Liburuak debekatzen dituzten etorkizuneko gizarte bat irudikatu zuen Ray Bradburyk Fahrenheit 451 eleberrian. Irakurtzeak pentsatzea eragiten duelako eta pentsatzeak zoriontasunik eza dakarrelako, alegiazko gizarte horretan erre egiten dituzte liburuak. Zoriontsua izatea ezinbestekoa baita. Kexarik ez egiteko, geure buruari inguratzen gaituena ederra dela sinestarazteko.
Ray Bradbury hil da. Hain juxtu, Joxe Azurmendik Eusko Ikaskuntzaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jasoko duela jakin den egunean bertan. Eta Bradburyk idatzi zuen distopiaz oroitzea ez dago soberan halako egun batean, Azurmendik pentsaraztea izan baitu helburu bere obra guztian. Egoerak, arazoak, gatazkak aztertu dituzte haren saiakera lanek; kritikoki, zoriontsuak izatea baino gehiago, bizitza, mundua, gizakia ulertzeko balio baitute liburuek.
Mundua ikusita, badira papera 451 Fahrenheit gradutan erreko luketenak.Edota, egunera etorrita, Interneteko informazioari mugak jartzen dizkiotenak. Bradbury ez zegoen hain oker.
Hizpideak
Irakurtzea, pentsatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu