Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ez dira oso urruti egongo, hiru lehendakarigaik oporren atsedena hartzeko betarik hartzen ez badute. Termometroak gori-gori daude, baina Patxi Lopezek, Iñigo Urkulluk eta Antonio Basagoitik bakoitzak bere blogean post bana idazteko tartea aurkitu du udako egunik beroenetan. Patxi Lopezek joan den ostegunean jarri zuen bere gogoeta. Artikuluaren ardatz nagusia EAJri kritika egitea zen. Iñigo Urkulluk atzo goizean jarri zuen berea, luzea. Artikuluren funtsa Patxi Lopez eta Eusko Jaurlaritzari kritika egitea, eta, bereziki, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak egindako akusazioei erantzutea. Antonio Basagoitik ere atzo goizean jarri zuen bere gogoeta. Basagoitiren artikuluaren mamia hauteskunde legea erreformatzeko asmoa defendatzea, eta, bide batez, Bilduri eta EAJri kritika gogorrak egitea gai horren harira. Bitxia da blogen bidezko komunikazio mota hau PSE-EE, EAJ eta PPren buruzagien artean. Agian, erosoa izan daiteke egileentzat, batez ere opor giroko egun bero hauetan, baina herritarren ikuspuntutik hotza da. Hotza, blogetan iruzkinak egiteko aukera egon arren (11 iruzkin Lopezen post-ean, iruzkinik ez Urkullurenean).
Dena den, herritarren begietatik, bestelakoa da komunikazio mota horren inguruan sortzen den sentipen nagusia: blogen bidez elkarri kritikak egiteak elkarrizketarako gaitasun falta adierazten du. Hau da, arazoei aurre egiteko elkarrekin bildu eta proposamenak eztabaidatzeko ahaleginik eza. Batez ere, duela gutxira arte Eusko Jaurlaritza sostengatzeko aliatuak izan direnen artean. Hauteskundeak gertu daudelako seinale izango da.
Hizpideak
Blogen arteko lehia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu