Korrika abiatzeko egun osoko egitaraua prestatu dute Irunen ostegunerako

Ostegunean hasiko da 23. Korrika, Irungo San Juan plazan. Bidasoko AEK euskaltegiko irakasleek eramango dute lekukoa lehen kilometroan.

Korrika hasiera eguna
Lehen eguneko egitarauaren aurkezpena, gaur, Irunen. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko martxoaren 11
12:36
Entzun

Hiru egun. Hiru egun baino ez dira falta 23. Korrika Irundik (Gipuzkoa) abiatu eta Euskal Herri osoan euskararen aldeko aldarria zabaltzeko. Lehen egunerako, ostegunerako, egun osoko egitaraua prest dute dagoeneko, eta gaur aurkeztu dute, Irunen bertan.

Goizean goizetik hasiko da festa: 11:00etan, Gazte Korrika egingo dute, eta, hortik aurrera, hamaika ekitaldi izango dituzte aukeran hara joaten direnek. Baina arratsalde partean izango dira ekintzarik entzutetsuenak: 15:30ean ekitaldi nagusia egingo dute San Juan plazan, eta 16:00etan hasiko da Korrika, leku beretik.

Lehen kilometroan, Bidasoko AEK euskaltegiko irakasleek izango dute lekukoa eramateko ardura eta ohorea. Horrek duen esanahia nabarmendu du Beñat Alzagak, euskaltegiko zuzendariak: «Lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena, eta, beste aldetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze lanak tinko aurrera egiteko». Korrikak 2.792 kilometro izango ditu aurretik.

Lehen kilometroa pasatuta, Korrikak aurrera egingo du. Baina Irunen festan jarraituko dute: kontzertuak egongo dira, besteak beste.

egitaraua

  • 11:00etan. Gazte Korrika Mendelutik Zabaltza plazara. 
  • 11:30etik 19:00etara. Artisau azoka, ospitale zaharreko plazan.
  • 12:30etik aurrera. Jateko eta edateko aukera egongo da Urdanibia plazan.
  • 12:30ean. Bertso trikipoteoa, Almudena Grandes plazatik abiatuta.
  • 15:30ean. Ekitaldi nagusia, San Juan plazan.
  • 16:00etan. Korrikaren hasiera.
  • 17:30ean. Burrunba elektrotxaranga, Urdanibia plazaren inguruan.
  • 19:00etan. Esne Beltzaren kontzertua, Urdanibia plazan.
  • 21:00etan. Bad Sound eta lagunak, Urdanibia plazan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.