Gipuzkoako egoitzetan bizi diren eta mendekotasunen bat duten lau adinekotik hiruk —%74,5— uste dute bizi kalitate ona dutela. Etxean artatzen dituztenei dagokienez, berriz, %57,4ek uste dute hori. Horixe diote ASCOT Adult Social Care Outcomes Toolkit azterlanaren emaitzek. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du ikerketa hori, eta, ebidentzia zientifikoen bitartez, zainketek adinekoen egoitzetan eta beren etxeetan nola eragiten duten jakiteko modua ematen du. «Ez gara konformatzen gaur egun abian ditugun zerbitzuekin», esan du Eider Mendoza diputatu nagusiak. «Gipuzkoako adinekoen bizi kalitatea hobetzeko anbizioa dugu, eta jauzi bat eman nahi dugu ikerketa honekin».
Diputatu nagusiak azaldu du ikerketa hori egiteko Gipuzkoako gizarte zerbitzuek artatutako 65 urtetik gorako 3.025 lagun hartu dituztela kontuan —horietatik 1.983 etxean bizi dira eta 1.042 egoitzetan—.
Mendozaren hitzetan, azterlanean jasotzen den ondorio nagusia zera da, bizi kalitatea ez dela hobetzen baliabide eta zerbitzuen eskaintza handiagotuta, baizik eta eskaintzen den zaintza «pertsonalizatua» eta «jarraitua» bada. «Oso garrantzitsua da adinekoen beharrak eta lehentasunak errespetatzea eta lotura komunitarioak bultzatzea». Dio diputazioa ahaleginak eta bi egiten ari dela hori hala izan dadin. «Trantsizio irmoa egiten ari gara zaintza eredu pertsonalizatuagoa, komunitateari estu lotutakoa eta berritzailea izateko».
Arreta pertsonalizatua
Adineko egoitzei dagokienez, diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak datu bat jo dute esanguratsutzat: lau lagunetik hiruk uste dutela beren bizi kalitatea ona dela. Azterlanean dio egoiliarren iritziz zainketaren pertsonalizazioa dela ongizatea hobetzen laguntzen dien elementuetako bat. «Beren nahiak eta lehentasunak oso kontuan hartzen direla sentitzen duten erabiltzaileek 0,17 puntuko hobekuntza lortu dute ASCOT indizean», esan du Peñak. «Oso datu esanguratsua da hori, berresten baitu arreta pertsonalizatzeak eragin zuzena duela egoiliarren ongizatean».
Are, foru diputatuak dio parte hartze komunitario handiagoa duten zentroetan dauden egoiliarren bizi kalitatea hobea dela. «Adierazle hori igotzen den bakoitzean, 0,96 puntuko hobekuntza lortzen da ASCOT indizean». Aldiz, beste aldagai batzuek, hala nola zentroaren tamainak, kudeaketa ereduak eta kokapenak ez dute lotura esanguratsurik erakusten bizi kalitateari dagozkion emaitzekin.
Etxeko arretari dagokionez, azterlanean zera ondorioztatu dute, bizi kalitatea hobetu egiten dela erabiltzaileek «beren beharretara egokitutako laguntza sare jarraitua eta koordinatua» dutenean. «Ikerketak agerian uzten du Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoak, eguneko zentroetarako laguntzak eta antzeko baliabideek zainketen jarraitutasun hori errazten dutela, eta, horri esker, pertsonak autonomia, ongizate eta segurtasun handiagoa izaten dutela etxean», dio Peñak.
Ikerketan parte hartu dutenen batez besteko adina 82,6 urtekoa da —81,9 urtekoa etxean bizi direnena, eta 83,9koa egoitzetan bizi direnena—, eta, oro har, «mendekotasun handia» dute eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretarako.
Peñak esplikatu du «muga funtzionalak pertsona horietako askoren eguneroko errealitatearen parte» direla. Izan ere, ikerketan dio %20,8k ezin dutela modu autonomoan ibili, %24,8k ezin dutela eguneroko garbiketa pertsonala egin, %37,1ek ezin dutela laguntzarik gabe jantzi eta %27,3k ezin dutela telefonoa erabili. «Gainera, %70 inguruk zailtasunak dituzte etxeko lanak egiteko garaian, eta horrek agerian uzten du bizitza duina eta autonomoa bermatzeko etengabeko laguntza behar dutela».
Azterlanak adinekoen osasun egoeran eta ongizate emozionalean ere jartzen du arreta. Parte hartu dutenen %43,5ek uste dute bere osasun egoera «erdipurdikoa» dela. Etxean bizi direnak gogoan hartuta, %39,9k diote «nahiko estu» edo «deprimituta» sentitzen direla, eta %7,5ek, berriz, «depresio maila oso edo ikaragarri handia» duela. Egoitzetan apalagoak dira ehuneko horiek, %34,1 eta %4,1, hurrenez hurren.
Agentzia
Mendozaren irudiko, bizi kalitatea ebaluatzea funtsezkoa da pertsonen arreta sistema hobetzen jarraitzeko. Horrekin lotuta, iragarri du aldundiak «beste jauzi bat» emango duela irailean, Gipuzkoako Gizarte Politiken Kalitate eta Ebaluaziorako Agentzia jarriko baitu abian. Agentzia independentea izango da, eta politika publikoek pertsonen bizi kalitatean duten benetako eragina neurtzeaz arduratuko da. Irailaren 2an aurkeztuko dute, Tabakaleran.
GIPUZKOAKO ZAHAR ETXEAK GREBAN
Gipuzkoako Foru Aldundiak «jauziak» eman asmo ditu zaintzaren arloan, baina, bien bitartean, iazko azarotik greba mugagabean dira herrialdeko zortzi zahar etxetako langileak, ELA sindikatuak deituta. Hainbat mobilizazio eta greba egun egin dituzte ordutik. Lan baldintza hobeak eskatzen dituzte, bai eta baldintza horiek lan itun berri batean arautzea ere.
Greba mugagabean dauden zortzi zahar etxeak hauek dira: Zumaiako San Juan (Clece Mayores), Errenteriako Sagrado Corazon (Eulen Sociosanitario) eta Sanmarkosene (Gureak), Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia), Ordiziako San Jose (Zaintzen-Clecde), eta Donostiako Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Txara I (Gipuzkoako Biharko) eta La Paz (GSR).