Jende guztia Espainiaren ekonomia gainbeherari begira dago, Europak hango —eta hemengo— finantza erakundeak erreskatatzeak izan dezakeen eragina jakin nahian. Baina Bidasoaz iparraldera ere asko dago jokoan gaur. Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan zentro-eskuineko hiru diputatu eserlekuari eustera aterako dira Ipar Euskal Herriko barrutietan. Jean Grenetek, Michele Alliot-Mariek eta Jean Lassallek, ordea, nekez jarraituko dute Frantziako Asanblea Nazionalean. Hiru aulki horietatik ezkerrak zenbat irabaziko dituen, hor dago koska.
Izan ere, François Hollande Frantziako presidente aukeratu dutelarik, PS Alderdi Sozialista legebiltzarrean ere nagusi izango ote den, hori izango da jokoan gaur eta ekainaren 17ko bigarren itzulian. Kohabitazioak zaildu egingo lioke Hollanderi Europak daraman ildoa aldatzeko lana; etxean murrizketetara mugatu gabe hazkundea bultzatzeko politikak egin ahal izatea, ordea, bide-erakusle izango litzateke Europan bidelagunak egin ahal izateko. Erantzuna, astebete barru.
Hizpideak
Europan bidelagun bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu