Auzolanaren ideia ondo gorpuztua da Ipar Euskal Herriko laborarien artean. Ez alferrik, saretuta daude haietariko asko Idoki elkartean, Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartean. Laborantza iraunkorra lantzen duten ehunka etxalde txikiz osatutako elkartea da. Laborariek ekoizten dutena baino ez dute saltzen, eta salmenta zuzenekoa izaten da. Oinarri horiekin daramatza elkartuta azken 25 urteetan, eta elkartearen jarduteko modua ezin hobeto ezkontzen da aurtengo Elgarrekin leloarekin, auzolanean oinarritzen baitira. Laborari sare horrek hornituko du gaur Herri Urrats edariz eta elikagaiz.
Isabel Berreix Arberoa (Nafarroa Beherea) laborari eta ikastolako gurasoak eman ditu azalpenak. Herri Urrats bakoitzaren ostean egiten duten gogoeta saioen ostean, iazkoan, Arberoako ikastolatik proposatu zuten ea hurrengo urterako bertako ekoizpenaz hornitzerik ote zegoen Herri Urratserako jatekoa eta edatekoa. Batetik, jateko moduan ekologikoa eta bertakoa kontsumitzeko filosofia errotua ikusten zutelako; eta, bestetik, laborarien mundua euskarari loturik izan delako Ipar Euskal Herrian. «Ikastolako guraso asko dira laborariak», dio Berreixek. «Laborari munduak luzaz atxiki du euskara bizirik, eta euskaraz mantentzeko tresna kualitatiboak dira. Adibidez, Arberoa ikastola laborariz josia da, eta laborantzak badu bizi bat».
«Laborari munduak luzaz atxiki du euskara bizirik, eta euskaraz mantentzeko tresna kualitatiboak dira. Adibidez, Arberoa ikastola laborariz josia da, eta laborantzak badu bizi bat»
ISABEL BERREIX Arberoa ikastolako gurasoa eta laboraria
Hala joan dira proposamena onduz, eta aurtengo eskaintza borobilduz. Jatorria eta kalitatea bermatuko dituzte. Senpereko lakuaren bueltan Herri Urratsek eskainiko dituen janak eta edanak Iparraldeko etxaldeetatik zuzenean iritsiak izango dira.
Idokin hamazazpi ekoizpen mota lantzen dituzte, hala nola ardi, behi eta ahuntz gasna, oilaskoa, ahatekia, behikia, fruituak, ogia, eztia, arnoak, sagarnoa, piperra eta bestelako barazkiak.
Ipar Euskal Herriko festa askotan, laborari sindikatuak laborarien txokoa egiten du. Iazko Baionako bestetan bost egunez jarri zuten, eta sekulako arrakasta izan zuten. Handik jaso zituzten irakaspenak Herri Urratserako eskaintza borobiltzeko.
Hartara, elikagai hotzei dagokienez, ardi, behi eta ahuntz gasna eta txerriki platerak eskainiko dituzte, saltxitxoia, urdaiazpikoa eta patea. Ogia ere laborariek egindakoa izango da.
Plater nagusietan, pasta ekologikoa, laborari batek egindakoa. Boloniar saltsa eskainiko dute, hori ere laborariek egina.
Hanburgesak ere eskainiko dituzte, ekologikoak. Tokiko irinarekin modu ekologikoan egindako ogietan sartuko dute haragia. Entsaladak eta hanburgesa hotzak ere izango dira aukeran.
Azkenburukoak, ardi eta behi esneekin egindako izozkiak eta fruituekin egindakoak izango dira.
Edatekoetan, berriz, ardoa, sagardoa, fruitu ziropak eta infusioak ere etxaldeetatik etorriko dira zuzenean.
Hogei etxaldetik gora saretu dira Herri Urratsera joango direnei jana eta edana bermatzeko, bertakoa eta kalitate ziurtatua duena.