Gaur abiatuko da Korrika, Irundik

16:00etan hasiko da euskararen aldeko lasterketa, eta Baionan bukatu, hilaren 24an. 'Harro herri' lelopean, askotariko eragileak elkartuko ditu aurten Korrikak.

iraia vieira gil
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Euskaltzaleen ekitaldirik garrantzitsuena hasiko da gaur, Irunen: 23. Korrika. San Joan plazatik abiatuko da,16:00etan, eta berehala igaroko da Lapurdira. Hain zuzen, 17:20an sartuko da Hendaian, eta, besteak beste, Azkainetik eta Uztaritzetik pasatu. Goizaldean helduko da Nafarroa Beherera, Aiherratik. Aurreko aldietan bezala, Euskal Herriko hamaika herri eta auzo igaroko ditu 11 egunean, Harro herri lelopean, eta, azkenean, Baionan emango diote amaiera. Guztira, 2.700 kilometro egingo dituzte aurten korrikalariek; iaz baino 620 gehiago, alegia.

23. Korrika | Kronika | Martxoak 14

Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak uste du aurten ere harrera ona izango duela Korrikak, eta jendetza bilduko duela. Nafarroari dagokionez, zehazki, aurreikuspen «positiboa» du: «Nafarroa lehenengo asteburuan harrapatuko du. Aste barruan jausita eta ordu txikietan, eremu batzuk betetzea zailagoa da, populaziorengatik eta zonifikazioarengatik. Baina asteburuan tokatuta, Euskal Herriko beste leku batzuetako jendea joango da bertara», azaldu du.

Nafarrora heldu aurretik, Mauletik igaroko da, ostiralean, 06:40an. Nafarroa Beherea zeharkatuko du ondoren, eta 11:00etan iritsiko da Donibane Garazira. Handik, Izpegiko lepora joko dute, eta Baztandik sartuko da Korrika Nafarroan, 13:15ean. Elordik azaldu bezala, lurralde horretan pasatuko du asteburu osoa, eta ostiral gaua Pirinio inguruan egingo du. Hegoaldera joko du gero, Iruñera heldu arte. Mendillorritik sartuko da, 14:20an, eta hiriburuko zenbait txoko eta inguruko zenbait herri bisitatu ostean, Etxebakoitzetik aterako da, 19:25ean. Tafallaldea, Erribera, Lodosaldea eta Estellerria zeharkatuko ditu igandean.

23. Korrikaren ibilbidea.
23. Korrikaren ibilbidea.

Astelehenean bertan sartuko da Araban. Mendialdetik eta Arabako Errioxatik igarota, 11:30erako Trebiñun izango da. Alabaina, egunaren parte handi bat Gasteizen lasterka emango dute: 19:30ean iritsiko da Korrika, Abetxukutik, eta 23:30ean atera, Ilarratzatik. «Handik Gipuzkoara eta Bizkaira joango da. Egia da Gipuzkoa eta Bizkaia oso populatuak direla, eta esan dezakegu batez ere Gipuzkoa aldea erraz betetzen dela», aurreratu du Elordik. Enkarterri (Bizkaia) aipatu du salbuespen moduan: «Beste leku batzuetan baino jende gutxiago bizi da, eta aste barruan eta ordu txikietan igaroko da. Agian, den-dena ez da beteko, baina saiatuko gara».

«Nik euskaraz egin behar dut, baina nik euskaraz egin ahal izateko, behar dut aisialdi euskaldun baterako aukera, zerbitzu euskaldun batzuk izatea, administrazio euskaldun bat edukitzea...».

ANE ELORDIKorrikaren koordinatzailea

Urola Kostara egingo du salto Korrikak martxoaren 20an, asteazkenean: goizaldean pasatuko da Zumaiatik eta Azpeititik, esaterako. Goiza Debagoienean eta Debabarrenean pasatuta, Ondarroatik iritsiko da Bizkaira, 15:00 aldera. Martxoaren 22ra arte, Bizkaia zeharkatuko dute korrikalariek, eta goizean Araban sartuko dira berriz, Artziniega eta Aiaraldea bisitatzeko. Arratsaldea, ordea, Arratian eta Durangaldean igaroko dute.

Martxoaren 23an, larunbatean, Gatzagatik itzuliko da Korrika Gipuzkoara, eta Debagoienean eta Goierrin izango da goizean, eguerdian Tolosaldera iritsi arte. Handik Donostia aldera egingo du: 18:00ak pasatxoan sartuko da, Martutenetik, eta hiriko zenbait auzo igarota, 22:20an atera, Martutenetik berriro ere. Ondoren, Oiartzualdea eta Bortziriak zeharkatuko ditu, eta Saratik sartuko da Lapurdira, 04:40 aldera. Ordurako, martxoaren 24a izango da, Korrikaren azken eguna. 12:30 aldera iritsiko da Baionara. Mezua irakurriko dute segidan, eta, 13:30ean hasita, «jai handia» egingo dute.

Batasun ibilbidea

Korrikaren koordinatzailearen arabera, «Euskal Herriko askotariko eragileak batzen dituen egitasmo bakarrenetakoa» da Korrika. 11 egunez, Euskal Herri «ideala» ikusteko garaia da, harentzat, lurralde osoa zeharkatzeko aukera ematen duelako, jende guztia «pozik» dagoelako, eta euskaraz dakitenek ez dakitenekin bat egiten dutelako. Herritarrengan ere komunitate sentimendu hori sorraraztea da, hain zuzen, AEKren helburua. «Euskarak batuko gaitu, euskarak egingo gaitu herri, bakoitzak beretik bere ekarpena eginda eta onartuta bestea desberdina dela», zehaztu du Elordik.

Alde horretatik, gogorarazi du euskaldunek ere badituztela euskararen inguruko kezkak, eta norberari eta ondokoari exijentzia handiegia ezartzen zaiola askotan. Hain zuzen ere, hizkuntza bat erabiltzearen ardura ez dago soilik norberaren borondatearen menpe: «Nik euskaraz egin behar dut, baina nik euskaraz egin ahal izateko, behar dut aisialdi euskaldun baterako aukera, zerbitzu euskaldun batzuk izatea, administrazio euskaldun bat edukitzea...». Euskaraz aritzeko eremu seguruak eraikitzean datza gakoa, Elordiren ustez.

Euskararen aldeko aldarrikapena egiteko ez ezik, AEK sostengatzeko ere beharrezkoa da Korrika. «Espero dut egunen batean Korrika egitea plazerez eta ospatzeko Euskal Herria euskalduna dela; momentuz, AEK-k ezin du aurrera egin Korrika barik», aitortu du Elordik berak. Euskal Herri osoan egiten dute lan, eta hori «maneiatzea» ez da batere erraza kooperatibarentzat. «Horrek buruko minak dakartza, ze euskara eskolak diruz laguntzen dira, baina bestelako egitasmoak eta zerbitzuak ez». 

Hala eta guztiz ere, euskara zabaltzen jarraituko dutela argi du Korrikaren koordinatzaileak: «Guk normalizazioan lanean jarraituko dugu, uste baitugu euskara eskolek bakarrik ez dutela Euskal Herria euskaldunduko: beste arloetan ere eragin beharra dago». Nahiz eta horrek kalte ekonomikoak eragingo dizkien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.