Xabin Makazaga.
Hizpideak

Hautagaiaren hitza

2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Euskal presoak hurbiltzea «desiragarria» da, eta, tokiko hautetsiak alde badira, bera ere euskal lurralde elkargoa sortzearen alde egongo da.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen hitzak dira, Itsasun atzo esandakoak. Baina presidente baten hitzak ez, berriro presidente izateko lehiatzen ari den hautagaiaren hitzak dira, kanpaina betean esanak. Zail zeukan hizkuntzaz euskaldunen gozagarri izango den ezer esatea, berriki jakinarazi baitu ez duela hizkuntza gutxituen Europako Ituna berretsiko. Beraz, presoen hurbiltzea eta departamendua.

François Hollandek bai, iazko irailean esan zuen, Larrainen Pastorala ikusi ondotik, presidente bada egingo duela saioa euskararen aipua Frantziako Konstituzioan sartzeko. Eta Sarkozyk ere, duela bost urte, hizkuntza gutxituen aldeko legea agindu zuen. Ez bata eta ez bestea, ez ziren originalak izan. François Miterrandek, izan ere, 1982an agindu zituen euskal departamendua eta hizkuntza gutxituen ofizialtasuna. Urteak igaro dira, baina ibili laburra du, bistan denez, hautagaiaren hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.