Horrela kontatu du BERRIAk Pradalesen izendapena
Ezustekorik ez: Iñigo Urkulluk Imanol Pradalesi eman dio aginte makila. EAJko Joseba Diaz Antxustegik galdetuta, Otxandianok azaldu du hautagai aurkeztu dela EAJren eta PSE-EEren gobernu akordioari buruz eztabaidatu ahal izateko.

Legebiltzarkideen txaloen artean hartu du kargua Pradalesek
Behin bozketa gaindituta, Gernikan (Bizkaia) hartuko du kargua Imanol Pradalesek.
Bakartxo Tejeriak berrestu du Pradalesen izendapena
Kontaketa eginda, aldeko 39 boto, Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Bakartxo Tejeriak, berrestu egin du legebiltzarkideen hautua: Imanol Pradales da lehendakaria.
Imanol Pradales da Eusko Jaurlaritzako lehendakari berria
Ezustekorik ez da izan Eusko Legebiltzarrean, Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak ez baitu behar adina boto lortu lehendakari izateko: Imanol Pradales hautatu dute. EAJko lehendakarigaiak EAJren eta PSE-EEren botoak lortu ditu, eta Otxandianok EH Bildurenak soilik. PPko, Sumarreko eta Voxeko legebiltzarkideak abstenitu egin dira.
Hasi dira bozkatzen
Lehendakaria bozkatzen hasi dira. EH Bilduko Julen Arzuaga izan da lehena. Banaka hasi dira bozkatzen.
Amaitu da osoko bilkura
Amaitu dute osoko bilkura, eta bost minutuko atsedenaren ostean, lehendakaria hautatzeko bozketarekin hasiko dira.
Otxandianori esan dio ez EAJk ez PSE-EEk ez dutela diskurtso autokonplazienterik egin, baina Nerea Kortajarenari, EH Bilduko legebiltzarkideri, diskurtso «katastrofista» egitea egotzi dio.
EAJk agintzen duenean azpiegiturak, enplegua eta bestelakoak hobe doazela nabarmendu du Antxustegik. De Andresi gogorarazi dio bera Arabako ahaldun nagusi zela adierazle asko okerrenak izan zirela; orain, aldiz, EAJ dagoela, ez.
Diaz Antxustegik du erantzuteko azken tartea
Talde guztiek esandakoei erantzuten hasi da EAJko Joseba Diaz Antxustegi. Sumarreko Hernandezi pentsatzeko eskatu dio, azken urteetan akordioetara iristea lortu dutelako, memoria historikoaren legearekin adibidez. Fiskalitateari buruz, gogorarazi dio eskumen hori foru gobernuena dela, eta ez dela, Hernandezek esan bezala, «formalismo bat». Gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan fiskalitatea Espainian baino progresiboagoa dela esan du.
Gobernu berriko alderdiei galdetu die ea gobernua zer den, subiranista, progresista, edo zer. Bestalde, EAJri galdetu dio eta PSE-EEk estatus berriari ezarritako betoa onartuko duen.
Kortajarenak hartu du berriro hitza
Umorerako tartea ere izan da Kortajarena hitz egiten hasi aurretik. «Gora euskadi» esaten amaitu du Anduezak, eta Bakartxo Tejeriak, legebiltzarreko presidenteak, hurrengo legebiltzarkideari sarrera egin beharrean, «gora» erantzun dio Anduezari. Barkamena eskatu du segituan, eta jarraian, gazteleraz, EH Bilduko Kortajarenak esan du: «Baina zer esan du, askatuta, edo zer esan du?».
Otxandianori, EAJk egin bezala, proposamen falta bota dio aurpegira, eta dena «subiranotasun aferara eramatea» leporatu dio ere. EH Bilduk egindakoa proiektu forma duen diskurtso bat dela esan du Anduezak.
Azkenik, Otxandianori esan dio eztabaidatzeko aurkeztu bada, aukera izan duela eztabaidatzeko, baina diskurtso bat egiteko aurkeztu dela esan dio.
Eneko Anduezaren gaurko azken hitzartzea
Eneko Anduezak Sumarri esan dio ez duela beraiengandik asko espero legealdi honetan, baina espero du EH Bilduren «28. legebiltzarkidea ez bihurtzea».
Bestalde, goratu du hamalau eskumen lortu dituela Eusko Jaurlaritzak Madrilen sozialistak daudenetik: «Mariano Rajoyrekin, zero».
Sumarreko Jon Hernandezek azaldu du haientzat legealdi honetan zentrala izango dela fiskalitatearen bidezko aberastasunaren banaketa.

Joseba Diaz eta Imanol Pradales, lehenaren hitzartzearen aurretik.
Amaitu dute denek, eta erantzuteko unea dute
Talde bakoitzeko ordezkari banak hamar minutu izango ditu orain erantzuteko. Gero etorriko da bozkatzeko unea.