Hizpideak
Lopezen txapelak
Nahiz eta esan ez zuela alderdiko zuzendaritzan kargurik nahi, azkenean idazkaritza bat hartu du Patxi Lopezek. Segituan, bi karguen arteko bateraezintasuna ukatzeko azalpenak eman eta bere eginkizun bakarra Eusko Jaurlaritzako lehendakariarena dela argitu behar izan du, izendapenak zalantzak piztu dituen seinale. Zaila baita azaltzea alderdiko zuzendaritzan eman dioten ardura berriak ez diola denborarik eta arretarik kenduko lehendakari zereginerako. Hain zuzen, Lopez Sevillan zegoela Eusko Jaurlaritzaren arazo ekonomikoak plazaratuz, bi eginkizun horien arteko kontraesana agerian uzten saiatu zen Iñigo Urkullu joan den ostiralean. Kargu berriarekin, Rubalcabak eta Lopezek elkarren beharra daukatela erakutsi dute. Rubalcabak Espainian ongi ikusita dagoen agintari bat behar du barne zatiketak ahuldutako zuzendaritzan. Lopezek estimu injekzio bat eta oihartzuna behar ditu hurrengo hauteskundeetara posizio onean iristeko, eta babesleku bat ere bai espero bezala Ajuria Enetik kanpo gelditzen denerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu