Alderdi jeltzalearen 116. urteurrenean, uztailak 31, Iñigo Urkulluk iragarri zuen datorren legegintzaldia —Espainiako Gorteena— estatus politiko berri batena izango dela. Amaitzear dagoen legegintzaldia Gernikako Estatutua osatzeko balio izan duela argudiatu zuen uztailean Urkulluk. Aurrera begira, jauzi bat egiteko ordua iritsi da, EAJren irudiko.
Ordutik hona, baina, EAJk ez du argibide handirik eman jauzi hori egiteko moduaz eta bideaz, zenbait adierazpenetan Estatutu berri bat egiteko aukera iradoki badu ere. Erabakitzeko eskubidea bere barnean biltzen duen estatutu bat izango litzateke, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren garatuko zena. Etorkizunerako marrazkia hori zirudienean, harrigarria izan da erreforma konstituzionalaren bidera itzultzea. Defizit publikoa mugatzeko PSOEk eta PPk bultzatutako erreforma konstituzional azkarraren harira, EAJk autodeterminazio eskubidea Espainiako Konstituzioan aitortzeko proposamen bat iragarri du, eskubide historikoak, foruen zaharberritzea eta Eusko Legebiltzarrak 1990an autodeterminazio eskubidearen alde onartutako ebazpena oinarri hartuta. Ibilbide motzeko proposamena da, erreforma konstituzionalaren bidea PSOE eta PPren esku baitago erabat. Proposamenak proposamen, EAJk 1978an eskubide historikoen alde aurkeztutako zuzenketak lau foru lurraldeak biltzen zituen, nazio ikuspegi batetik. Gaur egun, badirudi ez dagoela eroso ikuspegi horrekin —koalizio berrirako proposamenaren «izaera nazionala» arbuiatu berri du—, eta prest dago bakarrik (eta independente batzuekin) gelditzeko.
Hizpideak
Erreformaren arrastoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu