Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartea omenduko dute piratek

Abuztuaren 8an hasiko da Donostiako Aste Nagusia, eta 15ean bukatuko. Donostiako Piratek prentsaurrekoa egin dute gaur, eta beren egitaraua aurkeztu.

Donostiako Piratak, gaur, portuan egin duten prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako Piratak, gaur, portuan egin duten prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2026ko uztailaren 15a
15:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Herri bizi batek hizkuntza bizi bat behar duelako», horregatik omenduko dute aurten Donostiako Piratek Bagera euskaltzaleen elkartea: hura izango da Aste Nagusi honetako Matti. «Donostian euskara indartzen, euskaltzaleak antolatzen, hizkuntza ohiturak aldatzen…» dihardute Bagerakoek 1991tik, Maider Herreros Donostiako Piratetako kideak azpimarratu duenez. Piratek ere euskararen kontrako oldarraldiari aurre egitera deitu dute, iritzita euskaltzaleak antolatzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela, baita jaietan ere.

Abuztuaren 8an hasi, eta 15era arte iraungo du Donostiako Aste Nagusiak, baita Donostiako Piraten egitarauak ere. Gaur aurkeztu dute, Donostiako portuan egindako prentsaurrekoan. «Donostiako jai herrikoi, euskaldun eta transfeministetan» parte hartzera deitu dituzte herritarrak, eta egitarau oparo bezain askotarikoa osatu dute Aste Nagusirako. Bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, play-back lehiaketa eta herri bazkaria izango dira, besteak beste, Jokin de Miguel Donostiako Piratetako kideak jakinarazi duenez.

Bestalde, «mugimenduaren ikur» bilakatu den ekitaldia, hau da, abordatzea abuztuaren 12an izango da, Piraten Egunean. Donostiako kaiko Flamenka gunea musika talde eta bakarlarientzako plaza bihurtuko dute, «programazio askotarikoa, feminista eta euskalduna» osatuta: Anari, Altxalili, Xiberoots, Sua, Mirua, Neomak, Skabidean eta Siwanaba ariko dira oholtzan, esate baterako.

Musikaren, ikuskizunen eta bestelako proposamenen artean ez da faltako aldarri politikorako abagunerik. «Donostiako Piratok argi dugu jaiak ez direla ospatzeko esparru hutsak»; festak, euskaldunak ez ezik, transfeministak, antirrazistak eta herrikoiak izateko helburuarekin dihardute piratek. Palestinako herriaren aldeko jarrera eta konpromisoa ere ez dira falta izan; Coca-Colaren aurkako boikot kanpainara batu dira: «Saiatu gara gure erabakiak koherenteak izan daitezen defendatzen dugun herri ereduarekin». 

Puntu morea

Piraten lantalde feministaren izenean hartu du hitza Irati Gastesik. Jakinarazi du kai inguruan erasoak salatzeko puntu morea jarriko dutela, eta udalak Bulebarrean jarritako artatze gunera lagun egingo dietela hala nahi dutenei. Hori bai: «Donostiako Piraten lantalde feministako kideek garbi ikusten dugu ez dela nahikoa hiri guztiko erasoak leku bakar batean artatzea». Hori horrela, eskatu dute profesionalez halako gune gehiago jar ditzatela hirian zehar, eta profesionalak aritu daitezela horietan lanean.

Balio eta protokolo antirrazistei ere garrantzia eman diete. Eraso arrazisten aurka egiteko, kalera aterako dira abuztuaren 15ean, 19:30ean. «Erasoeak dauden bitartean aurrean egongo gara, eta horiei denon artean aurre egiteko ardura dugu», adierazi du. 

Flamenkako kontzertuak

  • Abuztuaren 8a, larunbata. Lehian erromeria (23:05). 
  • Abuztuaren 9a, igandea. Anari (19:00), Altxalili (21:00) eta Ezezez (23:05).
  • Abuztuaren 10a, astelehena. Tapia eta Leturia (20:00), Xiberoots (23:05) eta Brava (01:00).
  • Abuztuaren 11, asteartea. Svetlana (20:00), Aimarz (23:05) eta Siwanaba (01:00).
  • Abuztuaren 12a, asteazkena. Bele (23:05) eta Neomak (01:00).
  • Abuztuaren 13a, osteguna. Sua (23:05) eta Ezpalak (01:00).
  • Abuztuaren 14a, ostirala. Skabidean (00:30).
  • Abuztuaren 15a, larunbata. Mirua (23:05) eta Kiliki (01:00).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA