Bost hilabeteko protestak eta bi milatik gora hildako eragin dituen errepresio odoltsua beharrezkoak izan dira nazioarteko komunitateak Bachar Al Assad Siriako presidentearen aurkako presioa gogortzeko erabakia har dezan. Europako Batasunak, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batuko gobernuburuek eta Barack Obama AEBetako presidenteak, norbere aldetik, Al Assaden dimisioa eskatu zuten atzo, eta Siriako erregimenaren aurkako «zigor gehiago» hartuko dituztela iragarri zuten. Zigor neurriak zehaztu zituen bakarra Obama izan zen, eta horien artean Siriatik petrolioa inportatzeko eta estatubatuarrek herrialdean inbertitzeko debekuak aipatu zituen.
Zentsurak eta komunikabideen kontrolak ezkutatu ezin izan duten bost hilabeteko errepresio odoltsua eta bi milatik gora hildako behar izan dituzte nazioarteko agintariek ohartzeko Al Assadek «Siriako herritar baketsu eta adoretsuen zilegitasuna galdu» duela, haren erreforma aginduek sinesgarritasunik ez dutela eta «joateko garaia heldu» zaiola. Siriako herritarrentzat aspaldi jasangaitza bihurtu den egoera, oraingoan bai, «onartezina» dela aitortzeko. Bost hilabete eta bi milatik gora hildako geroago.
Ez dirudi Al Assadek bere borondatez boterea utziko duela pentsatzeko arrazoirik dagoenik, baina, Libian ikusi denez, esku hartze militarrak ez du konponbidea bermatzen, eta maiz gisa honetako erabakiek —baita zigor ekonomikoek ere— herritarren kontra jokatzen dute. Egoeraren larriak Al Assad lehenbailehen nazioarteko justiziaren aurrera eramateko ekimenak gauzatzea eskatzen du.
Hizpideak
Esku hartzea Sirian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu