Lau haur hasi ziren. Konbentzituta dagoenaren egoskortasuna beharko zuten guraso haiek, sinesteko Lodosa eta Sartagudan ere, zergatik ez, baratze bat zegoela euskararentzat. Bazekiten belar gaizto ugari garbitu beharko zela, lur idorrean —ez anzuan—, eta Iruñeko boteredunen haize zitalaren astinduei eutsi. 25 urte egin dituzte, Euskararen Legeak beste. Bizitzeko eskubiderik ez zutela esan zieten unean bertan erabaki zuten Lodosan eta Sartagudan etorkizun euskaldun baten ametsari ekitea. Ez dago aipatu beharrik zein zaila izan den bidea. Dabilenak badaki, baina dabilen harriagoroldioari ez zaio errenditzen.
74 haur ditu egun. Ebroren lur emankorrean aurkitu du txoko bat. Barazki ugari eman ditu. Ilusioak eta maitasunak bakarrik atera diezaiokete hainbeste lurrari. Nafarroako eremu erdalduneko ikastolek badakite zer den behar gorrian aritzea. Eta badakite euskaldun guztion miresmen eta elkartasuna dutela. Ez dutela utziko belar txarrek Ibaialde garai dezaten. Iruñeko agintariek ez dute halako pozik merezi.
Hizpideak
Ibaialde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu