Gipuzkoako zahar etxeetako langileek «propaganda» egiteari uzteko eta baliabideak jartzeko eskatu diote aldundiari

Seiehun langile baino gehiago daude greban, eta 313 egun daramatzate. Egoera desblokeatzeko, ELAk lanaldi osoko kontratuak eskatu ditu langile guztientzat. Zaintzaldia ekimena antolatu dute gaurko eta biharko, aldundia interpelatzeko asmoz.

Gipuzkoako erresidentzietako langileen agerraldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Gipuzkoako erresidentzietako langileen agerraldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
Donostia
2026ko irailaren 17a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kamiseta more bana soinean elkartu dira greban diren erresidentzietako langileak Donostiako Cervantes plazan. Kamisetako mezua, sinplea: «Gipuzkoako erresidentziak greban!». Hirurogei lagun inguru dira, emakumeak gehien-gehienak. Ordua iritsi denean, laukote bat aurreratu da mikrofonoetara, eta atzean geratu dira gainontzekoak, aulki banatan eserita. ELAren pankartak ere ikusten dira atzean, hark baitu gehiengoa sektorean.

Esplikatu dute Gipuzkoako zortzi zentrotako langileak greban daudela, eta 313 egun bete diela gaur greba horiek hasi zirenetik. Seiehun langile baino gehiago daude greban, Errenterian, Zumaian, Zumarragan, Ordizian eta Donostian lan egiten dutenak. Ordezkarien arabera, negoziazio mahaiak «blokeatuta» jarraitzen du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote «propaganda» egiteari utzi eta baliabideak jar ditzala, prekaritatea amaiaraziko duen hitzarmen bat lortzeko.

«Foru aldundiak finantzatzen du zerbitzua, baina langile gehienak pribatizatuta daude, eta gero eta prekarioagoak dira», adierazi dute Maider Goiainek eta Yurena Garciak, batak euskaraz eta besteak gazteleraz. Gaineratu dute langileen ia erdiek «borondatezkoak ez diren kontratu partzialak» dituztela, eta soldata arrakala urtean 10.000 eurotik gorakoa dela. 5.000 langile daude sektorean.

Haien hitzetan, lan baldintzen okertzeak eragina du sektorean, eta ezin dute eman adinekoek behar duten kalitatezko zerbitzua. Hori dela eta, eskakizun bat egin dute: langile guztiek lanaldi osoko kontratuak izatea. Esan dute neurri horrek zuzenean hobetuko lukeela zerbitzua, arreta ordu gehiago leudekeelako.

Zaintzaldia eta urratsak

Egoera honetan, ELAk zenbait ekintza antolatu ditu, gaurko eta biharko, eta Zaintzaldia deitu diote programa horri, «erresidentzietako zinemaldia, non izarrak grebalariak izango diren». Aintzane Orbegozok eman ditu egitarauaren inguruko azalpenak.

(ID_16455622) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-09-17, Donostia. Gipuzkoako erreidentziako langileak, agerraldia, Greban
Zaintzaldia ekimenaren sari banaketa, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Lehenik, Zaintzaldiaren sari banaketa egin dute, prentsaurrekoa amaitu ondoren, eta hainbat sari banatu dituzte: prekaritatea gehien zabaltzen dutenentzat, lanaldi partzialak sustatzen dituztenentzat... Horrela aldundia interpelatu nahi dutela azaldu du Orbegozok: «Hura ari da prekaritatea zabaltzen, hura ari da modelo hau sustatzen. Hura da zerbitzuak finantzatzen dituen instituzio nagusia, eta hark kontratatzen ditu prekaritate hau gauzatzen ari diren enpresetako asko».

Horrez gain, ELAk «arrazismoaren aurka» egin duen gida aurkeztuko dute gaur arratsaldean. «Gero eta prekaritate handiagoa dago, eta gero eta pertsona migrante eta arrazializatu gehiago dago sektorean. Uste dugu lotura zuzena dutela». Gogoeta egingo dute horren inguruan, baita greba luzeen inguruan ere. Gainera, manifestaziora deitu dute bihar, eta 12:30ean hasiko da, Cervantes plazatik. Mikel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere parte hartuko du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA