Xabin Makazaga.
Hizpideak

Hilabete bat dena galtzeko

2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Pobreziaren atarian direnentzako da langabezia saria amaitu osteko 400 euroko ordaina. Espainiako Gobernuak nabarmen gogortu ditu laguntza hori jasotzeko baldintzak, eta atzo jakin zen, neurria BOE aldizkari ofizialean argitaratzean, beste koska bat ere gainditu beharko dutela: langabeek egiaztatu egin beharko dute hilabetean lan bila jardun direla diru laguntza jaso ahal izateko.

Bere horretan, larria da neurria. Urtebetez egon beharra dago langabezian gero sari hori eskuratu ahal izateko, eta langabearekin bizi diren senide guztien diru sarrerak hartuko dira aintzat: etxeko bizilagun bakoitzari hilean 481 euro iristen bazaizkio, akabo laguntza.

Espainiako Gobernuak hartu berri duen beste neurri batek, ordea, are dramatikoagoa bihurtu du egoera. Izan ere, alokairuak arautuko dituen lege proiektua Gorteetara bidali du PPko gobernuak, eta, horren arabera, hilabete bakar bat ordaintzeari uzten dion maizterra etxetik kanporatzeko prozedura hasi ahalko da, hamar egunen buruan.

Aurrezkirik ez duena, beraz, hilabete batean langabezia osteko laguntzarik gabe eta alokatuta daukan etxetik kanporatzeko zorian egon daiteke. Egoera horretan, min egiten du belarrietan PPko gobernukideen diskurtsoak, langabezia sariaren araua premia handiena dutenei 400 euroak bermatzeko aldatu dutela entzun beharrak. Jakinik, administrazioa estu dabilelarik, kontuak ondo aterata egingo zituztela kalkuluak: zenbat eta gutxiagori ordaindu, zulo txikiagoa kontu publikoetan.

Herritarrak —premiarik handiena dutenak— ez daitezela oztopo izan Europarekin konplitzeko. Hilabetean dena galduko badute ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.