Zuzeneko kontakizuna: 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala

Gipuzkoako 2024ko Bertsolari Txapelketak badu txapelduna: Alaia Martin Etxebeste. 1099,5 punturekin lortu du lehen postua. Azkenean, hala gelditu da sailkapena:
Alaia Martin.................1.099,5 puntu.
Beñat Gaztelumendi....1.054,5 p.
Oihana Iguaran............637 p.
Ane Labaka................. 626 p.
Aner Peritz Euzkitze.... 617 p.
Nerea Elustondo......... 590 p.
Andoni Rekondo......... 578,5 p.
Eneritz Artetxe............ 574,5 p.
Txapeldunaren agurra
Txapela jantzita, hala agurtu du Martinek Illunben bildu den ikus-entzulea:
Bihurtu ditzagun lagunak
bizitzaren tenplu
badakitenak zer noiz nola
eta non galdetu
entzuten gaituztenak
nahiz ta pixkat logaletu
ta etxe bihurtzen dutenak
edozein ez leku
disolba dezagun eskuina
ta auzoa ezkertu
egon gaitezen lagunekin
hauskor eta inperfektu
elkarrengandik gertu eta
elkarrentzat gertu
Arantzazu Loidiren bertsoa
Arantzazu Loidik jantzi dio txapela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunari, eta bertso bat kantatzeko ere aprobetxatu du aukera:
Zorionak Alaia
nire miresmena
bertso eskola danei
aurtengo omena
irakasle guztiei
gure aitormena
eta joan zirenei
ere aipamena
noraino iritsi den
hasi zenutena
Azken agurrak
Azken agurrak kantatzen ari dira zortzi bertsolariak.
Sailkapena
Hala galditu da sailkapena:
Alaia Martin 1099,5
Beñat Gaztelumendi 1054,5
Oihana Iguaran 637
Ane Labaka 626
Aner Peritz Euzkitze 617
Nerea Elustondo 590
Andoni Rekondo 578,5
Eneritz Artetxe. 574,5
Alaia Martin, 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldun
1099,5 puntu eskuratuta lortu du lehen postua.
Buruz burukoa: Beñat Gaztelumendiren ganbarako lana
Gaztelumendik hala eman du lehen kolpea «Euskal hiztunak oraindik/ jaitsi ez arren erdira/ gure lehentasunetatik/ aspaldi zen erretira/ ta hala gaude Parisa/ eta Madrila begira/ Euskal Herria diogu/ baina Euskal Herri da?».
Segidan zerrendatu du Gaztelumendik nolakoa izatea nahiko lukeen Euskal Herria: «Euskal Herri bat nahi nuke/ zikindua, lokaztua/ orain ertzean daudenei/ jartzen diena gustua/ umetatik sormenean/ ta kulturan arnastua/ ertzak maite dituena/ ta euskaran ardaztua».
Gaurko Illunbeko argazkia jarri du, azkenik, nahiko lukeen Euskal Herri horren adibide gisa: «Bertsolaritzak bide bat/ ere zabal lekieke/ adibidez, begiratu/ gaur Illunbe bete-bete/ gaur fikzio bat da baina/ egia izan daiteke».
Buruz burukoa: Beñat Gaztelumendiren ganbarako lana
«Gaur egungo datuek diote herritarrok Euskal Herriarekiko gero eta atxikimendu gutxiago dugula. Etorkizunera begira jarri zara». Gai horren gainean kantatu behar izan ditu Gaztelumendik ere buruz burukoko ganbarako ariketako hiru bertsoak.
Buruz burukoa: Alaia Martinen ganbarako lana
Honakoa izan da Martinen ganbarako aurreneko kolpea: «Errealitatea da/ nahiko eremu krudela/ baina inuzentea naiz/ nola biziraun bestela?/ sinistu nahi dut guztia/ gaizki ikertu dutela».
Haurrak euskaraz heztea. Horixe da gakoa Martinen bigarren bertsoaren arabera: «Apatia da nagusi/ atsegin zein desatsegin/ zerbait egin beharko da/ bihurtu dadin etekin/ haurrak euskaraz hezi ta/ garenaz ongi hitz egin».
Azkenik, hala bukatu ditu gaurko ariketa puntuagarriak: «Ta aprobetxatu dute/ ta atera diote punta/ baina hemen gaude denok/ zatika bezain batuta/ zergatik ez dugu hartzen/ geroaldiko batuta/ bidea egiteke dago/ non jarri nahi dugu lupa?/ nora iritsi nahi dugu?/ nola joan ezkutuka?/ Izan baikor ta eragin/ eragin ahalduntuta/ dena dago egiteke/ ezer ez dago galduta».
Buruz burukoa: Alaia Martinen ganbarako lana
Alaia Martin izango da buruz buruko ganbarako lanari ekiten aurrena. Iker Iriartek eman dio gaia dagoeneko: «Gaur egungo datuek diote herritarrok Euskal Herriarekiko gero eta atxikimendu gutxiago dugula. Etorkizunera begira jarri zara».
Buruz burukoa: puntuka
Puntuka aritu beharko dute segidan Martinek eta Gaztelumendik.
Buruz burukoa: zortziko handian, launa bertso
Zortziko handian launa bertso kantatu beharko dituzte txapela janzteko hautagai biek. Honakoa dute gaia: «Haurrekin partxisean zabiltzatenean, Alaiak haurrei uzten die irabazten, Beñatek ez».
Martinek eman du lehen kolpea: «Nik irabazten utzi diet/ disimulu handiz, ejem/ beranduago jakingo dute/ bizitza ze gogorra den». Gaztelumendik erantzun dio egun guztiak direla gogorrak: «Baina gelditzen naizen uneetan/ garaipenetik aparte/ genio txarrez segitzen det nik/ hurrengo igandera arte».
Martin eta Gaztelumendi, buruz burukora
Martin eta Gaztelumendi sailkatu dira buruz burukorako.
Iguaranen ganbarako ariketa
Ikerlari izatea egokitu zaio Iguarani ere, eta egin duen ikerketak zeresan handia eman duela esan dio gai emaileak. Euskal Herriko Txapelketan estreinakoz atera zuen Hor bide eguzkitsu bat doinuan jantzi du ariketa. Osakidetzaren tratuaz aritu da bertsoaldian. «Emaitzak atera dira/ jendea eztago lasai/ gaur arte etzen begiratu/ edo etzen begiratu nahi».
Bigarren bertsoan azaldu du pazienteak behar lukeela zer nahi duen erabaki: «Ta tratua askotan da/ salaketaren estalki/ pazienteak behar luke/ zer nahi duen erabaki/ bere baimena emanez/ ez guk bisturiz ebaki/ baizik berak erabaki».
Hala borobildu du hirugarren bertsoa: «Tratua erreparatuz/ egin det nik ikerketa/ datu ta txostenak daude/ kaxoitan giltzaz gordeta/ ateraz gero zer gerta?/ jada kontra atera da/ lehenbiziko epaiketa/ nazio batuek ontzat/ eman dute salaketa/ ta ni adi-adi nago/ gehiago izan litezke ta/ lehenbiziko salaketa».
Elustondoren ganbarako ariketa
Gaiaren arabera, kazetari izatea egokitu zaio Elustondori, eta elkarrizketatuak esandakoak oilo-ipurdia utzi diola kontatu behar izan du kantuz. Azaldu du etorkin bat elkarrizketatu duela, eta hark esandakoak izan ditu hizpide. «Nahiz denok garen ezkerrekoak/ hain irekiak ta hain fin/ logelatxo bat partekatzen du/ beste famili batekin».
Hala borobildu du bertsoaldia: «Egin diegun ongi etorri/ hori ez baita mardula/ hain sentitu naiz ahula/ ta malkoa darigula/ sentitu arren eztet pentsatzen/ kanbiatzerik sekula/ eurak miserin bizi arren guk/ lasai lo egingo dugula».
Peritzen ganbarako ariketa
Ganbarako gaiaren arabera, ikerlaria da Peritz ere, eta bertsogintza ikertu duela azaldu du bertsoaldian. Azaldu du ikerketaren ondorioak ez direla «eroso irten». Hala hasi du bertsoaldia: «Gizonek eztietela/ besteei lekurik egiten/ orain harritu zarete/ baina lehendik zenekiten».
Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik lana hartu du eredutzat. Hala amaitu du ariketa: «Sentitzen dut zuengatik/ datorrena datorrela/ isilduak ahoskatzen/ segiko dugu horrela/ hori dauka sistema honek/ halaxe izaten dela/ ta esaten ez diren asko/ ere egiak direla».