Espainiako Vuelta Euskal Herrira itzuli da 33 urte geroago. Kirol arrakastarekin batera, gizartearen nahia bete dela nabarmendu dute hainbat arduradunek, lasterketa berriz ekartzeko erabakiari kutsu politikoa ukatu zioten berberek. Ahaztu dute gizartearen borondateari men egitea dela jardun politikoaren ardatza?
Ia denbora bera, 30 urte, egin berri ditu Gernika margolanak Madrilgo Reina Sofia museoan, eta, kasu honetan ere, handik ez ateratzeko erabakiak politikarekin zerikusirik ez duela diote horretaz ardura dutenek, eta balizko arrazoi teknikoekin lotzen dute ezezko jarrera. Gernika-ren kasuan, ezberdintasuna da gizartearen iritziak ez dirudiela, haientzat, kontuan hartzekoa. Ezta Busturialdeko hainbat herritako alkateek Picassoren koadroa Gernikara ekartzeko hainbat aldiz —azkenengoa, atzo— edota Bizkaiko Batzar Nagusiek egin duten eskaera ere. Ezezko jarrera itxiak, ordea, teknikoak baino pisu handiagoko arrazoiak (ekonomikoak, sinbolikoak...) daudela sinestarazten dio gizarteari.
Hizpideak
'Gernika'-tik buelta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu