Espainiako Gobernuak sindikatuekin hitzartu gabe onartu duen lan erreformak hautsak harrotu ditu, eta sindikatu guztiek egin dute martxoaren 29rako greba deialdia. Pentsatzekoa da, horrenbestez, azken aldietan deialdi bateraturik ez eta gorabeheratsua izan den jarraipena oraingoan ia erabatekoa izan daitekeela.
Greba egunerako zortzi egun besterik ez da falta, eta motorrak berotzen ari dira sindikatuak. Baina baita grebak porrot egitea nahiko luketenak ere, ELA, LAB, EILAS, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dutenez. Izan ere, duela urtebete Gernikan atxilotu zituzten pikete bateko 18 kideentzat —pentsioen erreformaren aurkako greban— ia 70 urte eta 100.000 euroko zigorra eskatu du Fiskaltzak, orotara. Hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxealdia bakoitzarentzat. Greba orokor baten atarian. Horregatik, kasualitateetan ez baitute sinesten, sindikatuek uste dute grebalariak izutu nahi dituztela. Baina benetan izutzekoa krisiari aurre egiteko batzuk hartu duten bidea da. Greba eskubidea behintzat hor dago, oraingoz.
Hizpideak
Greba baten atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu