Korrikako entzunezko ibilbidea

44 urte igaro dira 1980an lehenengo Korrika egin zutenetik. Lasterketa horren historia ezagutarazteko helburuarekin, hain zuzen, edizio bakoitzeko pasadizoak kontatzen dituen podcast saioa sortu dute aurtengo antolatzaileek.

1980ko Korrika. Lehenengoa izan zen.
1980ko Korrika. Lehenengoa izan zen. AEK
iraia vieira gil
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

«AEK-k hasieratik izan du argi berebiziko garrantzia duela helduak euskaraz alfabetatzeak, baita Euskal Herriko biztanle guztiek euskara ezagutzeak ere. Horregatik, Korrika sortzeko garaian, bi alderdi horiek uztartu behar zirela erabaki zuen». Korrikako historia entzunez helarazteko AEK-k aurten sortu duen podcast saioaren hasiera da hori. Hain zuzen ere, 1980. urtean, Euskal Herriko taberna batean, AEK-ko kideek izan zuten elkarrizketa baten harira sortu zen euskara aldarrikatzeko lasterketarik ezagunena, eta hori kontatzen du, zehazki, lehenengo atalak. Hainbat arrazoik eragina izan zuten erabakian: «Batetik, beste hainbat ekimenetan gertatu izan den bezala, AEK-k diru premia handia zuen, eta, gainera, Euskaltzaindiatik jasotzen zuen babesa galtzear zegoela nabari zezakeen; beraz, bide berriak aurkitu behar ziren». Korrika asmatu zuten orduan, nahiz eta beste hamaika izen ere proposatu zituzten hasieran: «Laisterka, Arineketan, Antxintxika, Saltaka, Takarrara...». 

Podcastean azaltzen denez, sei hilabete behar izan zituzten lehenengo edizio hori prestatzeko. Oñatitik irten zen, azaroaren 29an, eta Bilbon bukatu zen, abenduaren 7an. Euskal Herria osoa zeharkatu zuten orduan ere, guztira 1.820 kilometro eginez. «Korrikaren lehen edizioa arrakastatsua izan zen alde askotatik; batik bat, jaso zituen diru kopuru eta bultzada handiengatik». Ordea, gauzak ez ziren espero bezain ondo atera: «Remigio Mendiburuk diseinaturiko lekukoaren barruan, Rikardo Arregiren [1942-1969] mezuak joan behar zuen, baina desagertu egin zen». Julen Kaltzadak, beraz, lasterketa amaitu osteko diskurtsoa inprobisatu behar izan zuen. Bi urte geroago, Korrikaren bigarren aldian, Arregi omendu zuten, bizirik zegoen bitartean euskararen alde egin zuen lanagatik. «Hortaz, iritsi zen, halako batean, Korrikaren jatorrizko mezua lasterkariengana; bi urte eta lau orduko atzerapenaz». 

1986an, Korrikaren laugarren edizioan, bi mila kilometro baino gehiago egin zituzten lehen aldiz korrikalariek, Herri bat, hizkuntza bat lelopean. Edizio berezia izan zen, AEK-ko zazpi irakaslek grose geba egiteari ekin ziotelako. Lau hilabetez soldatarik ez jasotzea izan zen protesta egiteko arrazoi nagusia, baina beste aldarrikapen batzuk ere egiten zituzten. «AEK-k jasaten zuen gaitzespena agerian jarri nahi zuten, eta, horrekin batera, euskaltegia homologatzea eskatzen zuten». Ekainaren 7an, Korrika Gasteizera heldu eta bi egun lehenago, Eusko Jaurlaritzarekin bildu ziren, eta, lortutako akordioarekin poz-pozik ez bazeuden ere, greba amaitzea erabaki zuten. Irakasle horietako bik Korrikako lekukoa hartu zuten ekainaren 9an.

22 atal

Edizio bakoitzeko pasadizoak gogora ekartzeaz gain, Korrikaren inguruko hainbat bitxikeria ere biltzen ditu podcastak; lasterketako furgonetari dagokionez, adibidez. «Jakinaraziko dizuedan sekretua urte askoan eduki dugu sekretupean, eta fidatzen naiz ez duzuela lau haizeetara zabalduko. Hona hemen: lasterketan zehar, bi furgoneta egon ohi dira». Horrela, gidari batek ibilbidea egiten duen bitartean, besteak atseden hartzeko aukera du. Hamalau ordutik behin egiten dituzte erreleboak, eta, askotan, txanda aldatzen den herri horretan bertan jatekoa eta lo egiteko tokia eskaintzen dizkiete. 1984an, zehazki, gidarietako bat eta berarekin furgonetan zihoazen gainerako kideak Tuteran gelditu ziren, «euskaltzale batek utzi zien aterpean» deskantsatzeko asmoarekin. «Mokadutxo bat egin, dutxatu eta lo egin ondoren, lasterketarekin bat egitea zuten asmoa». Baina ezin izan zuten: «Gidaria autora hurbildu eta atea irekitzeko giltza falta zitzaiola konturatu zen. Antza, Tuterako aterpean utzia zuen!». 

Oraingoz, 22 atalek osatzen dute podcast saioa eta guztiak eskuragarri daude Korrikako webgunean, Korrikateka izeneko sailean. Kronologikoki antolatu dituzte, eta urteetan Korrikaren ikur izan diren beste hainbat konturekin bildu dituzte; esaterako, edizio bakoitzeko logoekin, kartelekin eta abestiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.