Hizpideak

Lasaiago eta lasaiegi

enekoitz telleria sarriegi
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Hazkundea gelditu egin da Europako Batasunean eta eurogunean. Kontuz. Eurostaten arabera, BPGa %0,2 hazi da bi eremuetan bigarren hiruhilekoan. Gutxi ei da. Larria ei da. Kontuz. Urteko lehen hiruhilekoan EBko eta euroguneko herrialdeetako ekonomia %0,8 hazi zen. Apirilaren eta ekainaren artean erritmoa moteldu egin zen, ordea, euroaren ekonomia garrantzitsuetan, bereziki. Ekonomia horietako batzuk ez ziren batere hazi, Frantzia adibidez, edo bestela oso modu apalean egin zuten gora, esaterako, Alemaniak (%0,1). Egin beharra dago zerbait. Eta horretarako bildu ziren atzo Angela Merkel eta Nicolas Sarkozy. Egoeraren larriaz ohartuta, konponbide bila, merkatuak lasaitzeko, burtsen kezka arintzeko, elkar hartzeko, konpromisoak berresteko, Europaren gobernabidea bermatzeko... Lasaiago d(g)aude.

Handik hegoalderago, askoz hegoalderago, hitzaren adierarik hegoaldekoenean, ez zen atzo bilerarik izan. Ez atzo, ez gaur, ez bezperan eta ez etzi. Han, Somalian, ez dago BPGari buruzko daturik, ez KPIari buruzkorik, eta arrisku sarian ez dute gorabeherarik izan aspaldian. Down Jones adierazleak ez die eragiten, Nikkei indizeak ere ez, eta ez dute EBZ ezagutzen. Han, hegoalderago, hitzaren adierarik hegoaldekoenean, goseak ari dira hiltzen. Kenyako Dadaab errefuxiatu gunera 1.500 somaliar iristen dira egunean gerratik eta gosetetik ihesi. 420.000 lagun daude jada han pilatuta, eta munduko errefuxiatu gune zabalena bihurtu da jada. Azken 50 urteetako lehorterik gogorrena bizi dute, gobernuak ez du konponbiderik topatzen, Al Shabab milizia islamistak ez du erraztasunik ematen, eta nazioarteak ez du hara bururik jiratzen... Lasaiegi d(g)aude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.