Pello Urzelai.
Hizpideak

Maldan behera

2012ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Joan den azaroaren 20ko hauteskundeetan PPk Espainian lortu zuen gehiengo osoa PSOEren hondamendiaren ondorio izan zen. Zortzi hilabete geroago, argi antzematen da. Egoera ekonomikoa okertzearekin batera, beheraka doa PPren sostengua, oso azkar, azkenaldian inkesta soziologikoak baieztatzen ari direnez. PSOE, aldiz, ahalegin handirik egin gabe, eusten ari zaio hauteskundeetan lortutako portzentajeari. Joera horrek erakusten du PPren gehiengo osoa ez dela oso erreala, edota hareazko zutabeak dituela. Baina PP aldagai hori kontuan hartu gabe jokatzen ari da, nagusikeriaz. Egoera ekonomikoaren kudeaketak dakarkion higaduraz babesteko, propaganda erabiltzen ari da. Atxiloketak eta Hauteskunde Legea aldatzeko egitasmoa multzo horretan sartu behar dira. Bigarrenaren kasuan, kanpaina mediatikoari eman dio lehentasuna. Lehenik, egingarri dela irudikatzeko. Ondoren, alderdi sozialista behartzeko baietza ematera. PSE ohartu da hauteskunde errolda aldatzeko plana Basagoitiri kanpaina egiteko tresna bat dela, baina ez da gai izaten ari jarrera argi bat adierazteko, eta are gutxiago ekinbide horretatik urruntzeko.

Bitxia dena CISen sukaldeko lana da, propagandaren eremuan kokatzekoa. EAJri, apirilean %1eko boto asmoa zuela, % 1,2ko boto aurreikuspena eman zion. Eta uztailean, boto asmo gutxiagoa zuela (% 0,6), boto aurreikuspen handiagoa eman dio (% 1,5). Eta Amaiurrekin kontrakoa egin du. Apirilean,% 0,7ko boto asmoa zuela, %1,3ko boto aurreikuspena eman zion. Uztailean, %0,9ko boto asmoa zuela, % 1,2ko boto aurreikuspena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.