Hitzak arazo bihurtzen direnean, benetako arazoak alde batera uzten dira. EAJren Gipuzkoako batzarkide taldeak Batzar Nagusien oporraldia eteteko eskatu du, ahaldun nagusiak bertan azalpenak eman ditzan. Agerraldiaren gaia Prada de Conflenteko Udako Unibertsitatean egindako adierazpen batzuen inguruko azalpenak ematea da. Adierazpen horiek —edo horien inguruko interpretazioak— hizpide eta ika-mikarako iturburu bihurtu dira. Espainiako Senatuko lehendakariak zentsura mozio bat aurkeztu beharra iradoki du. PPko buruzagiak prest agertu dira Bildu instituzioetatik kanporatzeko edozein ekimen babesteko.
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere Prada de Conflenteko Udako Unibertsitatean egindako adierazpenen inguruan ere osatu du haren blogaren azken artikulua. Eusko Jaurlaritzaren azken ekitaldi publikoa joan den uztailaren 28koa da, Espainiako Zientzia eta Ikerketa Ministerioarekin zahartzeari buruzko ikerketa zentro bat sortzeko akordioa sinatu zuenean. Haren ostean, hiru aldiz agertu da bere blogean, eta elkarrizketa pare bat eman ditu. Politikariek adierazpenekiko mendekotasun handia dute, egiten dutena eta egin asmo dutena azaldu beharra dutelako. Hitza ezinbesteko tresna da haientzat. Baina adierazpenen zurrunbiloan erortzea erraza bezain arriskutsua da. Agintari gisa aritu beharrean, politikariak egoera politikoaren komentarista bihurtzen badira, instituzioak gidatzeko eta arazoak konpontzeko ezintasuna agerian utziko baitute. Politika adierazpenetan oinarritzea hareazko gazteluak eraikitzea bezalakoa da, denek saihestu beharko luketena.
Hizpideak
Adierazpen zurrunbiloa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu