Arrasateko ura edangarria da berriro

Hiru egun egon dira iturriko ura edan ezinik, baina konpondu dute arazoa. Bertan behera geratu dira Arrasateko Udalak ezarritako behin-behineko neurriak.

Iturriko ura, artxiboko irudi batean. NEIL HALL / EFE
Iturriko ura, artxiboko irudi batean. NEIL HALL / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 28a
14:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak behin betiko oniritzia eman dio Arrasateko (Gipuzkoa) ur-hornidura sistemari. Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako Urak erakundeak egin dituzte analisiak, emaitza egokiak izan direla egiaztatu dute, eta emaitza horiek berretsi egin ditu Osasun Sailak. Hortaz, Arrasateko herritarrek iturriko ura arazorik gabe edan ahalko dute hemendik aurrera.

Ostegun gauean hasi ziren arazoak herriko ur horniduran, eta udalak iturriko ura edateari uzteko gomendioa egin zuen. Behin-behineko zenbait neurri ere abiarazi zituen, herritarrek ura izan zezaten. Gaur goizean utzi dituzte bertan behera neurri horiek.

Arazoaren jatorria ezbehar bat izan zen. Hain zuzen, Zubillaga auzoko ur azpiegitura hobetzeko lanak egiten ari zen Gipuzkoako Urak, eta, ezbehar baten ondorioz, lokatzez zikindutako urak Zalduspeko deposituetan eta herriko ur sisteman sartu ziren. Konpondu dute jada arazoa.

Arrasateko Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei, «azken egun hauetako egoera konplikatuan erakutsitako jarrera eredugarriagatik». Oharraren arabera, «izandako ur murrizketen harira herritarrek adierazitako pazientzia eta ulermena funtsezkoak izan dira behin-behineko zerbitzua modurik ordenatuenean kudeatzeko». Udal langileen lana ere goraipatu du udalak, eta eskerrak eman dizkio Bergarako Udalari ere, «beraien ur horniduratik ur zisternak betetzeko laguntza emateagatik».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA