitasmo honetan, erakundeak eta euskararen aldeko mugimendua inplikatuta zeuden, eta hori gauza berritzaile bat zen, ordura arte ez zelako egin maila horretako ariketarik Euskal Herri osorako. Horrek eragin zuen bestela biltzen ez zen jende bat mahai baten bueltan eseri eta helburu beraren alde lan egiteko prest egotea. Horrek esplikatzen zuen guk egin genuen batzarrean alderdi guztietako jendea egotea.

ILLARO: Euskaraldia egin ahal izan dugu lankidetza esparru batean egin delako. Horrek eskatzen zuen euskalgintzako eta erakundeetako langileak berdinetik berdinera aritzea, eta horregatik heldu gara honaino.

«Euskaraldia egin ahal izan dugu lankidetza esparru batean egin delako. Honek eskatzen zuen euskalgintzako eta erakundeetako langileak berdinetik berdinera kokatzea»

ARRATE ILLARO
Harrera ona izan zuen, beraz?

ILLARO: Bai, bueno, egia da motxila batzuk bazeudela, eta esparru batzuetan kosta egin zela. Jende askorentzat zaila zen, eta denbora behar izan genuen erakusteko ariketa hau lankidetzan egin behar zela. Uste dut oso garrantzitsua dela azaltzea euskararen erabilerarako pausoa luzera begirako prozesua dela gizarte moduan, eta norbanakoarentzat ere pauso bat egitea eskatzen duela.

Zer bilakaera ikusi diozue?

ILLARO: Lehen Euskaraldian, herritarrak bakarrik deitu genituen ahobizi eta belarriprest gisa aritzeko, eta bigarren Euskaraldian entitateei deia egin genien ariguneak sortzeko, beharrezkoa baita herritarrei erakustea gu ez garela ari honetan bakarrik, erakundeetan ere asko egin daitekeela eta egin behar dela. Plano orokorra eta herrietako beharra kontuan hartzen saiatu gara, baina egia da gero espektatibak doitzeko beharra ere sentitu dugula. Hau tresna bat da, eta beste batzuk ere beharko ditugu, baina Euskaraldiak ematen duena ematen du.

ZABALETA: Bai, erabat ados. Lehen Euskaraldiak Orion sekulako ilusioa piztu zuen: 1.500 bat herritarrek eman zuten izena, eta Euskal Herrian proportzioan izena eman zutenen artean jende gehientsuena bildu zuen herria izan zen. Baina Euskaraldiari ezin zaio eskatu euskararen egoerari buelta ematea. Hori ez da erreala. Igual espektatiba handiegiak jarri genituen, eta gero pixka bat apaltzea tokatu da. Alegia, hau inportantea da, egiten segitu behar dugu, baina bere neurria emanda. 11 eguneko ariketa batek ematen duena ematen du.

«Euskaraldia, zorionez, ariketa estetiko bat baino askoz ere gehiago da»

JAVIER ZABALETA

ILLARO: Eta asko ematen du, e? Oso tresna baliotsua da. Euskaraldiaren bueltan ikerketak urtero egiten dira, eta Euskaraldiz Euskaraldi ikusi dugu erabilerak koska bat gora egiten duela. Oso zaila da gizartean erakustea norbanakoek ematen dituzten pauso txiki horiek elkartuta pauso handiak izan daitezkeela. Pertsona batek Euskaraldiari esker lortzen badu jakitea ondoko lankidea euskalduna dela —horrelakoak gertatu izan dira—, eta aurrerantzean harekin euskaraz gehiagotan egiten hasten bada, hori aurrerapauso bat da. Guztiz sinesten dut Euskaraldiaren balioan horregatik, lortzen delako urratsak egitea, baina zaila da erakustea.

ZABALETA: Ikerketek erakusten digutena da Euskaraldiko egunetan jendeak euskara gehiago erabiltzen duela, eta gero behin Euskaraldia pasata erabilera jaisten da, baina beti geratzen da hasi zenean baino pixka bat bat gorago. Hau arnas luzeko karrera bat da. Laguntzen digu pausoak ematen.

Nolakoa izan da maila nazionalaren eta herri batzordeen arteko lankidetza?

ILLARO: Saiatu ginen planteamendu bat egiten Euskal Herriko txoko guztietarako baliagarria zena, eta moldagarria, malgutasuna utzita bakoitzak bere errealitatearen arabera zukutu dezan ariketa.

Ulertzen zen ariketa?

ZABALETA: Esango nuke hasieran kosta egin zela. Orain barneratu dugu, baina ahobizi eta belarriprest rolak azaldu behar izan ziren, terminologia bera ere berria baitzen.

ILLARO: Baliabideak ematen saiatu ginen. Koordinazio orokor bat zegoen, baina euskalgintzako eragile askok egin zuten lan asko euren baliabide propioetatik askotan: hedabideak, euskaltegiak, ikastolak... sortzen zen material asko handik eta hemendik baliagarria zena gero herrietarako, eta azpimarratu nahi nuke sare horren balioa.

Errotu da Euskaraldiaren ariketa?

ILLARO: Ezaguna bada. Ikerketek hori diote. Adibidez, euskaraz hitz egin ez arren ulertzen dutenekin ere euskaraz egin dezakegula ulertu da.

ZABALETA: Bai, balio du bisualizatzeko. Bagenuen herrian futboleko entrenatzaile bat eta jende guztia gaztelaniaz mintzatzen zitzaion, baina berak ulertzen zuen euskaraz, eta gainera ahalegina egin nahi zuen euskaraz egiteko. Berak eskatu zigun propio Euskaraldian belarriprest izan nahi zuela. Txapa hori jartzea lagungarri egin zitzaion jendea berari euskaraz mintzatzen hasteko. Eta Euskaraldiak lagundu du horretan, euskarari eusten aurrekoak ulertzen baldin badu.

Norbanakoek ez ezik erakunde eta entitateek ere egiten dute bat Euskaraldiarekin, baina, izena emateaz gain, eska dakieke bestelako konpromisorik?

ZABALETA: Esango nuke hori dela Euskaraldiari egin zaizkion kritika nagusietako bat, ezta? Sektore euskaltzaleenen ustez, Euskaraldiak zuritze rol hori jokatzen du. Alegia, zuk ez duzu euskararen alde ezer egin behar, baina tarteka txapak janzten dituzu, Euskaraldiaren aldeko lona batekin argazki bat ateratzen duzu, eta horrekin bete duzu, ezta? Ez nuke esango, ordea, hori joera orokorra denik. Hori horrela dela jakinda ere, uste dut horrek ez diola balioa kentzen Euskaraldiari. Euskaraldia, zorionez, ariketa estetiko hori baino askoz ere gehiago da. Badago jende asko sinesten duena, eta benetan erabili nahi duena Euskaraldia gehiago egiteko, eta ez bakarrik argazkian ateratzeko. Zabalago egin nahi denean ariketa, kontraesan horiekin nabigatu behar da gero. Hori Bernardo Atxagak esaten zuen, ezta? Pizzaren masa gero eta meheagoa da, baina nahi duzu ahalik eta jende gehiagorengana iritsi, eta orduan meheago egiten duzu exijentzia maila. Eztabaida hori badago euskalgintzan. Zer nahi dugu, pizza gorpuzduna, trinkoa izan, eta gu bakarrik egon? Txiki-txikia? Edo nahi dugu gizarte hau euskalduntzeko pausoak eman ahalik eta modu zabalenean? Eztabaida horrek badu mamia.

«Peaje batzuk asumitzen ditugu badakigulako beste gauza batzuk lortzen ditugula, eta merezi duela»

ARRATE ILLARO

ILLARO: Bai, ados nago. Euskaraldiak duen dimentsioa ikusita, egia da bidesari batzuk asumitzen direla. Baina asumitzen ditugu badakigulako beste gauza batzuk lortzen ditugula, eta merezi duela. Adibidez, argazkiarengatik soilik Euskaraldira batzen diren erakunde horiei buruz, agian erakunde horretako langile euskaldun bati zilegitasun pixka bat gehiago emango dio horrek erakunde horretan euskaraz gehiago egiteko, nahiz eta erakundeak neurri estrukturalik ez hartu. Egia da zuritzeko erabiltzen dutela, baina badaude beste batzuk urte osoan egin duten lanketa inplementatzeko erabiltzen dutenak Euskaraldia. Badaude, adibidez, Euskaraldian izena eman zuten entitateak, eta gerora euskara planak martxan jarri dituztenak aholkularitzekin. Erreparatu ahal diogu batzuk egiten duten zuriketa horri, oso agerikoa dena, eta badakiguna, eta erreparatu ahal diogu Euskaraldiaren aitzakiarekin ematen diren aurrerapausoei, eta hori ere badago. Gizarte osoari zabaltzen diogun ariketa bat da.

Elkar mugituz egingo dugu, hori da aurtengo leloa. Zer iradokitzen dizue?

ZABALETA: Iruditzen zait lehenbiziko leloak esentzia oso ondo jasotzen zuela: Hamaika egun euskaraz. Hori zen ariketa. Hamaika egunetan saiatuko gara ahalik eta gehien egiten euskaraz. Aurtengoa etereoa iruditu zait pixka bat, lelogintza postmodenoaren zera hori du. Bigarrena ere zuzena izan zen: Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan.

ILLARO: Niri burura datorkit txikitik handirako indarra, tximeleta efektuarena. Norberak urrats linguistiko batzuk egiten baditu, horrek beste batzuengan eragina izan dezakeela eta euskararen normalizazioan lagundu dezakeela.

ZABALETA: Uste dut Euskaraldiak balio beharko ligukeela hamaika egun horietan euskaraz gehiago egiteko. Ariketaren funtsa ez dugu ahaztu behar. Eta pertsonengan jarri dugu arreta batez ere, baina uste dut ariketa polita izan litekeela irudikatzeko biharko Euskal Herri euskaldunago bat; funtzio hori ere bete beharko lukeela. Hamaika egun horietan irudikatu, adibidez, gaztelaniaz izaten den ETBko programa batean euskarazko gauza batzuk sartzea, edo alderdi politiko batek esatea 11 egun horietan agerraldi guztiak euskaraz egingo dituela, edo futbol talde batek esatea entrenamenduak euskaraz bakarrik egingo dituela, eta ez dakitenentzako mekanismoak jartzea... uste dut interesgarria izan litekeela jendeak ikus dezan goragotik ere gauza batzuk aldatzeko ahalegina egiten dela, eta posible dela zenbait egoeratan euskaraz egiten den baino gehiago egitea, irudikatzea biharko Euskal Herri euskaldun hori. Toki guztietan har litezke neurriak orain arte egiten duguna baino gehiago egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.